Ikerbasqueko ikertzailea BC3n

Klima zientzia, Europako eta munduko osasun publikorako gakoa

Manuel Franco
2026ko azaroaren 27a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Osasun Publikoaren Europako Kongresua 19. aldiz bildu zen Bilbon azaroaren 10etik 13ra. Arrakasta erabatekoa izan zen; aste horretan 80 herrialdetako 3.081 pertsonak parte hartu genuen herritarren ekitaldietan, bilera zientifikoetan, osoko bilkuretan, mahai inguruetan eta emaitza espezifikoen aurkezpen zientifikoetan.

Hiri sinergiak eta sinergia globalak: osasun publikoaren etorkizunari forma emanez, erresilientzia klimatikoaren, ekitatearen eta berrikuntzaren bidez lelopean, biltzarrak egungo hainbat erronkari heldu zion. Desafio horiek muga nazionalak gainditzen dituzte, eta ikuspegi global batetik eta erantzun koordinatuen bidez aurre egin behar zaie.

Mundu osoko ikerketa zentroetako eta unibertsitateetako zientzialariek, erabakitzaile politikoekin eta hainbat gobernu mailatako administrazioekin batera, kongresuko gai nagusiak landu zituzten irekitze ekitaldian, osoko bortz saiotan eta itxiera ekitaldian. Parte-hartze zientifikoen maila aparta izan zen, eta gai hauek jorratu zituzten: klima krisia eta osasuna Latinoamerikako hiru mila hiritan baino gehiagotan; tokiko osasun komunitarioko prozesuak Elx hiriko (Herrialde Katalanak) auzo pobretuetan; klima krisiari aurre egiteko ekintza globalak; osasun sistematik emandako erantzunak; hiriak osasunaren katalizatzaile eta babesle gisa; ekitatea hirietatik eta landa mundutik; eta hirigintzaren bidez ekitea.

Zientziaren eta herritarren arteko lotura nonahikoa izan zen konferentzian, azaroaren 11ko greba orokorrak kongresuarekin kointziditu baitzuen, eta agerian utzi baitzuen etxebizitzaren eta zerbitzu publikoen krisiak gure herritarren osasunarekin duen lotura zuzena. Ezagutza herritarrei transmititzeko, kongresuak Zientzia eta Herritarrak deituriko publikoari irekitako lau ekitaldi egin zituen. Horiei esker, Bilboko herritarrekin, hirugarren sektorearekin, eta tokiko teknikari eta erabakitzaile politikoekin hitz egin ahal izan genuen gure hirietako osasunarentzat garrantzitsuak diren gaiei buruz; bertzeak bertze, klima aldaketari buruz, migrazio prozesuei buruz, preskripzio sozialari buruz eta mikrobioen aurkako erresistentziei buruz.

Aurten, konferentziak bi mugarri garrantzitsu gainditu zituen: batetik, batzorde zientifikoak inoizko proposamen zientifiko gehien jaso zituen; bertzetik, ikertzaile gazteen eta osasun publikoko profesionalen parte-hartzea orain arteko handiena izan zen, Europan osasun publikoarentzat etorkizun ona izanen dela iragarriz. 

Lehendakariarengandik eta Osasun sailburuarengandik hasita, hainbat udaletako erabakitzaile politiko eta teknikarienganaino, nabarmendu zuten garrantzitsua dela ebidentzia zientifikoa hiri politiketara ahalik eta bizkorren eta eraginkorren eramatea.

Konferentziak arrakasta izugarria izan du zientzian, administrazioan eta politikan, eta balioko du lanean jarraitzeko etorkizunean lehentasuna izan dadin pertsona guztien osasuna babestea, klima eta gizarte erronken aurrean.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA