Gaztetan hasi zen apustuak egiten, eta zaletasun gisa hasitakoa mendekotasun bihurtu zitzaion Unai Garmari (Bilbo, 1997). Orain, errehabilitatuta, bere bizipenak sareetan kontatzen ditu, gazteen artean jokoaren arriskuak eta ludopatia ikusarazteko.
Gogoratzen duzu jokoarekin izandako lehen bizipena?
10 urterekin hasi nintzen jokatzen, kinielarekin eta Primitiva jokoarekin; etxean astero egiten genuen. Gurasoek jartzen zuten dirua, baina nik erabakitzen nituen partiden emaitzak. Gero, 14 urterekin, pokerrarekin hasi ginen ikastolan, jolastokian. Hasieran, ez genuen dirurik jartzen, gerora hasi ginen partidako bi euro inguru jartzen, eta 15 urterekin egin nuen lehen apustua; lagun bat etorri zitzaidan esanez apustu bat irabazi zuela, euro bat jarri eta hamabost irabazi zituela. Orduan, pentsatu nuen: «Ni kirolzale amorratua naiz, futbolaz asko dakit, eta askorik jakin gabe ere berak irabazi egin badu, nik, asko dakidanez gero, dirua irabaz dezaket honekin». Ordutik, ostiralero, ikastolatik atera, taberna batean apustua egin, eta gero asteburuan partida horiek ikusten genituen.
«Pentsatzen nuen zorrak zirela nire arazoa»
Zerk bihurtzen du jokoa adikzio?
Beti esaten dut: apustuetan, irabaztea izaten da arriskutsuena. Egia da dirua galtzen nuela, baina agian egunen baten azken hilabetean irabazitako dirua edo gehiago irabazten nuen. Pentsatzen nuen zorrak zirela nire arazoa, eta dirua irabazi eta zorrak kitatzeko adina biltzen banuen ez nuela arazorik izango. Denbora guztian irabazi eta galtze hori dopamina da garunerako, adiktiboa da. Apustu azkarrak ere badaude, xarlangoenak adibidez; minutu bateko lasterketak izaten dira, adiktiboak. Berehalakoak ere badaude, arraspatu eta irabazteko txartel horietakoak, 10 segundoren buruan badakizu irabazi duzun ala ez.
Noiz konturatu zinen gertatzen zitzaizun hori larria zela?
Bakarrik joaten nintzen joko aretoetara; irtendakoan, negarrez bueltatzen nintzen etxera, edo Bilbon zehar ibiltzen nintzen etxera ez bueltatzeko. Baina ez nuen arazoa onartu nahi, eta garrantzia kentzen nion: «Tira, azkenean dirua berreskuratzen badut, arazorik ez». Eta askotan berreskuratzen nuen dirua, baina biharamunean berriz ere jokatzen nuen. Gurasoek hirugarren aldiz harrapatu ninduten, itsulapikoa hutsik nuen eta, eta terapiara eraman ninduten. Talde terapian jabetu nintzen arazoaz, Ekintza Alubiz elkartean. Muturreko egoerak ikusi nituen. Guztiok genuen mendekotasun bera; desberdintasuna, zer adinekin konpondu zen.
Egunerokoan zer eragin zituen mendekotasun horrek?
Futbolean jokatzen nuen, eta entrenamenduetara berandu iristen hasi nintzen; batzuetan ez nintzen unibertsitatera joaten, eta, joaten nintzenean, ordenagailuarekin egoten nintzen jokatutako partidei begira. Lagunak ere albo batera utzi nituen, apustuetan pentsatzen egoten nintzelako, eta haietako batzuekin zorrak nituelako. Lotsatu egiten nintzen. Beraz, aitzakiak jarri eta gezurrak esaten nituen haiekin ez elkartzeko.
«Berriro makina batean euro bat sartuz gero, deabrua piztuko zait buruan»
Ludopatia sendatzen dela esango zenuke?
Beti esaten dut ezetz: betiko izango naiz ludopata errehabilitatua. Sendatuko banintz, berriro jokatu ahalko nuke arazorik gabe, baina hori ez da gertatzen mendekotasunen bat dutenekin. Berriro makina batean euro bat sartuz gero, deabrua piztuko zait buruan.
Kirola gustuko zenuen. Nola aldatu da harekin duzun harremana?
Apustuak egiten nituenean, partida guztiak ikusten nituen. Konturatu nintzen kirol emankizun gutxiago ikusi behar nituela zuzenean. Partida bat ikusten nuen bitartean apustu egitea izaten nuen-eta buruan. Zuzeneko kirol emankizun gutxiago ikusten hasi nintzen, eta amaitzean bakarrik begiratzen nituen emaitzak. Gaur egun, zuzeneko kirola ikusten dut, baina obsesio hori izan gabe. Pixkanaka joan naiz oreka bilatuz.
Nolatan bururatu zitzaizun zure bizipenak sare sozialetan kontatzea?
Hasieran lotsa ematen zidan kontatzeak. Terapia bukatu nuenean, elkartean gelditu nintzen boluntario modura. Batzuetan prentsakoak edo telebistakoak etortzen ziren testigantza bila. Halako egun baten, esan nuen prest nengoela nire esperientzia kontatzeko. Gutxik zuten nire egoeraren berri: familiako kide hurbilenek; lagun batek, harekin zorrak nituelako; futboleko entrenatzaileak, eta unibertsitateko irakasle batek. Telebistan irten behar nuen, zuzeneko batean; beraz, atera baino lehen mezu bat bidali nuen Whatsappeko talde batzuetara, egoera azaltzeko. Niretzat ona zen dena kontatzea. Eta gazte batzuentzat ere bai arazo hau gainditu duen erreferentziazko gazte bat izatea. Behin podcast bat grabatu nuen, hortik zati batzuk atera, eta sareetan jarri. Milioi bat ikustaldi izan zituen batek. Esker mezu asko jaso nituen, eta horrek bideo gehiago jartzera animatu ninduen.
Zer seinale izan daitezke lagungarriak gazte batek ludopatia duela antzemateko?
Mendekotasun honetan ez dago substantziarik; kontu korrontea kontrolatzen ez baduzu, zaila da norbait harrapatzea. Diruarekiko obsesioa izan daiteke seinaleetako bat: gazte bat diru eske badabil, badu zerbait atzetik. Beste keinu bat izan daiteke sakelakoan denbora guztian hainbat kiroletako emaitzei begira egotea. Gezurrak ere izan daitezke: ludopatok gezurrak esaten ditugu denbora guztian, eta batzuetan gertatzen da esandako gezurrez ez gogoratzea. Eta, azkenik, errendimendu akademikoa jaistea, lorik ez egitea eta lagunekin ez egotea aipatuko nituzke.
«Gizartean onartuta dauden jokoak ere arriskutsuak dira adingabeentzat, jokoa normalizatzen dute eta»
Esango zenuke nahikoa neurri daudela ludopatia kontrolatzeko?
Neurriak jartzen dituzte, baina kontuan izan behar dugu jokoaren industria lobby handi bat dela, eta diru asko mugitzen duela. Eta horren aurkako legeak egitea ez da erraza. Uste dut saiatu behar dugula borroka honetan legeak egiten eta batez ere prebentzioan inbertsio handia egiten, bereziki eskoletan eta elkarteei laguntzak emanez. Gizartean onartuta dauden jokoak ere arriskutsuak dira adingabeentzat, jokoa normalizatzen dute eta. Hori batez ere Gabonetan ikus daiteke. Hipokrisia handia dago; nortzuek ateratzen dituzte loteriako bolak?
Umeek...
Baina adingabeek debekatuta daukate loteria. Ikasbidaiara joateko ere sarri saltzen da. Inor ez du harritzen umeak loteria saltzen ikusita, baina imajinatu umeak ikasbidaiarako tabakoa saltzen hasiko balira... Guraso asko haserretuko lirateke, normala denez.
LOTSABAKO
Errehabilitatu zinenetik gustukoen duzun kirola?
Futbola eta txirrindularitza.Gomendatuko zenukeen liburu bat?
Juan Miguel Murciaren Redención.