Ez; izenburukoa ez da egilearen edo zuzentzailearen hutsegitea. Nahita dago nabarmenduta AR, adiera hau azpimarratzeko: sexu bereizketa binarioan, espermatozoideak sortzen dituen kategoria; alegia, pribilegioak dituena. Eta argi dago Nobel sarietan kategoria horretako kideek aukera handiagoa dutela aitortza jasotzeko.
Etsigarria bihurtu da zientzietako Nobel sariei jarraipena egitea. Aukera ona dira zientziaren aurrerapenak gizarteratzeko, baina ez dituzte islatzen ikerketa munduaren balioak, inondik inora ere. Izan ere, frogatuta dago zenbat eta dibertsoagoak izan ikertaldeak (sexu/generoa, adina, espezializazio arloa, etnia, jatorria, gaitasunak…) orduan eta esanguratsuagoak direla emaitzak, eta jende gehiagori egiten diotela mesede.
Hala, gaur egun, ohikoa da ikertaldeak diziplinartekoak eta nazioartekoak izatea, eta, arlo askotan, genero desoreka ez da garai batean bezain nabarmena, nahiz eta oraindik badauden erabat maskulinizatutako esparruak; hala nola Fisika eta zenbait ingeniaritza. Horrez gain, ikertaldeak dibertsoak izan arren, haien zuzendariek Ipar Globaleko gizon zuriak izaten jarraitzen dute, oro har. Eta, AEBetan, adibidez, genero disidenteek lehen baino are diskriminazio handiagoa jasaten dute azkenaldian.
Nobel sariek, erreferenteak sortzen dituzten heinean, diskriminazioa normalizatzen eta betikotzen laguntzen dute. Aurten, zientzietako hiru kategorietan (Fisiologia edo Medikuntza, Fisika eta Kimika) sei pertsona saritu dituzte, eta seiak Ipar Globaleko gizonak dira.
Hala ere, horren barruan, egon da aldaketa txiki bat, lau saritu europarrak baitira, bat estatubatuarra, eta bestea japoniarra. Bigarren Mundu Gerrara arte europarrak ziren arren Nobel saridun gehienak, orduz geroztik estatubatuarrak gailentzen joan ziren. Horrela, azken urteetan, nabarmena izan da AEBetan garatutako zientziaren nagusitasuna Nobeletan. Ikertzaileak beste nonbaitekoak izan direnean ere, AEBetan egin izan dituzte ikerketak. Oraingoan, aldiz, lau saritu horiek, europarrak izateaz gain, Europan bertan aritu dira ikertzen.
Alfred Nobelen borondatea kontuan hartuta, agian zuritu zitekeen Nobel Akademiaren erabakia beti profil bereko ikertzaileak saritzeko. Batetik, Alfred Nobelek «gizateriari ekarpenik handiena» egin zioten pertsonak saritzea agindu zuen. Eta egia da aurten saritutako aurrerapenak nabarmentzeko modukoak izan direla: optogenesia, neutrinoen detekzioa, eta molekula organikoen asimetria.
Baina, bestetik, Nobel Fundazioak berak adierazi izan du bere atsekabea emakumeen gabeziarengatik sarituetan, eta komite hautatzaileek neurriak ezarri dituzte berdintasuna sustatzeko. Adibidez, 2019tik, hautagaiak aurkeztean berariaz eskatzen zaie kontuan izateko generoa, jatorria eta ikerketa arloa. Hori bai, uko egin diote kuotak jartzeari. Eta gero, «urteten jake urteten jakena».