Astebururako zeregin erakargarriren baten xerka, ETB2ko Un plan perfecto saioaren estreinaldia ikustea deliberatu nuen ostegun gauean. Akats larria. Ideiaren bat eman baino, edozein plan egiteko gogo guztiak uxatu zizkidan. Beste behin, betikoa: Donostiaren gaineko topiko guztiak eta gehiago ordubete iraun zuen ikus-entzunezko lan batean. Erabaki dut penitentzia: ez naiz sofatik altxako hurrengo 48 orduetan.
Egia esatera, halere, harritu ninduen ETB2ko saio berria Donostian hasteak. Lekutan geratu da garai batean ezker abertzaleari euskal telebistan egiten zitzaion boikota. Baina, tira, zentzu apur bat ere badu: ETBk Bilbori eskainitako publirreportajeak konpentsatu behar ziren. Donostia, «una de las ciudades con playa urbana más bella del mundo». Donostia, «un lugar diseñado por y para el hombre». Hiria erakutsi ziguten gonbidatu ilustreen artean zeuden, adibidez, Manu Maritxalar, Begoña Ameztoy edota aste honetan aipatutako Alex Ubago independentista. Ez, ez barrerik egin. Zalantzarik balego Ubagoren jaidura politikoaz, hara: Gudamendin elkartu ziren grabaketarako. Eta azken froga bat: Donostiatik ezer aldatuko lukeen galdetuta, ez zuen alkatea aipatu.
Tira, alde horretatik, askoz ere plan kitzikagarriagoa iruditu zitzaidan asteazken gauean ETB1ek iradoki ziguna: egun pare bat iragaitea Niko Etxart handiaren konpainian. Tumatxa. Eta ez soilik —edo, ez batez ere— erakutsi ziguten geografiagatik, Niko Etxart handiagatik beragatik baizik. Azken batean, gizakiak betetzen baitu zentzuz ezein geografia. Eta Fermin Etxegoienek Xalbadorrez esan zuena, berdin betetzen baita hemen: Niko Etxart da bestea, zer garen, eta zertan, erakusten diguna. Eta ez soilik identitate nazionalari dagokionez. Saioak balio izan zuen, gainera, Euzkitzeren u dieresidunek behin eta berriro belarriak zulatzeko, Etxarten musika Jimmy Hendrix eta Etxahun Iruriren artean kokatzeko, jakiteko whiskia bezainbat maite duela Ahuzkiko ura. «Biba Xiberua!» folkloriko bat jaulki zion hondarrean Euzkitzek agurtzeko. Luze egin zitzaizkidan bi segundoko tarte baten ondotik, berriz, arrapostu egin zion Etxartek: «Biba gu!» Eta ispilu deformatzaile baten gisara itzuli zigun irudia.

Komunikazioa. Ekografiak
Ispilu deformatzailea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu