Ane Muñoz.
Maratila

Munduko onenen artean

2014ko maiatzaren 2a
00:00
Entzun
Munduko lehenak, txikienak, aurreratuenak, ederrenak, euritsuenak, pobreenak, Munduko alkate onenak, Mund... jesus, ze obsesioa. Ezinezkoa da-eta munduko «gehiena» zein den jakitea. Zertan gabiltza?

Aste honetan, munduko jatetxe onenen aukeraketa izan da. Eta zer esango dizuet entzun ez duzuenik? Baietz, Restaurant aldizkari britainiarrak munduko sukaldari onenen artean gureak hautatu dituela berriro, eta zorionez Azurmendikoak ere sartu direla lehenengoz urrezko zerrendan. Chapeau gure sukaldaritza, beti hor goian, gailurrean. Eta gu kontent.

Ba hori gutxi bazen, orain beste aditu batzuk munduko bazter ederrenak aukeratzeko bildu dira, bidaiei buruzko webgune britainiar arrakastatsu batek eskatuta. Eta nonbait horiek ere gugan jarri dituzte begiak. Munduko hondartza gune onenen aukeraketan, mundu osoko (oso-osoko!) ederrenetan bigarrena Donostiako hondartza-multzoa izendatu dute. Ein? Haien ustetan, Zurriola, Kontxa eta Ondarreta ederragoak dira Maldivetako, Polinesiako edo Karibeko edozein hondartza baino.

Argi dago izugarri politak direla eta xarma nabarmena dutela, baina mundu... Mundua hain zabala izanik, ez dakit. Benetan hala ikusten dute webgunearen inkestan parte hartu duten nazioarteko adituek? Bigarrenak, Thailandiako Krabi zoragarriaren atzetik eta Jamaikako Treasure Beach paregabearen aurretik? Deskuido batean etorkizuneko kantariren bat aberastuko zaigu Ipanemakoaren pareko Zurriolako poxpolinari abesten jarrita. Begira ze gauza polita, hori da grazia, uretara doan poxpolin horrena...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.