Haize Berri aisialdi elkartea 2025. urteko urtarrilean sortu zen, desgaitasunen bat duten gazteekin lan egiteko helburuarekin. Leire Uribesalgok (Eskoriatza, Gipuzkoa, 2000) beste hiru lagunekin batera jarri zuen abian proiektua. Egin berri dituzten urratsetako bat da egitasmoa Fagor Taldeak antolatzen duen Fagor Herrigintzako diru laguntzetara aurkeztea, eta hiru onenen artean sailkatu dira.
Fagor Herrigintzako diru laguntzetan hiru onenen artean sailkatu zarete. Zein dira hemendik aurrera egin beharreko urratsak?
Orain, Fagor Taldeko Kooperatibetako bazkide direnek botoen bitartez aukeratu beharko dute zein izango den irabazlea.
Bazkide horiengana iritsi nahiko duzue orain, botoa Haize Berriri eman diezaioten...
Hori da. Ahalik eta jende gehienarengana heldu nahi dugu, Haize Berri zer den jakin dezaten —bertako parte hartzaileak zein familiak—. Izan ere, ikusten da aniztasun funtzionala dutenen aisialdia babes gutxi duen esparru bat dela oraindik ere. Diru laguntza horietara aurkeztuta, proiektua ezagutarazteko aukera dugu; gainera, gure eskualdean, Debagoienean. Fagor Taldeko Kooperatibetako bazkideen laguntza behar dugu orain, poliki-poliki gizartea eraldatzen jarrai dezagun.
Zertan datza Haize Berri?
Gizartean dagoen behar bati erantzuteko sortu genuen Haize Berri. Aniztasun funtzionala duten gazteekin lan egiten dugu, eta haien interesekoak diren ekintzak eramaten ditugu aurrera —kulturalak, kiroletakoak, natura esparrukoak...—. Hau da, Euskal Herriko edozein lagun taldek egingo lituzkeen ekintzak antolatzen ditugu.
Zergatik da garrantzitsua gazte horientzako aisialdi talde bat sortzea?
Beti azpimarratu nahi izaten dugu saiatzen garela gazte horien talde identitatea garatzen, eta talde baten parte sentitzeko aukera sustatzen ahalegintzen garela. Ikusten dugu aniztasun funtzionala ez dutenek errazago dutela lagun talde bat izatea, eta gure gaztetxoek, berriz, askotan ez dute aukera hori izaten.
Debagoieneko gazteekin lan egiten duzue.
Hala da. Egia da aisialdi taldeak parte hartzaileengan dituen onurak ikusita gustatuko litzaigukeela Euskal Herri osora zabaltzea. Gure ametsetako bat da hori.
Zein da parte hartzaileen adina?
Uste dugu adina zenbaki bat besterik ez dela; zabalik dago Debagoieneko edonorentzat. Hainbat adinetako jendea etortzen da: 10 urtetik 25 urtera bitartekoak. Gizarteak behar bat du: aniztasun funtzionala duten gazteei zuzendutako aisialdi taldeak egotea, aisialdia denon eskubidea baita.
Urtean hamaika ekintza egiten dituzue. Zeren arabera antolatzen dituzue?
Gero eta parte hartzaile gehiago ditugu. Ikasturte honetan, esaterako, 43 ditugu. Hori dela eta, beste modu batera antolatzen hasi gara. Iaz, hilabetean behin ekintza bat antolatzen genuen. Aurten, berriz, hilabeteko asteburu batean ekintza jakin bat antolatzen dugu —larunbatean zein igandean—. Horrela, gazte gutxiago izango ditugu taldeetan, eta guk eskain diezaiekegun zaintza eta gertutasuna handitu egingo da.
«Familien laguntzarik eta babesik gabe, Haize Berri ezingo litzateke aurrera eraman; haientzat arnasgune bat da»
Non egiten dituzue ekintza horiek?
Batzuetan, eskualdean bertan geratzen gara, eta beste batzuetan, berriz, Euskal Herrian barrena mugitzen gara. Uste dugu oso garrantzitsua dela pertsona horiek ere esperientzia ezberdinak bizitzea, sentitzea, eta bertatik ikastea.
Zer-nolako harremana duzue gazteekin?
Guretzat gazteak gure lagunak dira, eta hala jokatzen dugu haiekin. Haiek gu ez gaituzte identifikatzen monitore moduan; lagun bezala identifikatzen gaituzte, eta hori guretzat oso polita da. Haize Berri ezagutzera datorrenari beti esaten diogu: ez zara boluntarioa izango, baizik eta talde honetan lekua izango duzun pertsona bat.
Beste edozein lagun talderen antzera, zuek ere Whatsapp taldea duzue gazteekin.
Halaxe da. Une oro kontaktuan gaude. Ez dugu erabiltzen Haize Berriz hitz egiteko soilik; beste edozein lagun taldetan komentatuko liratekeen gaiez hitz egiten dugu. Gu ere bat gehiago gara.
Gazteek eskertuko dute gertutasun hori.
Izugarri. Talde baten parte sentitzen dira, eta identitatea garatu dute bertan. Oso eskertuta daude gurekin, baita gu haiekin ere.
Zein da gakoa Haize Berrik aurrera jarrai dezan?
Familiak beharrezkoak dira Haize Berrirentzat. Lau koordinatzaile garen arren, askotan gurasoek laguntzen digute gazteak leku batetik bestera mugitzen, eta zerbait behar dugunean ere hor egoten dira beti, laguntzeko prest. Haien laguntzarik eta babesik gabe, Haize Berri ezingo litzateke aurrera eraman. Gainera, ikusi dugu eskaintzen dugun zerbitzuak onurak dituela familiengan ere. Familientzat arnasgune bat da Haize Berri. Gehitu nahi nuke familien babesa ezinbestekoa den arren Haize Berrik eragile guztien laguntza eta babesa behar duela: instituzio publiko, erakunde pribatu eta inguruko elkarteena. Horien laguntzarekin baino ez dugu lortuko inklusioa.
LOTSABAKO
Gazteekin egiteko plan bat?
Naturako ingurune batera egun-pasa joatea.Haize Berri?
Gozamena.