Ane Muñoz.
Maratila

Sorgin ehiza

2014ko maiatzaren 23a
00:00
Entzun
Bi egun igaro dira freskagarri yanki aipaezin horren iragarkia pantailetatik desagerrarazi zutenetik, eta dagoeneko ia dena esanda badago ere, ez nuke nahi gertatutakoa besterik gabe anekdota hutsean geratzea, atzean utzi eta ahanztea. Onartezina baita milaka euro / dolar kostako zen bideotzar hori bat-batean zakarrontzira botatzeko erabili duten aitzakia.

Ez dute, ez, edukiagatik kondenatu. Izan ere, ditxosozko edari inperialistaren ohiko iragarkien neurrira egina, nahikoa inuzentea zen, samurra eta politikoki zuzena. Sinestea zaila bada ere, aktore batengatik bota dute atzera. Ein? Gotzon Sanchezen partaidetzagatik? Ez da posible.

Antza denez, aktorearen presentzia biktimentzat iraingarria zelakoan gainera bota zitzaizkien, eta iragarle kakatiek, burua makurtuz, «bai, bwana». Akabo, kontsumitzaileek ez dute iragarki hori gehiago ikusiko. Baina zer egin du Gotzonek salatzaile obsesionatuok horrela mindu eta iragarleek bideoa derrepentean desagerrarazteko? Azken finean, bera aukeratu bazuten, rol hartarako aproposena iruditu zitzaielako izango zen. Baina, jakina, ez ziren jabetu aktore ona izateaz gain abertzalea eta giza eskubideen aldarrikatzaile aktiboa dela, publikoki traba egiten duten horietakoa.

Argi dago oraingoan ere garia eta garizuma nahasten dabiltzala. Lotsagabeak. Esan, inork ikertu al ditu, badaezpada, konpresen iragarkietako neskak? Inori axola al dio Clooney kafezaleak zer bozkatzen duen? Pertsekuzio honekin jarraituz gero, zera, zineman ere laster aktoreen bizitza pertsonalak banan-banan ikertzen hasiko zaizkigu, eta kontuz, gero ez ote diguten eskatuko Gotzon azaltzen den film guztiak merkatutik erretiratzeko. Txoratu egin gara?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.