Txosnak «arriskuan» daudela ohartarazi zuen herri jaien mugimenduak duela aste batzuk, eta argi utzi txosnak eta herri jaiak defendatuko dituztela. Esan, eta egin. Euskal Herriko hainbat txosnak eta jai batzordek bat eginda, Txosnak. Gureak, denonak dinamika aurkeztu dute gaur Bilbon: sinadura bilketa bat abiatu dute, txosnak Euskal Herriko ondare immaterial izenda ditzaten.
Hainbat jai batzorde eta txosna bildu dira gaur Miribilla auzoan. Txosna bat muntatu dute, banderatxo arrosak eskegi, eta zapi arrosak jantzi. Pandero jole eta trikitilari talde batek, Andoni Ollokiegi musikariak eta Joselontxos Donostiako txarangak girotuta, Euskal Herriko 700 txosnak eta 200 jai batzordek baino gehiagok bat egin duten ekinaldiaren berri eman dute.
«Txosnak ez dira edariak zerbitzatzeko barra hutsak», azpimarratu dute Euskal Herriko jai batzordeen izenean adierazpena irakurri dutenek, Nagore Ugartek eta Iker Martinek. Txosnak hori baino «askoz gehiago» dira: «Jai herrikoien bihotza, elkartzeko eta elkar zaintzeko guneak, herriak bere nortasuna ospatzen duen lekua; gure izateko moduaren parte dira». Are, adierazi dute «tresna politiko, sozial eta kulturalak» direla.
Borondatezko lana
Ugartek eta Martinek gogoratu dute txosna bakoitzaren atzean «jende askoren borondatezko lana» dagoela, eta adin guztietako lagunek osatutako taldeek sortzen dituztela jaietako «gune ireki, parte hartzaile eta herrikoiak». Are, bertan lortutako irabazi ekonomikoak hurrengo jai, proiektu sozial eta kulturaletara bideratzen dituzte. Horregatik dira txosnak «festa soila» baino gehiago eta horregatik da ezinbestekoa «hori guztia babestea». «Txosnak gure oroimen kolektiboaren parte dira; gure nortasun partekatuaren adierazle».

Txosnak Euskal Herriko ondare immaterial izenda ditzaten, uda osoan ibiliko dira sinadurak biltzen, «herriz herri, jairik jai, txosnaz txosna eta kuadrillaz kuadrilla». Herritarrek bi aukera izango dituzte dinamikarekin bat egiteko: Euskal Herriko jai guztietan egongo diren sinadura orrien bidez, edo www.txosnak.eus webgunearen bitartez. Gaur bertan hasi dira sinadurak jasotzen, eta agerraldira joan direnek bertan sinatu dute. Behin sinadurak bilduta, Eusko Jaurlaritzari helaraziko dizkiote.
Martinek azaldu duenez, administrazioek gero eta betebehar gehiago ezartzen dizkiete. «Ez gara heltzen», kontatu du. Horiek horrela, txosnak ondare immaterial izendatzea nahi dute, etorkizunean bermatuta egon daitezen eta jai eredua manten dadin.
Izar Mendiguren, Beñat Gaztelumendi eta Oihana Bartra bertsolariek ere parte hartu dute agerraldian. «Txosnak gureak, denonak dira/ argi izan dezatela/ jaiak kolokan nahi dituztenek/ gurekin jai daukatela», abestu du Mendigurenek. Eta zera erantsi du Gaztelumendik: «Egun batean guk ere herri/ bilakatu nahi badugu,/ herri egiten gaituzten jaiak/ babestu behar ditugu». Bartrak, berriz, uda osoan dinamikaren barruan erabiliko duten bertsoa abestu du: «Jaiak non dauden, han daude txosnak;/ dira gureak dira denonak;/ eta horregatik gaude/ topa egiten euren alde».