Marijaia berriz ikusteko hamar egun besterik ez dira geratzen, eta Bilboko Areatza, jaiaren bihotza, forma hartzen hasi da gutxinaka. Gaur goizean nabaritzen hasi da algara: 27 konpartsak txosnak muntatzen hasi dira, auzolanean. «Konpartsok hasi gara gure txosna ederrak eraikitzen», esan du, pozik, Josu Fernandez konpartsetako kide eta bozeramaileak.
Aurtengo txosnagunea osatuko duten barrak, sukaldeak eta eszenatokiak muntatuko dituzte datozen egunetan. Eta horretarako, 110.000 kilo metalezko egitura, 1.500 egur panel eta 1.000 litro pintura baino gehiago erabiliko dituzte. «Laurehun bat konpartsakide arituko gara jo eta ke muntaketa lanetan», esan du Fernandezek.
Bozeramaileak nabarmendu duenez, aurtengo berrikuntza nagusietako bat kolore arrosaren presentzia berezia izango da, Txosnak. Gureak, denonak kanpainaren barruan kokatuko delako. Konpartsek jai autogestionatu, parte hartzaile eta herrikoien garrantzia azpimarratu nahi dute. «Txosnak ez dira edariak eta bokatak zerbitzatzeko toki hutsa; espazio parte hartzaileak dira, jal herrikoien bihotza», aldarrikatu du Fernanezek.
Konpartsek sinadura bilketa bat egin dute online, instituzioei eskatzeko jai eredua aitortu eta babestu dezatela, gero eta burokratizazio handiagoaren menpe dagoelako. Bozeramaileak ohartarazi duenez, administrazioek gero eta betebehar gehiago ezartzen dizkiete: «Txosna asko arriskuan daude, eta haiekin batera, gure jai eredua». Nabarmendu du konpartsak eta txosnak «ondare immateriala» direla, eta «ezinbestekoak» ere bai. Joan den astean jakinarazi zuten 20.000 sinadura bilduak dituela eskariak dagoeneko.
Indarkeriarik gabeko gunea
Urtero bezala, txosnak indarkeriarik gabeko gune seguru gisa defendatu nahi dituzte konpartsek. «Ez dugu inolako erasorik onartuko», adierazi du bozeramaileak, eta txosnek indarkeria mota guztien aurkako babeslekua izan behar dutela ohartarazi du: indarkeria matxisten, arrazisten, LGTBIfoboen, xenofoboen, kapazitisten, lodifoboen edo euskarafoboen aurkakoak, alegia. Tolerantzia eta elkar zaintzeko mezuak dekorazioan oso presente egongo direla aipatu du Fernandezek.
Txosnen apainketa eta dekorazioa beti izan dira jai giroaren parte ezinbestekoak, eta horren adibide dira Kanpaia eta Eulia sariak. Kanpaia saria txosnarik politenari ematen diote, eta Eulia, berriz, txosnarik bitxiena edo ironikoena. «Polita da denon txosnak ikustea eta komentatzea», adierazi du Fernandezek, eta gogorarazi du bozketak konpartsen webgunean egiten direla.
Atzerako kontaketa hasita dago. «Gaur, bizipen eta poz horietara heltzeko azken-aurreko pausoa emango dugu», laburbildu du Fernandezek. Areatza, beste behin ere, jai herrikoi eta aldarrikatzaileen bihotza izateko prestatzen ari da, eta, urtero bezala, auzolanari esker hasiko dira jaiak.