Horrela eraikitzen baita ezagutza: batek dakiena besteari transmitituz, eta honek aurrekoena osatuz, eta hurrengoari entregatuz. Giordano Brunorena adibide polita da.
Duela hamabi urte, Jose Ramon Etxebarria Bilbao fisikan doktoreak eta idazleak Giordano Bruno aipatu zidan Elhuyar aldizkarirako egindako elkarrizketa batean. Haren bidez jaso genuen Brunoren istorioa, baita Brunok berak idatzi omen zuen poemaren itzulpena ere. Giordano Bruno, Jose Ramon Etxebarriaren eskutik izenburupean argitaratu genuen aldizkarian, Istorioak atalean.
Istorioan azaltzen denez, teologoa eta filosofoa izan zen Bruno (1548-1600); oso gizon polemikoa. Kopernikoren heliozentrismoa eta Lukrezioren espazio infinituaren ideia defendatu zituen, eta beste hipotesi bat ere bota zuen: eguzkia izar bat zela, eta gainerako izarrak ere inguruan planetak zituzten eguzkiak zirela.
Ideia horiek heresia larria ziren, eta beste asko ere leporatu zizkioten: Hirutasun Santuaren eta Jesusen aurka egitea, Mariaren birjintasuna zalantzan jartzea, fede katolikoaren eta haren ministroen aurka hitz egitea… Sutara kondenatu zuten.
1600eko otsailaren 17an, Bruno lasai agertu omen zen Erromako Campo de’ Fiori plazan. Azken unean ere, apaizak eskainitako gurutzeari musu emateari muzin egin zion, eta bare-bare jarraitu zuen, sugarretan desagertu arte.
Hiltzeko bezperan idatzi omen zuen poematik bertso hauek nabarmendu zituen Etxebarriak: «Ni bezala hiltzea... hori ez da heriotza, ez!/ Horrela hiltzea bizia da: zeuen bizitza, ostera, heriotza». Poema osorik dago Elhuyar Zientziaren webgunean, istorioarekin batera.
Duela hamar egun, ordea, ohar bat gehitu behar izan diogu. Izan ere, Manex Agirre Arriolabengoak, Allenderekin podcastaren 9. atalean, istorioan kontatutakoa zuzendu eta osatu du. Hala dio podcastean: «Giordano Brunok 1600eko otsailaren 17an sutan kiskali aurretik edo aurreko egunetan ez zuen poema hori idatzi eta irakurri. Poema hori apokrifoa da. XIX. mendeko antiklerikalistek eta librepentsalariek Giordano Bruno zientziaren martiri modura kontsakratu nahi zuten, eta, dirudienez, Abilio Manuel Gerra Junqueiro poeta portugaldarrak idatzi zuen, ondoren berari [Brunori] egozteko. Campo de’ Fiorin [Brunoren omenez] eraikitako estatua 1889an inauguratu zuten, Vatikanoarekin gatazka eta eztabaida ugari izan ondoren, eta litekeena da Gerra Junqueirok poema hori estatuaren inaugurazioaren harira idaztea».
Segidan, beste datu bat gehitu du Agirrek: «Brunok zortzi urte pasa zituen ziega batean itxita eta inkomunikatuta, Campo de’ Fiori plazan erre aurretik. Prozesua Roberto Belarmino kardinalak zuzendu zuen. Urte batzuk geroago, 1616an, Galileo Galileiren aurka antzerako bidea egin zuen inkisidore berberak. 1903an eliza katolikoak kanonizatu egin zuen Belarmino».
Paradoxikoki, Dena dakigu izena du Allenderekin podcastaren atal horrek. Ez dakigu dena, ez. Baina ez ditugu galtzen jakin-mina eta ikasteko grina, eta aurretik datorrena zuzenduz eta hurrengoak dakarrena gehituz asetzen ditugu biak. Arazoa, beraz, ez da dena ez jakitea; baizik eta, Belarmino kardinalak eta eliza katolikoak egin zuten bezala, ezagutza ukatzea, eta zientzialariak isilaraztea. Lau mende geroago, oraindik bizirik dago Belarmino bat baino gehiago.