Gezurra badirudi ere, alkohol tanta bat edan gabe mozkortuta egotea gertatu ahal zaie pertsona batzuei. Gaixotasun arraro horri, hesteko hartzidura sindromea edo auto-garagardotegiaren sindromea deritzogu (auto-brewery syndrome, ingelesez). Gaitz hura pairatzen duten pertsonek zorabioa, desorientazioa, buruko lainoa eta koordinazio-galera pairatzen dute. Hau da, mozkor baten sintomak, patatak, pasta edo halako karbohidratoak jateagatik. Badirudi hesteko bakterioak direla horren errudun nagusiak, auto-garagardotegiaren sindromea duten pertsonen hesteetan alkohola sortzeko gaitasuna duten bakterioen kantitatea altuagoa baita.
Gaixotasun arraro gisa sailkatuta dago, munduan ehun kasu inguru ezagutzen direlako, baina, alkoholari lotuta egonda, arazo sozial, familiar eta legalak sortzen dizkie pairatzen duten pertsonei. Askok osasun-zentro desberdinak bisitatzen dituzte, baina edaleak balira bezala tratatzen dituzte han, eta diagnostikorik gabe alde egiten dute. Beste batzuk, berriz, ustez mozkortuta gidatzeagatik epaituak izan dira, edo lanean salatu dituzte alkohol usaina izateagatik. Zenbait adituren ustez, auto-garagardotegiaren sindromea pentsatzen den baino ohikoagoa da, eta gaitzaren inguruko ezagutza urria eta diagnostikorako zailtasunak direla medio, are konplexuagoa bihurtzen da.
Sintomen bila
Gaitz honen inguruan ikerketarik handiena argitaratu dute berriki, zeinean sindromea duten 22 pertsona eta haien bizikideak aztertu dituzten. Ikerketa horretan, konfirmatu dute auto-garagardotegiaren sindromearen sintomak zituzten pertsonen gorozkiek alkohola sortzeko ahalmena zutela, eta etxe berean bizi diren beste pertsonenek, aldiz, oso alkohol kantitate txikiak sortzen zituzten. Hori hestean dauden bakterio jakin batzuen kantitatearekin lotu zuten; gaixoek alkohola sortzeko ahalmena duten bakterio gehiago zituzten hesteetan.Â
Baina zergatik dute desoreka bakterio horien kantitatean? Badirudi antibiotikoak egon daitezkeela horren atzean. Antibiotikoak hartu eta gero gure hesteko mikrobio guztiak desagertzen dira. Bakterioak berriro hasten direnean, oreka ez da berriro lortzen, eta alkohola sortzeko gaitasuna duten bakterio hauek espero baino proportzio handiagoan bueltatzen dira. Gaur egun sindrome honentzako tratamendua existitzen ez bada ere, deigarria da nola pazienteetako bat arrakastaz tratatu zuten mikrobiota transplantea eginez, hau da, pertsona osasuntsu baten gorozkiz betetako kapsulak erabili zituzten horrela galdutako mikrobiotaren oreka errekuperatzeko.Â
Badirudi gure barruan bizi diren milaka milioi mikroorganismo ikusezinek erabaki biologiko garrantzitsuak hartzen dituztela; horien artean, edan ez dugun alkohola sortzea. Agian, batzuetan, parranda ez da kanpoan hasten, barruan baizik.Â