Udako proposamenak

Pipermin zaporeko festa

Murillo el Fruto piperminez beteko da gaur, bigarren aldiz. Egun osoan askotariko ekintzak egingo dituzte piper mota horren inguruan.

Pipermin dastaketa, iaz, Murillo el Fruton, Nafarroan. MURILLO EL FRUTOKO UDALA
Pipermin dastaketa, iaz, Murillo el Fruton, Nafarroan. MURILLO EL FRUTOKO UDALA
2025eko uztailaren 19a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Piperminaren Eguna aproposa da jaki berriak dastatzeak paraxutean edo errusiar mendian ibiltzeak adinako zirrara egiten dienentzat. Izan ere, gaur Murillo el Fruton (Nafarroa) aukera izango da pipermina ozpinez ondua, frijituta edota beste hainbat jakirekin probatzeko.

Era berean, zorte jokoak atsegin dituztenek modalitate berri batean parte hartu ahalko dute: karta pipermina da, eta hura urratzeko txanpona, ahoa. Pikantezaleen artean, piper minena duenak irabaziko du. Silvia Atxaga Murillo el Frutoko lehenengo alkateordearen arabera, pikantea jasaten ez dutenek abantaila handia izango dute; iazko Piperminaren Egunean piper «gutxi batzuk» besterik ez ziren pikante suertatu.

Saratxagak azaldu du «aspaldikoa» dela piperminari eskainitako egun bat egiteko ideia; aurreko udaletan ere pentsatu zuten egitea, baina iaz izan zuten lehenengo aldia.

Antolatzaileak nabarmendu du «historian pipermin ekoizle nagusietako bat» izan dela Erriberriko Merindadeko herri hori, eta tokiko produktu horri «ikusgaitasuna» emateko balio duela gaurko egunak. Nolanahi ere, Saratxagak esan du iaz pipermin ekoizpena «jaitsi» egin zela, eta aurten ere bere horretan jarraitzen duela.

Festa horren garrantzia piperminaz harago doa. «Murillo el Fruto mapan kokatzea nahi dugu», azaldu du alkateordeak. Are, beste herrietako jendea bertara gerturatzera animatu du: «Besoak zabalik jasoko zaituztegu».

Iazko aldiak «oso harrera ona» izan zuen, eta herritarrek Piperminaren Eguna tradizio bihurtu eta egunkarian finkatzeko eskatu zioten Udalari. Saratxagaren esanetan, «eragozpen bakarra» beroa izan zen, jende askok atzera egin baitzuen. Dena dela, argitu du aurten aterpe bat jarriko dutela jendea eguzkitik babesteko. 

Egun osoko egitaraua

10:00etatik 14:00etara, Eco-creaciones con la Huerta (Eko-sorkuntzak baratzearekin) tailerra egongo da La Pista parkean. Bertan, aukera izango da landarez egindako pinturekin margotzeko eta barazkiekin ingurumenari buruz gehiago ikasteko. Adin guztietako jendeari dago zuzenduta.

10:30ean, artisauen azoka egongo da udaletxeko plazan, eta tokiko produktuak egongo dira salgai. Ordu berean, Rabiosa eta Petanka lehiaketa egongo da Los Pinos kalean. Kale horretan bertan,11:00etan, erakustaldi bat egingo dute jendeak ikus dezan idiekin lurra nola lantzen duten.

12:00etan, udaletxe plazan, Sara Sanjuan nutrizionista elikadura osasuntsua izatearen garrantziaz arituko da, betiere pipermina hizpide izanik. Bitartean, Vicente Ursua sukaldariak jendearen aurrean kozinatuko du.

Musika ere ez da faltako: goiz osoan, Altobarrio Band txaranga arituko da kaleak alaitzen; 13:00etan, Jota de Huarte elkarteko lagunek abestuko dute udaletxeko plazan; 17:00etan, Bakanes musika taldeak kontzertua emango du.

Udaletxeko plazan pipermin pintxoak egongo dira salgai. Edariak eta pintxoak, biak batera, bi euroan. Gainera, taberna bakoitzak pintxo berezi bat prestatuko du. Saratxagak aurreratu du «errezeta berritzaileak eta interesgarriak» prestatuko dituztela.

Gaur Murillo el Frutora bildu aurretik jakitekoa komeni den kontu bat: pipermin pikanteenek forma bihurri eta zorrotzagoa izaten dute. Gainera, haien kolorea biziagoa da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.