Badakigu emakumeon osasunari buruzko ikerketa urteetan alde batera utzi dela. Aurreko zutabean hilerokoari buruz aritu ginen, eta oraingoan are eta arreta eskasagoa jaso duen emakumeon etapa bati buruz hitz egingo dizuet: menopausia. Hutsune hau agerian utzi zuen duela hilabete batzuk Elikagaien Segurtasuneko eta Nutrizioko Espainiako Agentziak (AESAN) argitaratutako txosten batek: menopausian dauden emakumeentzako elikadura gomendioak jaso zituen, burdinaren eta C bitaminaren inguruko erreferentzia batzuk gizonezkoekin egindako ikerketetan oinarrituta. Emakumeen behar espezifikoei buruzko daturik ez zegoenez, gizonezkoen datuak erabili omen zituzten, eta hori ez zen txostenean behar bezala adierazi. Emakume Ikertzaile eta Teknologoen Elkarteak (AMIT) jarritako salaketari esker, agentziak dokumentua berrikustea erabaki zuen.
Adibide horrek agerian uzten du emakumeon gorputzak eta bizitzako etapak ez direla beti behar bezala aztertu. Baina horrek ez du esan nahi menopausian elikadurak duen eragina ikertu ez denik. Aurten argitaratutako berrikuspen sistematiko batek hamabost saiakuntza kliniko eta ia 2.000 emakumeren datuak bildu ditu, elikadura aldaketek menopausiako sintometan duten eragina aztertzeko. Sojan oinarritutako esku hartzeek beroaldien maiztasuna eta intentsitatea murriztu ditzaketela iradoki dute, eta beste dieta eredu batzuek umorean edo funtzio kognitiboan izan ditzaketen onurak ere aztertu dituzte.
Elikadura gomendioak menopausiaren inguruan sortu den eskaintza zabalaren adibide bat besterik ez dira. Dietez eta osagarriez gain, hormona oreka berreskuratzeko produktuak, zahartzeari aurre egiteko tratamenduak eta sintomak desagerrarazteko promesak ere ugaritu dira. Menopausia, hamarkadetan isilarazia izan den etapa, merkatu eta negozio aukera bihurtzen ari da gaur egun. Eta horrek badu bere arriskua: emakumeak berriro ere beren gorputza etengabe kontrolatzera eta zuzentzera bultzatzen ditu. Badirudi etapa hori beroaldirik gabe, pisurik hartu gabe, giharrik galdu gabe eta betiko errendimenduari eutsiz igaro behar dugula.
Eta horrekin ez dut esan nahi menopausiako sintomak gutxietsi behar direnik. Emakume bakoitzaren egoerara egokitutako arreta behar da, eta horretarako, osasun sistemak prest egon behar du. Emaginek bereziki, funtsezko zeregina dute emakumeon osasunaren eta fisiologiaren inguruko informazioa emateko, sintomak identifikatzeko, zalantzak argitzeko orduan, eta, behar denean, beste profesional batzuengana bideratzeko orduan. Gurekin duten harreman estuari esker, menopausiari buruzko informazioa eta laguntza eskaintzeko erreferenteak dira. Ezinbestekoa da, beraz, euren lana aitortu, eta menopausiari buruzko etengabeko prestakuntza eta baliabide egokiak bermatzea.
Prestakuntza horrek, gainera, ikerketa berrien emaitzak ezagutzea eskatzen du. Ikerketa berriek menopausiaren ondoren obulutegietan zer gertatzen den aztertu dute. Berriki argitaratutako bi ikerlanen arabera, menopausiaren ondoren ere obulutegietako ehunek zelula mota anitz dituzte, eta, zahartuz goazen heinean, aldaketa molekularrak jasaten dituzte. Hanturarekin, immunitate sistemarekin eta ehunen berrantolaketarekin lotutako prozesuak identifikatu dituzte, baita emakumeen ugalketa historiak obulutegian uzten dituen arrastoak ere. Ikerketa horiek agerian uzten dute menopausia ez dela ugalkortasunaren amaiera hutsa, baizik eta ulertu eta ikertzen jarraitzeko etapa miresgarri bat.