Enrique Ballent Zapateria. Artzain transhumantea

«Ardiek agintzen didate zein erritmotan ibili behar dudan»

Urtean bitan, sei egunez, Ballentek oinez eramaten ditu bere 1.600 ardiak zaraitzuarren abelbidean barrena. Abeltzaintza estentsiboaren kudeaketa eskasaz kexu da: «Hau bukatzea da modu bakarra ohar daitezen aldatu egin behar dela».

IDOIA ZABALETA / FOKU.
maddi ane txoperena iribarren
Valtierra
2023ko irailaren 24a
00:00
Entzun
Bazka non, ardiak han; eta, ardiekin batera, baita Enrique Ballent Zapateria Otsagabiko artzain transhumantea ere (Valtierra, Nafarroa, 1970). Begiak itxita eginen luke Zaraitzutik Bardearako bidea, edo Bardeatik Zaraitzurakoa; hala ikusi baitu ttipitatik: «Urte batez eginen ez banu, zerbait faltako litzaidake». Bardean dago orain, abuztutik, eta han egonen da ekainean Abodiko gainera oinez itzultzen den arte.

Abeltzaintzat bainoago, artzaintzat dauka bere burua, gaztelerazko pastor adierari lotuta: bazkalekuari, alegia. «Zinez maite dudana ardiekin larrean egotea da: hor naiz zoriontsuen». Espainiako Armadaren hegazkinen harrabotsaren azpian mintzatu da «hiltzat» daukan bizimoduaz.

Gaztarik egiten ez duen artzaina zara.

Ez dut egiten, baina jan bai [irriz]! Haragitarako ditugu ardiak.

Ez dira latxak, ezta?

Txurra ardiak dira; hemengoak. Bildots haragirik onenetako bat dute, onena ez bada. Nik, zehazki, esneko bildotsa bakarrik egiten dut: handirik ez. Alegia, Eguberrietako bildots ttipi hori.

Egiten ahalko litzateke gazta?

Bai, bai, eta ez hori bakarrik: esne hau da dagoen onenetarikoa, esnea haren gantzaren arabera kotizatzen baita, eta ardi mota honek anitz du. Kontua da oso aluak direla; kendu egiten dizute esnea: igo. Latxek esne okerragoa dute, baina eskuzabalagoak dira.

Ardi argiak dituzu, beraz.

Argiak ez; aluak [irriz]!

Udan, Otsagabian; neguan, Valtierran. Umetatik horrela?

Ez dut urterik ezagutu ardiak Pirinioetara igo eta neguan jaitsi ez ditugunik. Nire aitak ezta ere, eta aitabortzek ere ez.

Nola bizi zenuen hori umetan?

Beti bizi izan dut horrela: data iristen da, eta «ala, goiti!». Eta ongi egiten duzu. Ardiek ere ohitura dute, guk bezala: antxumeei joare handiak jarri bezala badakite igo behar dutela, badakite bidea. Eta, beheranzkoan, berdin.

Zer moduz egiten dute bidea?

Pisu pixka bat galtzen dute, abelbidea gogorra baita, baina sanoagoa da haientzat. Lehen erraten zen bortuan ardiak sendatu egiten zirela, eta nik uste dut zentzu guzietan heldu zaiela ongi: osasun aldetik, eta mentalki beharbada haiei ere bai; gogoa izaten dute. Ekain eta uztailean, bero badago, han gusturago egoten dira, freskoago gauez. Eta niri ere gustatzen zait Otsagabira joatea: puntu inportante bat da hori.

Sei egun dira guztira. Nola egiten duzue bidea?

Ibili, ibili eta ibili [irriz]. Etapak ditugu, beti leku berera goaz bazkaltzera, lotara ere bai... Eta ardiek badakite! Gu bazkaltzeko gelditzen garenean haiek atseden hartzen baitute. Ez dakit polita den, bitxia... Niri normala iruditzen zait; eta zaila ere bai.

Zaila?

Pasabide zailak daude, herrietatik igaro behar da, errepideak gurutzatu, Foruzaingoa etortzen da laguntzera... Konplikatua da.

Izan duzue sekula arazorik?

Ardi pilaketak gertatzen dira, autoak pasatu daitezke... Izan genuen behin istripu bat auto batekin, Irunberrin, eta hainbat ardi hil zituen. Estresagarria da: iristen zarenean poztu egiten zara.

Irailean da Bardearen irekiera ofiziala, baina azken bi urteetan lehenago jaitsi zarete. Zergatik?

Iaz hagitz gaizki zeuden larreak: ez zegoen ez bazkarik, ez urik. Aurten, han bazegoen bazka, baina, hemen ere anitz zegoenez, erabaki genuen pixka bat lehenago jaistea. Jaitsi ondotik umatzen hasten dira, eta ez da gauza bera umatu baino egun batzuk lehenago jaistea edo aste batzuk lehenago: ez dira hain astun jaisten.

Klima aldaketak badu eraginik bazkan-eta?

Klima aldaketa errealitate bat da, baina, ezagutu nuen gizon zahar batek zioen bezala, beti egin du euria, eta beti gertatu da euririk ez egitea ere. 53 urte ditut, 13 urte ditudanetik etortzen naiz, eta urte pila batez segidan hemen ez da ezta tanta bat bera ere erori.

Bardea hain idorra izanik, ardiek zer jaten dute?

Denetarik. Uzta bildu ondotik laborariek utzitako soberakinak, batez ere: brokolia, garia, garagarra... Belarra ere bai, udaberrian.

Ardien erritmoan egiten duzu transhumantzia bidea: mantso.

Haiek agintzen didate zein erritmotan ibili behar dudan. Galdetu izan didate: «Zenbat denbora gelditzen zara eguerdian?». Bada, ardiek nahi dutena. Ez dakit ongi edo gaizki dagoen hori: haiek egokitu behar lirateke gurera?

Ulertzen dituzu?

Tira, uste dugu ulertzen ditugula [irriz]. Horixe ulertzen ditugula! Ez dut bertzerik egin bizitzan. Eta, halere, harritu egiten zaituzte, eta erraten duzu: «Alu hauek nola egin ahal izan dute hau!?».

Haurra zinela argi zenuen artzaina izanen zinela?

Umetan, hagitz argi. Gero, ohartzen zara bizitza txarra dela: hagitz esklaboa. Urteko 365 egunak dira; euria egin, hotza, ekaitza; ekonomikoki ere ez dizu konpentsatzen... Pixka bat tontoak gara.

Zergatik segitzen duzu, beraz?

Sartzen zara, ez duzu bertzerik egin, eta gelditu egiten zara. Gaztea nintzenean, pentsatu nuen: «Bertze nonbait lan eginen banu...». Baina bizitza aitzina doa, eta... Ez nau atsekabetzen gelditu izanak, e! Tira, egunero erraten dut: «Ea azkenekoa hiltzen den [irriz]!». Baina zein amak ez lituzke botako bere umeak leihotik egunean hiruzpalau aldiz? Eta ez ditu inork botatzen. Bada, gauza bera: azkenean, haiek maitatzen bukatzen duzu. Nola ez dituzu bada maiteko?

Diru guti irabazten da?

Bertzeek bezala egiten duzu: bizi. Kotxe bat erosten duzu erosi behar duzunean... Ez duzu bertzeek egiten ez dutenik egiten. Baina nire ardiak dira, eta gustatu egiten zaizu: noski gustatzen zaizula. Orain garai txarra datorkit: umatzeak. Hagitz garai txarra. Buruari bueltaka ari naiz etengabe: «Noiz bukatuko ote dut?».

Zenbat aldiz umatzen dira?

Hori norberaren araberakoa da. Ardi bat bortz hilabetez egoten da ernari, eta, gero, batzuek gehiago esplotatzen dituzte. Nik, gero eta gutiago, ze ez dut seme-alabarik: ez dut horrenbertze diru behar. Nahiago dut haiek gutiago izorratu eta ni ere pixka bat hobeki bizi. Urtean behin umatzen zaizkit.

Umatzea bukatuta, egonen dira garai lasaiagoak ere. Denbora librea izanen duzu, ala?

Guti edo batere ez. Baina batek ikasi egiten du gauzei buelta ematen. Bertzela, zertarako bizi? Ni orain Istanbulera joan naiz egun batzuetarako, izan nintzen sanferminetan, joan nintzen Bartzelonara Bruce Springsteenen kontzertura...

Eta ardiak?

Pertsona bat jarri behar izaten dut. Baina kualifikatutako pertsona bat jarri behar duzu, ez edozein. Hori da arazorik handiena: ez duzu konfiantzazko langilerik atzematen. Eta ordaindu egin behar zaio, noski. Baina zer egiten dut: diru gehiago izan, ala hobeki bizi eta hari ordaindu? Nik nahiago dut gutiago irabazi eta hobeki bizi. Bertzela, ez du zentzurik: egunero-egunero bertze deus egin ezinda... Horretarako ez du merezi mundu honetan egotea.

Anitz aldatu da lana zure aitaren garaitik zurera?

Ikaragarri. Hesiek bizitza handia eman digute [hesi mugikorrak jartzen dituzte Bardean, ardiak dauden eremua kontrolatzeko]. Bertze batzuetan, zu aldatzen zara: hori da garrantzitsuena. Ez uste izatea Jainkoa garela; gu ez bagaude ez duela inork eginen guk bezala. Halere, oraindik nahiko Hirugarren Mundukoak gara, ze ganadutegi estentsiboak izanik... Ardiek hamar ordu pasatzen badituzte larrean, artzaina hamar orduz dago haiekin.

Lehen, txaboletan egiten zuten lo Bardean; zuk, herrian.

Ordukoek erranen zuketen: «Orduan bai txarra!». Bederatzi hilabete txabola batean, eta itaxurak zeuden! Euria ari zuenean, txabola barnean aterkia irekita! Ez telefonorik ez deus ere. Eta, edateko, ardoa, eta putzuetako ura: etxolatxo batzuetan biltzen zuten; zeruko ura, e! Eta senideen albisteak: hamabortz egunean behin ogi bila joan Valtierrara, Melidara, edo Zarrakaztelura, telefonoz deitu, eta: «Zure hirugarren umea jaio da». Eta autoak-eta... Eta bideak! Bidexkak baino ez zeuden.

Abeltzaintza estentsiboa aipatu duzu. Hemendik kilometro gutira dago Caparrosoko makroetxaldea. Eredu ezberdinak dira.

Oso ezberdinak. Ni bistan da ez nagoela makroetxaldeen alde, baina horien errua gizarteak dauka, eta egin diguten kudeaketak. Esne kopuru bera kontsumitzen dugu, eta, ez badago esne-behiak dituen abeltzain txikirik, makroetxalde bat behar duzu. Gaur egun ez du konpentsatzen hogei behi edukitzeak: lana gero eta gehiago, dirua gero eta gutiago... Fabrikara zoaz, edo Volkswagenera Iruñera, eta kito.

Kudeaketa zertan da txarra?

Bardean, teorikoki, laborariek urte batean erein dezakete lur eremu bat, eta hurrengo urtean lur hori abeltzainak erabil dezake abereak bazkatzeko. Baina otsailaren lehenetik aitzinera laborariek jada golda dezakete azaroan ereinen duten lurra. Pentsa zenbat hilabetez egoten den lur hori bazkarik gabe: zortzi!

Zergatik egiten dute hori?

Ahal dutelako. Europako Batasunean ere ahoa betetzen zaie abeltzaintza estentsiboarekin, eta orain dator NPBren kontua [Nekazaritza Politika Bateratua], eta estentsibokoak izorratu gaituzte.

Badago Bardean transhumantziarik egiten ez duen artzainik?

Bai; eta bertze batzuk urte osoan daude han [Pirinioetan]. Transhumanteak gero eta gutiago gara: Zaraitzukoak lau, eta horietatik batek kamioian igotzen eta jaisten ditu. Hemendik bospasei urtera, baliteke bat ere ez egotea. Duela 60 urte, 150 bat jaitsiko ziren Zaraitzutik. Transhumante izatea konplikatuagoa da: behar duzu laguntzen zaituen jendea.

Zuk jende anitz gonbidatzen duzu bidera eta tarteko otorduetara: senideak, ezagunak…

Haiek ekartzen dute janaria-eta!

Zaintzen dituzu harremanak.

Noizbait bidea bakarrik egiten ikusten banauzu, eman iezadazu zartako bat! Tristea litzateke: leku horietatik bakarrik joatea, bazkalordua iritsi eta txorizo mutur bat jatea eguzkitan... Lagun bat ikusi, eta nekea joan egiten zaizu.

Bakarrik ere ordu anitz pasatuko dituzu urtean zehar.

Bilatutako bakardadea ederra da. Larrean bakarrik egotea gustatu egiten zait: neure buruari galdetzen diot, erantzuten diot... Ikusten dudanean bere buruarekin hitz egiten duen jendea, pentsatzen dut: «Hara, ez naiz bakarra!».

Militarrak eta turistak ere badaude Bardean. Zer moduzkoa da elkarbizitza?

Denen partetik errespetua baldin badago, ez dago arazorik. Turismoak batzuetan ito egiten zaitu, bertzeetan ez. Hegazkinek batzuetan anitz urduritzen zaituzte, bertzeetan gehiago; guti, inoiz ez.

Izan duzue arazo handirik?

Eztabaidatu egiten duzu jendearekin. Batzuekin, ezjakintasunagatik: ausart da ezjakintasuna. Bertze batzuekin, gaizki heziak direlako: hezkuntza duenak bederen galdetu egiten du. Baina oraingoz ez da hildakorik izan [irriz]: labanatxo bat daramagu aldean, laranja bat zuritzeko-edo.

Seme-alabarik ez duzu. Erretiroa hartzen duzunean, zer?

Ez diot itxaronen erretiroari. Ezin dut lan hau egin 65 urteetara arte: nire gorputzak ez du jasanen. Belaunaldi erreleborik ez dago. Ze, posible da seme-alabarik ez izan, edo seme-alabak izan eta haiek zure ofizioarekin segitu nahi ez izatea, eta bertze gazte batzuek nahi izatea: baina ez du inork etorri nahi. Hau ja hilda dago: ez du atzera-bueltarik.

Pena ematen dizu?

Ikaragarria. Bertze alde batetik, poztu ere egiten naiz.

Poztu?

Agian gaiztakeria puntua sartzen zait hor; hain-hain gaizki kudeatzen gaituzte... Aspaldi erran genuen: Nafarroa erretzen zen egunean dena hartuko zuela suak. Gaiztoak izan bagina, guk geuk bota izanen genuke pospoloa, baina inork ez du maite mendia guk bezainbat. Ikusi nuenean iaz Nafarroa erdia erretzen, pena handia sentitu nuen, baina aldi berean lasaitua ere bai, pentsatuz: «Ea orain konturatzen diren». Eta ez dira konturatu oraindik. Transhumantzia estentsiboa bukatzea modu bakarra da ohar daitezen hau aldatu behar dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.