Gure bizitzan sartu zenetik, adimen artifizialari eguneroko gauzak eskatzen dizkiogu: afaria prestatzeko errezeta bat, astebururako plan bat edo nagusiari bidaltzeko mezu bat. Azkenaldian, gauza konplexuagoak egiten hasi da, eta badirudi birusak idazten ere ikasi duela. Momentuz, lasai egon gaitezke, ez baitu gizakiak infektatzen dituen birusik sortu, bakterioak infektatzen dituzten birusak baizik; bakteriofagoak, hain zuzen.
Bakteriofagoak edo fagoak bakterioek gizakiengan sortzen dituzten gaitz batzuk tratatzeko erabiltzen diren birusak dira. Belauneko edo aldakako protesien ondorioz sortutako infekzioak edo larriki erretako pazienteetan geratzen diren infekzioak tratatzeko erabiltzen dira, besteak beste. Fago horiek infekzioa sortzen duten bakterioetan sartzen dira, eta bakterioak hil egiten dituzte; horrela, infekzioak sendatzen dira. Baina bakterioak fagoekiko erresistenteak bihur daitezke, ezinbestekoa izanik fago berriak topatzea infekzio horiek tratatu ahal izateko.
Horretarako, zientzialariek Evo izeneko adimen artifiziala erabili dute. Evo entrenatzeko, hainbat motatako genomak irakurtzen jarri zuten. Ondoren, ΦX174 bakteriofagoaren genoma eman zioten, eta, horretan oinarrituta, eskatu zioten bakterioak infektatu eta hiltzeko gai izango ziren birusen genomak idazteko. Agindu horrekin, ikertzaileen helburua zen tratamenduei erresistenteak bilakatu diren bakterioak hiltzea. Evok, irakurritakoa —eta ikasitakoa— erabilita, milaka sekuentzia idatzi zituen; naturan existitzen ez diren birusen sekuentziak ziren.Â
Zientzialari taldeak horien artean 300 sekuentzia aukeratu zituen, eta laborategian birusak sintetizatu zituzten; horietatik hamaseik bakterioak infektatu eta hiltzeko ahalmena erakutsi zuten. Eta azken puntu hori oso garrantzitsua da: adimen artifizialak birusen sekuentziak idatz ditzake, baina ezin du jakin sekuentzia horiek benetako birusak sortzeko gai diren; biologoek frogatu behar dute. Punturik garrantzitsuena, ordea, fago artifizialek bakterio erresistenteak akabatzeko erakutsi zuten gaitasuna izan zen.
Aurrerakuntza hori hasiera batean beldurgarria iruditu dakiguke, baina dituen onuretan ere pentsatu behar dugu, tratamendu pertsonalizatu berriak sortzeko aukera ematen baitigu. Etorkizuna ez dago adimen artifizialak biologia ordezkatzean, baizik eta biologiari buruz dugun ezagutza zabaltzean; lortzen ditugun tresna berriak erantzukizunez erabilita, betiere. Genoma bat idazteko gai izateak ez du esan nahi funtzionatzen duen organismo bat sortzeko gaitasuna izatea, eta, zorionez, gaur egun baditugu teknika eta segurtasun neurriak diseinu horiek aztertzeko, probatzeko eta haien erabilera kontrolatzeko.
Beraz, agian ez gara aurrerapen horren aurrean izutu behar, baizik eta dituen aukerak aprobetxatu, eta arduraz erabiltzen ikasi. Azken batean, afari baterako errezeta batekin ez baditugu mahaikideak pozoituko, birus berri baten diseinuarekin ez dugu zertan gizateria akabatu.