ana galarraga aiestaran
Elhuyar zientzia

Dirudunak jasanezin

2024ko martxoaren 29a
05:00
Entzun

 «Zergatik munduak ezin dituen jasan dirudunak»; horixe dio, hitzez hitz, Nature zientzia-aldizkari ospetsuaren artikulu baten izenburuak. Sarreran bertan ematen du erantzuna: dirudunak garestiegiak dira Lurrarentzat. Horrenbestez, «ekitatea ezinbestekoa da jasangarritasunerako».

Egileak ebidentzia zientifikoetan oinarritu dira baieztapen horiek egiteko. Ematen dituzten datuek ez dute zalantzarako tarterik uzten: 2020-2022 bitartean, munduko pertsonarik dirudunen %1ek munduan sortutako aberastasunaren ia bikoitza bereganatu zuen; eta 2019an gizateriaren bi heren pobreenak isuri zuen karbono dioxidoa adina isuri zuten.

Arrakala ekonomikoaren eta gaitz sozialen arteko erlazioa begien bistakoa da: zenbat eta handiagoa izan dirua dutenen eta ez dutenen arteko aldea, orduan eta hilketa eta preso gehiago, haurren hilkortasun-tasa handiagoa, droga-kontsumo handiagoa... Eta kaltea, beti, betikoen aldean.

Mundu osoan berresten da erlazio hori. Hain zuzen, grafiko batean, zenbait herrialderen kokapena ikusarazi dute, bi ardatzetan: batean, osasuneko, gizarteko eta ingurumeneko arazoen indizea; bestean, arrakala sozialaren indizea. AEBak dira bietan okerren ageri den herrialdea. Haren atzetik dator Israel. Ondoren, Grezia, Zeelanda Berria, Erresuma Batua, Australia, Kanada eta Portugal datoz, hurrenez hurren. Azken horietatik gertu dago Frantzia, non, arrakala soziala hain handia ez izan arren, arazoen indizea altua den. Kontrakoa gertatzen da Espainian: arrakala sozialaren indizea Frantziakoa baino altuagoa da, baina arazoen indize txikiagoa du. Euskal Herria ez da agertzen, noski. Beste grafiko eta neurketa batzuetan bezala, herrialde nordikoak dira ondoen kokatutakoak.

Hau da galdera: klase desberdintasun handiak egoteak gizarteari, oro har, kalte egiten dion bezala, ingurumenari ere egiten dio? Nature-ren erantzuna argia da: bai. Zenbat eta berdintasun handiagoa gizartean, orduan eta emaitza hobeak ingurumeneko bost adierazle hauetan: airearen poluzioa, hondakinen birziklapena, karbono-isuriak, garapena (Nazio Batuen Garapen Helburuen arabera) eta nazioarteko lankidetza.

Artikuluaren egileak ez dira egoera deskribatzera mugatzen; proposamenak ere egiten dituzte. Izan ere, haien esanetan, ebidentzia zientifikoak erakusten du desberdintasuna murriztea funtsezko baldintza dela ingurumen-, osasun- eta gizarte-krisiei aurre egiteko. Funtsezko deritzote politikariek azkar jokatzeari, azken hamarkadetan sortu den gero eta desberdintasun handiagoan atzera egiteko, eta diru-metaketa handiak geldiarazteko. Eta, horretarako, lehen neurria zergak dira; alegia, kutsatzeagatik eta kontsumitzeagatik zerga proportzionalak ezartzea.

Egileen proposamena ebidentzia zientifikoetan oinarrituta dago, eta ondotik egiten dituzten beste proposamenek ere zeharo zentzuzkoak dirudite. Alabaina, zerbait falta zaio artikuluari: nola egin boteredunek proposamen horiek onar ditzaten? Zientziak erantzun diezaioke horri?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.