Udako proposamenak

Antolakuntza eta festa

Musika eskaintza zabala izango da bihar, Larrabetzuko 39. Gazte Egunean.

Iazko Larrabetzuko Gazte Eguna. HORI BAI GAZTETXEAK UTZITAKOA
Iazko Larrabetzuko Gazte Eguna. HORI BAI GAZTETXEAK UTZITAKOA
2026ko uztailaren 31
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Elkarlanean buru-belarri arituko dira Hori Bai gaztetxeko (Larrabetzu, Bizkaia) kideak aurten ere; hain zuzen, bihar egingo dute Larrabetzuko 39. Gazte Eguna. Egunaren berezitasunen artean antzinatasuna dago, 1985ean egin baitzuten lehena; Hori Baik iaz ospatu zuen 60. urteurrena. Hala ere, 80ko hamarkadan batu zen «Euskal Herrian sortzen ari zen» gaztetxeen mugimendura. Testuinguru hartan sortu zen Gazte Egunaren proposamena. Beñat Cristobal Hori Bai gaztetxeko militanteak azaldu du hori dela Bizkaian «erreferentziazko» jaia izateko arrazoia: «Euskal Herriko zaharrenetakoa da». Orduz geroztik, uztailaren 31tik gertuen dagoen larunbatean egiten dute, hilaren 31 Hori Bai Eguna izaten baita.

Euskal Rock Erradikalaren garaian hasi zen jaialdia. Orduko umeek «Punken Eguna» legez ezagutzen zuten egitasmoa. Garai horretan errotu zen, eta, askotariko jendea gerturatu arren, «ilean gandorra zeukatenek» sortzen zieten harridura handien, Cristobalen hitzetan. Oro har, garaiak asko aldatu dira; dena dela, egunaren bizkarrezurra ez da «bereziki» aldatu urteak igaro ahala, Cristobalek ziurtatu duenez: «Garaian garaiko kultura proposamenetara moldatzen jakin dugu». Orokorrean, «kalitatezko eskaintza» bermatzen saiatzen dira, eta Euskal Herriko punta-puntako musika taldeak herrira eramaten.

Aurtengo aldiari dagokionez, Kitturekin hasiko da Larrabetzuko Gazte Eguna, poteoa girotzen arituko den txarangarekin; 15:00etan amaituko dute poteoa, eta bazkaltzera joango dira. Herri olinpiadak egingo dituzte otorduaren ostean, eta manifestazioarekin eta ekitaldiarekin ekingo diote gaualdiari, 20:00etan. 22:30ean, azkenik, kontzertuak izango dituzte: Lukiek, Anestesia, Maruxak eta Goxua´n Salsa igoko dira oholtzara.  

Aurten berrikuntza bat izango dela aurreratu du Cristobalek. Orain arte, DJak gau osoan aritzen ziren gaztetxean; aurten, aldiz, plazako kontzertuen ostean Gorriontxu eta Laztana musika jartzaileek girotuko dute jaia, «plazako eskaintza apur bat gehiago zabaltzeko helburuz».

Aldarriak gazteen ahotan

Badira urte batzuk Gazte Eguneko manifestazioa egiteari utzi ziotela. Hala ere, berriz ere aldarri politikoak kalean antolatzeko hautua egin du gaztetxeko azken belaunaldiak. Izan ere, garai batean egiten zuten manifestazioa berreskuratu zuten iaz. «Gaztetxeen eta gazte asanbladen alde egiteko beharra» ikusten dute; horrenbestez, «gune autogestionatu eta okupatuen mundu ikuskera defendatzeko» egiten dute manifestazioa. Azken buruan, gaztetxeei eta gazte asanbladei garrantzia ematea da Gazte Egunaren oinarria. «Gazteok elkartzen eta antolatzen garen gune autogestionatuen indarra eta garrantzia erakusteko balio du».

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA