Irati Diez
Biologoa

Kontzientziak pizten jarraitu behar

2026ko urriaren 30a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Aurreko astean Science aldizkarian argitaratutako saiakera batek hala zioen: «Zientziak azaltzen du zer egin behar den planeta salbatzeko; arteak, berriz, ulertzen laguntzen digu zergatik salbatu beharko genukeen».

Proba bat egingo dugu: hurrengo bi esaldiak gai beraren ingurukoak dira. Ondorioztatu bietako zeinek pizten dizkizun sentimendu indartsuagoak.

Lehena: «Muxar grisaren populazioak behera egin du azken urteetan. Animalia honek zuhaitz hostoerorkor helduak behar ditu bizitzeko, eta halako zuhaitzez osaturiko basoen gutxitzea da espeziea arriskuan jarri duen faktore nagusia».

Bigarrena: «Entzun, entzun nire dolu kantua; azken muxarraren testamentua. Lasai bizi ginen egun beltz batean, bi hankako piztia sartu zen artean. Zalaparta biziz egin zuen lana, udazken bakar batez biluztu harana. Ahal zuenak ihes, gehientsuenak hil, geroztik Leitzaranen ni bakarrik nabil».

Zer iruditzen? Lehen paragrafoak muxar grisaren populazioaren egoera azaltzen du, eta beherakada horren arrazoi nagusia ematen du. Bigarrena, berriz, 1989an Ganbara musika taldeak argitaratutako abesti baten zatia da, Leitzarango autobia eraiki ostean, bailara horretako azken muxar grisa protagonista duena. Bi mezuetan ondorioa bera da, baina bata faktikoa da, eta bestea poetikoa.

Zientziak azaltzen du zer gertatzen den, zergatik, eta zein ekintza izan daitezkeen eraginkorrenak egoera bati aurre egiteko. Arteak, ordea, beste erronka bati hel diezaioke: pertsonen emozioak, irudimena, memoria eta enpatia piztu ditzake, eta natura kontserbatzeko gizartearen borondatea indartzen lagun dezake.

Zenbat denbora daramagu klima aldaketari buruz hitz egiten? Zenbat ikuspuntutatik kontatu da klima aldaketa? Zenbat datu irakurri eta entzun ditugu? Zerbaitetarako balio izan al dute?

Hainbat inkesta eta azterketaren arabera, bai; gizartearen kontzientzia handitzeko balio izan du. Nazio Batuen Erakundeko Garapenerako Programak 2024an egin zuen inoiz egindako klima aldaketaren inguruko iritzi publikoari buruzko inkesta zabalena. 77 herrialdetako 73.000 biztanlek baino gehiagok parte hartu zuten. Inkestatuen %53 aurreko urtean baino kezkatuago zeuden klima aldaketaren ondorioen inguruan. Beste datu interesgarri bat ere ondorioztatu zuten: munduko biztanleen %89k nahi zuten gobernuek neurri klimatiko gehiago, eta zorrotzagoak, hartzea.

Ziurtzat jotzen da klima aldaketari aurre egiteko biztanleriaren kontzientzia handitu behar dela, eta hala izan daiteke, agian. Gizarteak hauteskundeetan erabakitzen du, hein batean, krisiari aurre egiteko zer estrategia erabili nahi duen. Batzuek oraindik zalantzan jartzen dute krisia egiazkoa den ala ez.

Ebidentziek eta ebidentziarik gabeko baieztapenek pisu bera duten bitartean, bai, kontzientziak pizten jarraitu beharko dugu.

Agian, nahikoa litzateke gauzak benetan aldatzeko aukera dutenek zientziak dioenari jaramon egingo baliote.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA