ATZEKOZ AURRERA

Arbeletik, jalgi hadi plazara

Euskal Herri osoko mintzalagunek egiten duten lana eta ahalegina aitortzeko, Mintza Eguna ospatu dute Atarrabian. Duela hamar urte egin zen lehen festa, herri berean.

Atarrabiako Mintza Egunean, triki poteoa antolatu zuten atzo eguerdian. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
joxerra senar
Atarrabia
2016ko maiatzaren 15a
00:00
Entzun
Bernat Etxepareren Kontrapas abesti ezagunean bezala, Euskal Herri osoko mintzalagunek kalera jalgi ohi dute gelan ikasitako hizkuntza. Arbeletik plazara. Euskara ikasten ari direnei eta urteen poderioz hizkuntza alboratu eta herdoildua dutenei aukera ematen die gramatikaren buruko minak atzean utzi eta mingaina askatzeko. «Bospasei laguneko taldeak izaten dira. Guztietan izaten dira praktikatzeko beharra dutenak eta laguntzeko izena ematen dutenak», azaldu du Arrate Illarok. Topaguneko kidea da Illaro, eta mintzapraktiken sustatzaileetako bat. Helburua argia da: praktikatzea. «Talde txikiak konfiantza giroa sortzen du, eta lasai hitz egiten dute, okerrak egiteko eskubide guztiarekin».

Tabernan, kafetegian edo, besterik gabe, herri eta hirietako kalean biltzen dira, gaur-gaurko gaiez edo inguruko kontuez solas egiteko. Era berean, ikasturte amaieran, toki bat aukeratu eta elkar ikusi, ezagutu eta agurtzeko parada izaten dute. Atzo, Atarrabian (Nafarroa) antolatu zuten Mintza Eguna;duelahamar urte, mintzapraktika horiek aitortzeko, lehen aldiz herri bera hautatu zen ospatzeko. Gasteiztik, Bilbotik, Deriotik, Donostiatik, Hondarribitik, Baztandik, Bortzirietatik, Eibartik eta beste hainbat tokitatik 140 lagun bertaratu ziren Atarrabiako Karrikaluzek eta Topaguneak antolatutako festara. Paz de Ziganda ikastolako haurrek aurreskua dantzatu zieten,eta, hamaiketakoa hartu ondoren, osteratxoa egin zuten, Atarrabian barrena batzuek, eta inguruko Oihana mendira beste batzuek. Eguerdian, triki poteoa egin zen, eta, bazkaldu ondoren, mintzakideen artean sariak banatu ziren. Aurten, Soraluzeko, Eguesibarko eta Txorierriko kideei aitortu zitzaien egindako ahalegina eta lana.

Denetariko arrazoiak

Denetariko errealitate eta kasuak topatzen dira mintzalagunen artean. Aurora Abalos gasteiztarra, euskara ikasi ondoren, zerbait gehiago egiteko gogoarekin geratu zen. «Maila guztiak egin nituen; lanerako ez nuen behar, etaikastaro baten bila ibili nintzen». Baina ez zuen topatu. Duela bederatzi urte inguru, ordea, jakin zuen bazirela euskaraz hitz egiteko astean behin elkartzen ziren taldeak. «Jada hiru taldetan nago, eta sumatzen dut gero eta gehiago egiten dudala. Bai, nabaritzen da hobekuntza». Gasteizko Kupela tabernan elkartu ohi ziren maiz. Han, mintzataldeak ikusi, eta bat egiteko irrika sortu zitzaion Marta Etxeitari. «Taldetik kanpo ere egiten ditugu gure gauzak, eta ondo konpontzen gara». Azkenean, naturaltasunez, antolatutako taldeak lagunarte egin ohi dira, euskara bizimoduan ahalik eta gehien txertatuz.

Ahalegin horretan aritzen da, adibidez, Josu Mendia iruindarra. Orain dela lau urte talde bat antolatu zuen, eta bertan sartu zen Maribel Mujika atarrabiarra ere. Iruñerrian sortutako lehen mintzataldean ibilitakoa zen Mujika, baina gero utzi egin zuen. Biek nabarmendu zuten «jariotasuna hobetzea eta Iruñean euskara entzutea» dutela helburu. «Dakiguna ez galtzeko balio digu». Taldetik at, euskara bizitzako eremu guztietan erabiltzen saiatzen da Mendia. «Haragia behar badut, harakin euskaldunarengana joko dut, edo, ilea moztu behar badut, ile apaindegi euskaldun batera joango naiz. Dendaz denda noanean, 'Egun on, buenos días' esan,eta, barraren bestaldekoa euskalduna bada, euskaraz jarraitzen dugu».

Ezkondu, eta Valladolidetik (Gaztela Leon, Espainia) Hondarribira (Gipuzkoa) etorri zen bizitzera Feli Celador. Irakasle lanean ibili zen, eta euskara «zaletasun gisa» ikasi zuen, familia euskalduna zuelako. Orain erretiratuta dago, eta mintzataldean sartu da. «Alabak jaio zirenean ez nekien euskaraz, eta amarekin gazteleraz egiten dute». Etxean ohitura aldatzea zail egin arren, mintzalagunek lagundu diote ikasitakoa ez galtzen. «Hizkuntza bat ez baduzu erabiltzen, galdu egiten da» .

Alboan zituen Imanol Galarraga errenteriarra eta Iñaki Higos donostiarrak. Biak Hondarribian bizi dira egun, eta laguntzailearen funtzioa jokatzen dute. «Barazkiak erosi ohi dizkiodan baserritar bat talde batean zebilen, eta galdetu zidan ea zergatik ez diedan laguntzen euskaldun berriei», aipatu zuen Higosek. Aurtengoa du lehen urtea, eta Galarragak, berriz, denbora gehiago darama. Haren ustez, hobea litzateke astean behin baino gehiagotan geratuko balira, «hizkuntza menperatzeko».

Illanok esan zuen egungo taldeei eustea dutela buruan, baina epe ertainera bi erronka dituzte. «Batetik, gazteak, ikusi baitugu haien artean euskaraz praktikatzeko behar handia dugula». Donostian eta Getxon (Bizkaia) mintzakuadrillak antolatu dituzte, eta beste tokietan bide beretik jotzeko asmoa dute. Bestetik, gurasolagun taldeak antolatu dituzte, «gurasoei tresnak emateko haurrekin euskaraz aritzeko eta transmisioa bultzatzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.