Ardoaren lurraldean, ardozaleen hiriburu izango da Gasteiz asteburu honetan. Abenduko zubia aitzakiatzat hartuta, Ardoaraba azoka enogastronomikoa egingo dute; hemezortzigarren aldia du aurten. Bihar hasiko da, eta ardoa dastatzeko aukera hiri osora zabalduko da astelehenera arte. Azoka enogastronomiko garrantzitsua bilakatua da: guztira 36 upategi bilduko dira, eta 163 ardo eta 54 proposamen gastronomiko dastatzeko aukera egongo da, hiru gune nagusitan: Probintzia plaza, Foru plaza eta Plaza Berria.
Berrikuntzak eta eskaintza zabala barne hartuko ditu Ardoarabak aurten. Gasteiz On plataforma antolatzaileak eman du aurtengo egitarauaren berri. Aurtengo berrikuntzarik aipagarriena Gure Ardoak izeneko gunea izango da: Probintzia plazan jarriko dute, eta Arabako Errioxako berrogei ardo inguru eskaini, baita beste bi karpetan parte hartzen duten upategien proposamen bereziak ere. Egibide ostalaritza eskolako ikasleen laguntzarekin emango dute zerbitzua, eta goizero mahai ingurua egingo da Jose Ignacio Jungitu enologoarekin. Grupo Rioja, ABRA eta Subsierra elkarteetako ordezkariek parte hartuko dute hiru saioetan. Ekitaldiak doakoak izango dira, baina aurrez izena eman beharko da.
Foru plazan eta Plaza Berrian ohiko dastatze karpak jarriko dituzte, aurreko urteetako dinamikari eutsita. Guztira 105 ardo dastatzeko aukera egongo da —urteko ardoak, onduak, erreserbakoak, txakolinak eta sagardoak—, baita 38 proposamen gastronomikoz gozatzekoa ere. Sagardo guneetan, sagar zukua eskainiko dute adingabeentzat eta alkoholik hartu nahi ez dutenentzat. Gainera, Vital fundazioak Music & Wine kontzertuak antolatuko ditu berriro.
Azokaren erdigunetik kanpo ere zabalduko da eskaintza. Ostalaritzaren Ibilbidearen barruan, 47 taberna eta jatetxek 172 proposamen izango dituzte prest (pintxoak, ardoak eta menuak). Karpetako puntuak astelehen arratsaldera arte erabili ahal izango dira. Halaber, hemezortzi jatetxek menu bereziak eskainiko dituzte hiru preziotan: 25, 40 eta 60 eurotan.
Programazio didaktikoak ere badu pisua. Foru plazako frontoi ondoko Txoko Gastronomikoan sukaldaritza erakustaldiak egingo dira, pintxoen eta ardoen uztarketak eta haurrentzako tailerrak —horietako batzuk keinu hizkuntzan—. Abenduaren 5etik 7ra egingo dituzte Dinner & Wine afariak, hirugarrenez: tokiko produktuak, upategien lana eta Gasteizko gastronomia eragileen istorioak uztartuko dituzte hiru menu tematikoren bitartez.
Horrez gain, Ardoaraba hiriko ondarearen parte diren guneetara ere zabalduko da: Circulo Vitoriano (lehen aldiz), Sokaren Etxea, San Bizenteko dorrea eta eliza, Farolen Museoa —25. urteurrenean— eta Arte eta Lanbide Eskola bisitatu ahal izango dira ardo dastatzeekin lotutako ibilbideetan.
Publikoarentzat
Ohi bezala, publikoak aukeratuko du Ardoaraba sariak nori eman: urteko upategirik gogokoena eta ostalaritzako pintxorik onena hautatu ahal izango dituzte webgunean bozkatuz. Bestalde, Ardoarabaren edukiak sareetan zabaltzen laguntzen duten erabiltzaileek ere sariak lortu ahal izango dituzte. Aurten, gainera, blogari ezagunak bertaratuko dira, antolatzaileek aurreratu dutenez.
Txartel sortak 22 euro balioko du, eta Txoko Gastronomikoko jardueretara eta Ostalaritzako Ibilbidera batu diren taberna, jatetxe eta karpetan trukatu ahal izango dira; 28 gune izango dira. Karpetako informazio guneetan eta Andre Maria Zuriaren plazako gunean erosi ahal izango dira. Ekoizleen produktuak, berriz, zuzenean erosi ahalko dira. Horrez gain, Gasteiz On-ek etxez etxeko garraioa doan eskainiko du hiri barruan.
Azkenik, aurtengo aldian ere, indarkeria matxistaren aurkako mezua nabarmenduko dute informazio guneetan eta euskarri grafikoetan.