Elikadura. Eko-tik

Haragi osasuntsua, animaliak ondo zainduta

2013ko martxoaren 23a
00:00
Entzun
Nire aitona-amonak gazteak zirenetik, gauza asko aldatu dira. Orokorrean bizimodua aldatu da, eta elikadura ez da aldaketatik kanpo geratu. Gogoan dut txikitan jatorduetan jan beharrekoarengatik protestan hasten ginenean erantzun ohikoak zirela «gure garaian ez zen halakorik» edo «nabari da goserik ez duzuela pasa». Eta, egia esanda, orduan bai jaten zutela garaian garaikoa eta bertakoa, nahiz horretarako arrazoi nagusia izan besterik ez zegoela. Garaian garaiko barazki eta fruta freskoak bere garaian gordetako babarrun, arto, patata, tipula eta gariarekin bat eginda osatzen zen menua. Haragia ospakizunetarako eta igandeetako gutizia zen, gutxi zegoelako edo garestia zelako; astegunetako salbuespena txerri urdaia izaten zen.

Ospakizunetarako eta iganderako gordetzen zen haragia, jatordu bereziak egiten diren egunetarako. Haragia jatea aberastasun seinale zen, eta, hala, gizartea aberastuz joan zen bitartean, haragi eskaria eta kontsumoa handituz joan zen, gaur egun egunero haragia jatea ohiko egin den arte. Baina nola liteke lehen herritar gutxiago izanda eta gutxiagotan janda elikagai urria izatea, eta orain, egunero janda, eskaintza nahikoa izatea?

Zer egin dugu eskaintza handitzeko, eta, gainera, haragia prezio baxuan lortzeko? Lehenik eta behin, animaliak larreetatik atera eta ukuiluetan sartu ditugu, eta belar nahikoa ez dagoenez, denak elikatzeko kanpotik ekarritako aleez baliatzen gara abereak gizentzeko. Baserriak intentsifikatu egin dira, ekoizpena eta lur baliabideen arteko lortura apurtuz.

Ez dut esan nahi bat-batean haragia eta abeltzaintzako produktuak jateari utzi behar diogunik. Edozein elikagairekin bezala, haragia erostera joaten garenean geure buruari eta, noski, harakinari, galde diezaiogun ea nondik datorren, nola hazi den edo zein baldintzatan, bultzatuko dugun abeltzaintza eredua oso ezberdina izango delako. Aske eta baldintza egokietan egon diren abereak, haien hazte erritmoa errespetatuta; lan egiteko era hori duten abeltzainen produktuak eska ditzagun.

Gaur egun elikadura aldatu eta zaintzen hasten diren askok jotzen dute abeltzaintzatik eratorritako elikagaiak baztertzera. Baina, nire ustez, horretan, beste gai askotan bezala, oreka eta neurria da gakoa. «Jaten duguna gara», esaten da gizakiongatik; bada, gauza bera gertatzen da abereekin ere: bizimodu eta elikadura osasuntsuak badituzte, esne, arrautza, haragi osasuntsuak emango dizkigute, eta horiek neurrian janez, gu ere osasuntsu egongo gara.

Nekazaritza ekologikoaz edozein zalantza edo galdera izanez gero:

Biolur-Gipuzkoa Nekazaritza Ekologikoaren Aldeko Gipuzkoako Elkartea.Tel.: 943-76 14 47

[email protected]

ENEEK - Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseilua.Tel.: 902-54 01 65

[email protected]
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.