Rikardo Gonzalez de Durana Alzola: «Arabako lehen bertsolari txapelketa traumatikoa izan zen nolabait. Batzuek ez zuten aurrera jarraitu nahi izan»

Ibilbide luzea izan du bertsolaritzan Rikardo Gonzalez de Duranak, eta rol guztiak bete ditu bertso munduan: bertsolari, antolatzaile, irakasle, epaile... Arabako bertsolaritzaren aitzindarietako bat izan zen oreitiarra.

Rikardo Gonzalez de Durana, Argomaizko paradorean. RAUL BOGAJO / FOKU
Rikardo Gonzalez de Durana, Argomaizko paradorean. RAUL BOGAJO / FOKU
Peru Amorrortu Barrenetxea
Argomaiz
2026ko irailaren 27a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Lorezaina izan da ogibidez Rikardo Gonzalez de Durana Alzola (Oreitia, Araba, 1959), baina Araban bertsoaren aitzindari izateagatik da ezaguna. Gasteizko lehen bertso eskolaren sortzaileetako bat izan zen, eta geroztik XXI. mendearen hasierara arte Arabako bertsolaritzaren mugarri gehienetan egon da. Urte horietan izandako ibilbide luzea oroitu du Argomaizko paradoreko lorategietan —toki hori eraikitzen lagundu zuen—. 

Gasteiz eta Dulantzi arteko herritxo batean jaio zinen, Oreitian. Nolakoa izan zen zure haurtzaroa?

Gure haurtzaroa nahiko zoriontsua izan zen, egia esanda. Herriko eskolara joaten ginen, eta han denok batera aritzen ginen, neskak zein mutilak. Neskak alde batean jartzen ziren, mutilak bestean, baina denak elkarrekin, nolabait. Gero, jolasterakoan ere elkarrekin ibiltzen ginen. Halakoa izan zen. Nik esango nuke nahiko zoriontsuak izan ginela garai hartan, ume guztiek egon izan beharko luketen bezalaxe.

Noiz utzi zenuen eskola, lan munduan hasteko?

Oreitiako eskola garai hartan txiki geratzen zenez, azkenengo urteetako haur eta nerabeak inguruko eskoletara bidaltzen gintuzten. Hortaz, Dulantziko eskolara joaten hasi ginen, eta han egin nuen nire eskolako azken urtea. 14 urte nituela, ez nuen ikusten ikasteak ezertarako balio zuenik, eta orduan hasi nintzen lanean, hemen, Argomaizko paradorean. Orduan halaxe zen: ikasi nahi ez zuenak lan egin behar zuen, eta nik garai hartan hurbil neuzkan paradoreko lanak. Lan gogorra zen, oso gogorra, baina ni zoriontsu nintzen, ikasten baino askoz gehiago. Carrero bota zuten urtean izan zen hura [1973].

Gonzalez de Durana
Gonzalez de Durana, ezkerrean, Argomaizko paradorea eraikitzeko lanetan. GONZALEZ DE DURANAK UTZIA
Garai hartan, nolakoa zen euskarari eta euskalduntasunari buruzko jarrera Araban eta zure inguruan?

Oreitia bezalako herrietan, lautadan, ez zegoen inolako kontzientziarik, ezer ere ez. Ez genekien euskara bazenik ere. Hala ere, jakin bagenekien euskara zerbait, gerora jakin baikenuen txikitan jolastean-eta erabiltzen genituen hainbat hitz gaztelera gaizki ikasitako edo ikasi gabeko gure arbaso euskaldunengandik zuzenean hartuak zirela. Adibidez, esaten genuen vamos a echar una borroka (egin dezagun borroka); vete a por abarras (joan adaxka bila); la maratila de la puerta (ateko maratila) edo quita el muskil de ahí (kendu muskila hortik). Horrelakoak guretzat oso naturalak ziren, baina ez genekien euskarazkoak zirenik. Inguruko leku izenak ere gehienbat euskarazkoak ziren, baina ez genekien hizkuntza horretakoak zirenik. 

Eta orain euskaldun zara. Nolakoa izan zen zuretzat prozesu hori?

Gaur egun, egunkariak egunero irakurtzen dira. Orduko hartan, ordea, egunkaria gurasoetako bat astean behin Gasteizera joaten zenean erosten zen. Igandeko egunkaria izaten zen, eta, ETAk ekintza bat egiten zuenean, erakundearen aldeko lemak agertzen ziren batzuetan, «ETA, herria zurekin» eta horrelakoak, bere horretan, euskaraz emanda. Hori irakurtzean konturatzen ginen: «hara, hemen bada hizkuntza bat, ezberdina erabat». Handik gutxira iritsi zitzaigun abertzaletasunaren sentimendu politikoa, 15 urte nituenean, gutxi gorabehera. 

Garaitxo hartan, euskara ikasten hasi aurretik, Zeruko Argia-ren atal bat erosi nuen, ikusteko euskara nolako hizkuntza zen. Esaldi luze-luze haiek ikusten nituen, eta pentsatzen nuen: «Hau buruan sartzeko oso zaila izango da; ez dakit nola ikasi». Baina gero baten batek esan zidan AEKn sartzeko, han ikas zitekeela, eta hara jo nuen. Askorik sinetsi gabe hasi nintzen ikasten. 19 urte-edo nituela izango zen hori; 1979ko uztailean hasi nintzen euskara serio ikasten.

1979an hasi zinen, eta 1982an jada Gasteizko Bertso Eskolaren sorreran sartuta zeunden. 

Bai. Euskara ikasten ari ginenean, irratia jartzen genuen, bertako euskara ulertzen ote genuen probatzeko. Eta, noizbait, bertsoak entzun genituen Loiolako Herri Irratian, eta txundituta geratu ginen: batak kantatu, besteak zuzenean erantzun... Garai bertsuan, guk euskal poteoak egiten genituen Gasteizen, euskara kalera ateratzeko, ez baitzen fitsik entzuten orduko hartan Gasteizen. Eta halako poteo haietako batean, norbaitek Amurizaren bertso eskolen ideia plazaratu zuen, eta pentsatu genuen: «Zergatik ez dugu bat hemen egiten?». 

Pentsatu genuen Abel [Enbeita] hemen bizi zenez hura irakasle gisa hartu eta Gasteizen bertso eskola bat sor genezakeela. Nik pentsatu nuen ezer askorik ez nuela ikasiko, baina gogoko jardun bat zen, gustatzen zitzaiguna, gozatzen genuena, eta Abelengana joatea erabaki genuen. Bost lagun joan ginen, eta ideia azaldu genion. 1982ko ekainean izan zen hori. Abelen etxean afaldu genuen, eta hark esan zigun udan baserrian sekulako lana zeukala, eta urrian hasiko ginela. Eta hasi ginen, hasten den bezala: lehenik idatziz, teknika barneratuz eta abar. Sarritan puntuka egiten genuen, era batean edo bestean. 

Zenbat zineten orduan bertso eskolan?

Hasieran, esan bezala, bost ginen, eta gero jende dezente etortzen hasi zen. Hasieran, hamarren bat. Lehenengo, Lantzalen hasi ginen; Gasteizko kultura elkarte bat zen hura. Handik denbora gutxira, Txusta tabernara igaro ginen. Berez, Kirolak Taberna zuen izena, baina Txusta deitzen genion, jabearen izena hura zelako. Han jende asko biltzen ginen, hogei bat hasieran. Batzuk bakanduz joan ziren, eta, halako batean, Abelek esan zigun asmoa zuela Arabako lehen txapelketa gauzatzeko. Eta horrela konbentzitu gintuen. 84an edo izango zen hori.

Lantzale elkartearen egoitza
Lantzale elkartearen egoitza, Gasteizen, 80ko hamarkadan. ARABAKO ARTXIBOA
Hasi eta berehala, bertso txapelketan. Nolakoa izan zen lehen aldi hura?

Gogorra. Ondo joan zen, ni gustura ibili nintzen; ilusio handia zen guretzat. Baina, noski, gero bakarkako gaia heldu zen, eta zer jarriko, eta «hobe da oinez eta segurura, eta ez zaldiz eta zulora» [barrez]. Baina tira, ondo joan zen, eta orduan lehendabiziko txapelduna Jon Isasi Txinotxu izan zen. Denontzat gogorra izan zen, ordea, baina batzuentzat bereziki gogorra. Horren ostean, batzuek ez zuten oholtzara atera nahi izan berriro. Txinotxuk berak ez zuen ondorengo txapelketetan parte hartu nahi izan; nolabait traumatikoa izan zen. Horrelakoa izan zen lehen bataila hura. 

Alta, lehen txapelketaren ostean, Arabakoa eta Bizkaikoa batzea erabaki zuten. Zergatik erabaki hori? Nolakoa izan zen zuen etapa bizkaitarra?

Araban oso gutxi ginen, hori zen errealitatea. Abelen bidez sortu zen ideia, Araba-Bizkaiko Bertsolari Txapelketa egitearena, eta aurkeztu ginen. Gu ez gara inoiz oso harroak izan, bagenekien non geunden, nolakoak ginen, eta bagenekien ez genuela modurik Bizkaian txapeldun izateko. Saiatzen ginen, hori bai. Beti saiatzen ginen ahalik eta ondoen egiten, baina, noski, arerio gogorrak genituen. Hala ere, ni oroitzen naiz finalaurrekoetara iritsi nintzela birritan. Behin, Zornotzan, gai bat jarri zidaten Arriola izeneko batekin. Ni tabernaria nintzen, eta hura nire tabernan sartzen zen, txikitoa eskatu eta 500 pezetako billetea ematen zidan. Nik ezer itzuli ez, eta hura kontu eske etorri. Eta hau izan zen nire azken puntua: «ez egin zarata, /luxuzko tabernara /sartu zara eta». Eta horri esker pasatu nintzen finalaurreko horietako batera [barrez].

1984ko txapelketa
1984ko Arabako Bertsolari Txapelketako finala. BERTSOZALE ELKARTEA

Beste batean, Orozkon ginen; 93a izango zen, beharbada. Bakarkako gaia jarri ziguten: ohea, besterik gabe. Eta bertso batean «asmaturik ez balego, /guk asmatu beharko genuke» edo horrelako zerbait bota nuen, eta horrela igaro nintzen beste behin finalerdira. Baina Arabako irabazlerik ez zen izan urte haietan. 

Prudentzio Deunaren sariketa jotzen dute urte haietako Arabako Txapelketa ez-ofizialtzat. Birritan irabazi zenuen; nolakoa izan zen garai hartako Arabako bertsolaritzako izen handietako bat izatea?

Birritan irabazi nuen, bai, 92an eta 95ean. Hala ere, ez pentsa horrek ospe handia edo plazak eman zizkidanik. Egia da horri esker urte haietan Bilboko jaietan kantatzeko aukera eduki nuela, baina Arabako bertsolariok ez geneukan saiorik. Eta guk, zoritxarrez, bertsotan hasi ginenean ez genuen izan gazteen sariketa horietan parte hartzeko aukerarik, zaharregiak ginelako Lizardi eta halakoetan sartzeko. Zoritxarrez, plaza gutxi genituen, kanpotik ez gintuztelako deitzen, eta gaur egun ere horrela izaten da: hortik zehar dabiltzan arabarrak beti berberak dira. Plazak hobeto banatu beharko lirateke, nire ustez. 

Mende berriarekin, Arabako Txapelketa itzuli zen, eta Arabako bertsolaritzan boom antzeko bat egon zen orduan. Noiz hasi zen gaur egunera arte iraun duen hazkunde hori?

Nik uste dut Arabako finalik onena 2002koa izan zela. Maila duina egon zen final horretan. Zerbait ona egin genuen finalista izan ginen denok. Geroztik, gain behera joan da, nire ustez, publiko aldetik jendea irabazten joan bagara ere, baina nik uste dut oinarria hor dagoela. Egia da bertsolarien profila asko aldatu dela. 1984ko txapelketan emakume bakarra egon zen, Amaia Otsoa, eta geroztik gazte asko eta emakume asko sartu dira. 

Hala ere, nik uste dut hemen gauza bat falta dela maila handitzeko: epaileak. Bertsotan aditua izan beharra dago epaile izateko, eta Arabako epaileetako batzuek ez dakite bertsoa epaitzen. Esan nahi dut, borondate onez eta prestu aritzen dira, hori zalantzarik gabe. Zintzotasuna aitortu behar zaie, baina, maila goratu nahi badugu, epaileak aldatzea pentsatu beharko dugu, kanpotik ekarrita bada ere. Baina bertsoa epaitzen dakitenak izan behar dute, berdin du andre zein gizon. Nire ustez, epaile batek bertsotan aditua izan behar du, eta, ahal bada, aritua, eta euskara maila oso ona daukana. Eta jakin behar du argudiatzen zergatik eman dion pertsona bati zazpi bat eta besteari hamar bat. 

Gertatu izan da hemen bertsolari batek bizkarroi hitza erabiltzea eta hiru epailek ez jakitea bizkarroi zer den. Edo galdetzea zergatik pasatu duten hau eta ez bestea, eta erantzuna izatea batek habanera kantatu duelako eta besteak ez. Baina habanera ona izan da, edo ez? Ni ondorio horretara iritsi naiz: hemen epaitzeko sistema aldatzen ez bada, ez dugu aurrera egiteko aukerarik izango. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA