Nerea Osinalde.
Biokimika eta Biologia Molekularra saileko irakasle titularra

Haluzinogenoak, minbiziaren aurka

2026ko irailaren 25a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

1990eko hamarkadan, platinoan (Pt) oinarritutako konposatuen erabilerak benetako iraultza eragin zuen onkologia munduan. Agente horiek, DNAn kalteak eraginez, tumore zelulen ugalketa geldiarazteko gai zirela frogatu zuten. Ordutik, cisplatinoa, karboplatinoa eta oxaliplatinoa funtsezko farmako bihurtu dira, obulutegiko, barrabiletako, birikietako, maskuriko eta koloneko minbiziak tratatzeko, besteak beste. Horien eraginkortasunari esker, minbizi mota horiek dituzten pazienteen pronostikoa nabarmen hobetu da. 

Hala ere, tratamenduarekiko erresistentzia eta Pt-arekin lotutako toxikotasuna —neuropatia periferikoa, bereziki— erronka garrantzitsuak dira oraindik. Izan ere, kalkulatu dute Pt-an oinarritutako kimioterapia hartzen duten pazienteen %60k, albo kalte gisa, neuropatia garatzen dutela.

Neuropatia periferikoa nerbio periferikoak kaltetzen direnean gertatzen da; hau da, garuna eta bizkarrezur muina gorputzeko gainerako atalekin lotzen dituzten nerbioek kalteak jasaten dituztenean. Horrek ziztadak, inurridurak, erredura sentsazioa eta mina edo hotzarekiko sentikortasun handia sor ditzake, eskuetan eta oinetan, batez ere. Gainera, zenbait kasutan, kimioterapia tratamendua amaitu ostean ere neuropatiak luze iraun dezake. Sintoma horiek, pazientearen ongizate fisikoan ez ezik, ongizate psikologikoan eta bizi kalitatean efektu negatiboa dute.

Gaur egun ez dago Pt-aren konposatuek eragindako nerbio kalteak berariaz lehengoratzen dituen tratamendurik. Jarduera fisikoaren bidez neuropatia prebenitzen saiatzen dira; eta, neuropatia garatzen bada, sintomak arintzen. Baina, berriki, itxaropenerako atea zabaldu da perretxiko haluzinogenoen eskutik. 

Psilozibina modu naturalean 200 perretxiko espezietan baino gehiagotan agertzen den konposatu kimikoa da. Organismoak psilozibina psilozina bihurtzen du, eta azken konposatu hori da efektu psikodelikoen erantzule nagusia. K.a. 3500. urtearen inguruan, Antzinako Mesoamerikan psilozibina duten perretxikoak erabiltzen zituzten, haien efektu haluzinogenoak ezagutzen baitzituzten. Egun, Psilocybe cubensis da espezie ezagunenetako bat, haren psilozibina edukiagatik, eta eragiten dituen efektu psikodelikoengatik. 

Duela gutxi, saguekin egindako esperimentuetan, ohartu dira kimioterapia hasi aurretik psilozibinaren bi dosi emanez gero saguek ez dutela neuropatiarik garatzen, eta, aldi berean, kimioterapiaren eraginkortasuna bere horretan mantentzen dela. Horrez gain, azken hamarkadan, psilozibina ikertzen ari dira depresioaren aurkako tratamendu posible gisa. 

Minbizia duten paziente askok depresioa ere pairatzen dutela kontuan hartuta, ikertzaileen arabera psilozibinak onura bikoitza izango luke: osasun mentala babestea eta neuropatia ekiditea. Lortutako emaitzak hain itxaropentsuak izan dira, ezen 2026ko azaroan bularreko eta koloneko minbizia duten pazienteekin lehen saiakuntza klinikoak hasiko baitira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA