Are ozenago, isunak isun

Musikari mordo bat batu da Oihu bat Palestinara jaialdira, Durangon, palestinarren aldeko elkartasuna berresteko eta genozidioaren kontra protestatzeagatik zigortu dituztenei laguntzeko.

Palestinako bandera, Landako guneko oholtzan. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Palestinako bandera, Landako guneko oholtzan. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
amaia igartua aristondo
Durango
2026ko martxoaren 21a
18:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gauza batzuk ozen esan behar dira, garrasika. Durangoko (Bizkaia) Landako gunean batu diren lagun guztiek entzun ahal dezaten, behintzat, ezin da ahapeka mintzatu, ezpada txilioka. Ez da nahikoa eztarri bakarra: Oihu bat Palestinara jaialdian, Olatz Salvador, Anari, J Martina, Mursego, Ezezez, Belako, La Furia eta beste makina bat musikariren doinuek gogorarazi dute genozidioa ez dela eten haren oihartzun mediatikoa nabarmen apaldu den arren. «Su eten faltsua sinatu zutenetik, komunikabide nagusietan jada ez da hitz egiten palestinarren egoeraz», adierazi du Iñigo Rodriguez Palestinarekin Elkartasuna plataformako kideak. «Baina kolonizazioa ez da amaitu, Palestinako herria zapalkuntza eta garbiketa etniko sistematikoa pairatzen ari da oraindik. Israelgo Estatua desegitearen beharra mahaigaineratu nahi dugu».

Landako gunean ez dago isiltasunik. Hormek ere oihu egiten dute: pankartak, kartelak, manifestazioetarako deiak; zuria, gorria, berdea eta beltza. Asmo guztiak bi helburutan laburbildu ditu J Martina taldeko musikari Kattalin Barcenak. «Musika mundutik gure ekarpena egin nahi genuen Palestinaren erresistentziaren aldeko mezu bat zabaltzeko, eta ekonomikoki laguntzeko Palestinaren alde borrokatzeagatik Euskal Herrian ondorio errepresiboak jasaten ari direnei». Hainbat adibide eman ditu Rodriguezek: Espainiako Vueltaren harira izandako atxiloketak eta isunak, Donostiako Zinemaldian eginiko desobedientzia ekintzagatik epaitzen ari diren kidea, urriaren 15eko mobilizazioetan Iruñean atxilotu zituzten lau lagunak. «Palestinaren aldeko elkartasuna erreprimitzea sionismoa babesteko beste forma bat da», ebatzi du.

Oihu bat Palestinara jaialdiko kontzertu bat. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Oihu bat Palestinara jaialdiko kontzertu bat. JAIZKI FONTANEDA / FOKU

«Oso aberasgarria da»

Protestaren kriminalizazioa ekarri du hizpidera, orobat, Arantzak (61 urte); Donostiatik etorri da Durangora, hainbat lagunekin batera. «Egunetik egunera seinalatuago gaude. Ezin da ahaztu horrelako egitasmoak egin behar direla hemengo agintariek isunak jartzen dituztelako genozidio baten aurka agertzeagatik». Haren ondoan, musikariek izandako ekimena goretsi du Nereak (55 urte), noiz eta Iranen kontrako gerrak beste gatazka guztiak isilarazi dituen honetan. «Zisjordaniari buruz ez gara ezer entzuten ari, eta sekulako astakeriak egiten ari dira; Gazan, zer esanik ez».

«Elkartasunaren aurkako errepresioa sionismoa babesteko beste forma bat da»

IÑIGO RODRIGUEZ Palestinarekin Elkartasuna plataformako kidea

Oñatitik (Gipuzkoa) etorri dira Idurre Allende (22 urte) eta Malen Gezalaga (21). Aldarte alaiz eta irribarretsu heldu dira, baina berehala ilundu dute bisaia egoeraz berba egiteko. «Halakoak garrantzitsuak dira ohartu gaitezen zer pribilegiatuak garen», nabarmendu du Allendek. «Artista ezberdinak ekarrita, inguruko jendea motibatuko duzu aldarrikatu eta borrokatu dezaten; oso aberasgarria da», balioetsi du Gezalagak.

Kukubilko, giharrak berotzen bere ikuskizuna hasteko ordu erdi falta dela, Oihu bat Palestinara «jaialdi kultural bat baino gehiago» dela adierazi du Nabiga kolektiboko Nagore Tamayo dantzariak. «Lortu du ez bakarrik artistok genozidioaren aurka posizionatzea, baizik eta baita ere zuzenean eragin ahal izatea». Gauza batzuk garrasika egin behar dira eta jendeak entzun ahal izateko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA