Irailaren 13ra arte egongo da ikusgai, Gasteizko Europa Biltzar Jauregiaren ondoan, Gerran ezereztuak izeneko argazki erakusketa. Natalia Sancha kazetari, politologo eta idazleak ondua da, eta gatazka armatuen giza ondorioak eta biktima zibilen biziraupen istorioak biltzen ditu, besteak beste. Sancharen hitzetan, gerren kontakizun politiko eta militarraren «atzean» geratu ohi diren errealitate «ezkutuak» azaltzen dira bertan. Kaleko erakusketa denez, doan ikus daiteke. Bisita gidatu bat ere eskainiko dute abuztuaren 24an: 12:00etan, gaztelaniaz; 18:00etan, euskaraz.
Egileak nabarmendu du gerra guztietan gertatzen dela biktimen arteko «hierarkia krudela», eta hori irudikatzen duela erakusketak. Baliabideak dituztenek herrialdetik ihes egin dezaketela errefuxiatu gisa, Ekialde Hurbileko herrialdeetan edo Europan babesa bilatuz. Eta badaudela herrialde barruko desplazatuak ere, ibilgailuak edo senideak dituztenak eremu seguruagoetara jotzeko. Eta azken mailan «inor ez direnak» geratzen direla: etxetik irten ezin direnak, sotoak eta logelak lubaki bihurtuak dituztenak.
Indarkeriak eta agintariek eragindako «zapalkuntza istorioak» erakusten ditu egileak, protagonisten eguneroko istorioak. Normaltasun oasiak eratzen dituzte; indarkeriak sortutako amorrua inspirazio bilakatzen duten ikasle, artista, intelektual, poeta eta kirolariak agertzen dira. Erakusketak «biktimen duintasuna» omentzen du, ikusgaitasuna emanez.
Natalia Sancha, erakusketaren egilea izateaz gain, ibilbide luzeko aditua da: El País egunkariko Nazioarteko Saileko erredaktorea eta Elcano institutuko ikertzaile ez-egoiliarra, besteak beste. Hamabost urtez Sirian eta Libanon berriemaile lanean aritu ondoren, Europako Batasuneko zenbait goi kargudunen aholkulari politiko ere jardun du Ekialde Hurbileko bake prozesuan. Hainbat libururen egilea da, eta Cirilo Rodriguez kazetaritza sarian bi bider izan da finalista.
Kazetaritza bertatik bertara programaren barruan antolatutako erakusketa bat da Gerran ezereztuak. Programa horrek hamabigarren aldia du aurten. Eztabaida eta aktualitatea ditu ardatz, eta hemezortzi jarduera bilduko ditu guztira: hitzaldiak, mahai inguruak, proiekzioak, erakusketak eta abar. «Gasteizen egiten den programa kulturalaren bitartez, munduan gertatzen ari dena sakonago ulertzeko aukera eskainiko da».
Programaren helburu nagusia da herritarrengana hurbiltzea gizartean interesa sortzen duten gaiei buruzko hausnarketa eta eztabaida. Kazetarien, adituen eta publikoaren arteko topagune bat da —gatazkak, giza eskubideak eta informazioaren erronkak landuko dira—, argazkietatik harago munduko errealitate konplexuak ulertzeko tresnak eskainiz.