Idazlea eta ikerlaria

Josu Legarreta: «Argentinako lehen haritz kimua 1871n landatu zuten»

Gernikako arbolaren kimuek Argentinan egindako bidea ikertu du Legarretak bere azken liburuan: argazkiak, testigantzak eta zuhaitz bakoitzari buruzko historia partikularrak jasotzen ditu bertan.

Josu Legarreta. CECILIA VALDEZ
Josu Legarreta. CECILIA VALDEZ
Cecilia Valdez
Buenos Aires
2026ko urriaren 24a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Josu Legarreta bira egiten aritu da Argentinako zenbait hiritan bere liburua aurkezteko: Gernika en Argentina: expandiendo el fruto (Gernika Argentinan: fruitua zabaltzen). Urte asko dira Argentinara bidaiatzen aritzen dela, baina oso pozik dago ikusita nola hartu duten euskal etxeetan egindako aurkezpenetan, eta berak ere etengabe adierazten die bueltan maitasun hori. Azaldu duenez, erretiratu eta gero, ikertzen eta idazten jarraitu zuen, eta, hala, gogoa piztu zitzaion Argentinan zehar dauden haritz kimuei buruzko zerbait argitaratzeko.

Nolakoa da honaino ekarri zaituen bidea?

Fruizen jaio nintzen, Gernikatik 15 kilometro ingurura, herritarren %1 apezpiku bihurtzen den herri batean, nahiz eta ni ez nintzen meza mutil ere izan; orain, ordea, Bilbon bizi naiz. 1986. urtean, Euskara Bultzatzeko zuzendari izendatu ninduten, eta, gero, Jokin Intxausti euskal etxeekiko harremanetarako kontseilaria hil zenean, ni izendatu ninduten kargu horretarako. Hasieran, hiru hilabeterako egotekoa nintzen karguan, baina Mar del Platara bidali ninduten, eta azkenean 23 urte eman nituen lan horretan. 8/1994 legea ere bultzatu nuen, atzerriko euskal etxeekiko eta euskal elkarteekiko harremanak erregulatzeari buruzkoa.

Zeri buruzkoa da Gernika en Argentina? 

Nire adiskide Alberto Irigoyenek liburu bat argitaratua zuen Gernikari eta Uruguairi buruz, eta nik, aurrez ere lan handia egina nuenez Latinoamerikako immigrazioari buruz, proposatu nion Argentinaren inguruko zerbait egitea; beraz, ikertzen hasi ginen. Ia ehun pertsonak lagundu ziguten, argazkiak, testigantzak eta askotariko materialak bidali baitzizkiguten euskal etxeen bitartez. Memoria historikoa berreskuratzeko liburu bat da, eta zuhaitz bakoitzari buruzko historia partikularrak biltzen ditu.

Nolakoa izan zen ikerketa lana?

Hasieran, Bizkaiko Foru Aldundira jo genuen jakiteko ea bazen ziurtagiririk kimuren bat dohaintzan eman izana jasotzen zuenik, baina esan ziguten dokumentazio hori zeukan kaxa galdua zela. Jakin dugunez, euskal jatorriko jende askok, Gernikako arbola dagoen tokira joan, ezkurrak hartu, eta ekarri egin ditu, metalezko ontzietan sartuta, aireportuko kontrolei ihes egiteko. Gero, landatu egiten dituzte, eta lagunei oparitu; beraz, oso zaila da erregistroa egitea. Haritz jakin batzuei dagokienez, inork ez daki nongoak diren, baina haritzak dira. Hori ikusirik, planteatu genuen agian ikertzeari uztea, baina azkenean erabaki genuen segitzea; izan ere, alde batera utzita nondik atera diren haritz horiek, guretzat sinbolo bat dira, gure adierazgarria.

Kimuen inguruko historia guztietatik zeinek harritu zaituzte gehien?

Esan izan da lehen bi kimuak Buenos Airesen landatu zituztela, baina nik lehenagoko beste bat aurkitu nuen Tolosan, La Plata hiritik gertu —Buenos Airesko probintziako hiriburua da—. Gipuzkoako Tolosan jaiotako batek landatu zuen, 1871n, jaioterriaren falta sumatzen zuelako.

Arreta piztu dizun beste kontakizunen bat?

Gernika herriaren historia ere bitxia da. 1934an sortu zen, 36ko gerra hasi baino bi urte lehenago. Emakume batek sortu zuen, Matilde Diaz Velezek: Espainia defendatzeko ingelesen kontra borroka egindako militar baten ondorengoa zen, eta aitak diru asko zuen; independentziaren sinbolo gisa sortu zuen herria.

Argentinako kimuak ikertzeko ideia Mar del Platara egindako bidaiagatik bururatuko zitzaizun, ezta?

Bai. Euskara Bultzatzeko zuzendari izendatu nindutenean, azaldu zidaten nire politikak ez zuela izan behar diru laguntzak emateko politika hutsa, baizik eta euskal etxeak hazteko lan egin behar nuela, eta haiek iraungo zutela bermatzen saiatu.

Nola daude euskal etxeak Argentinan?

Batzuek badute etorkizuna, La Platakoak adibidez; eredugarria da, eta baditu proiektuak, baina beste batzuk gain behera doaz. Belaunalditik belaunaldirako aldea ere kontuan hartu behar da.

Euskal Herrian ere editatu dute liburua?

Ez, Argentinan eta Liman argitaratu da.

Villa Marian ere aurkeztu duzu, Euskal Asteak 80 urte bete izana ospatu dutela eta. Nolakoa izan da esperientzia hori?

Oso ona. Villa Mariakoa izan zen Euskal Astea antolatu zuen lehen euskal etxea. 1972an ospatu zuten lehenengoz, eta ordutik ia urtero egin dute, diktadura urteetan eta beste urte pare batean izan ezik, zaildu egin baitzitzaien beste motibo batzuengatik. Urtetik urtera aldatu egiten dute tokia, eta datorren urtekoa Rosario hirian antolatuko dute.

 

LOTSABAKO

Argentinako paisaia bat?
Macachin aukeratuko dut, Panpako herri txiki-txiki bat. Euskal Alkartasuna izeneko hotel bat dago han, eta Bergaran jaiotako 90 urteko gizon batek eramaten zuen, Iñaki Unamunok. Berak eraiki zuen hotela, eta duela gutxi deitu zidan kontatzeko tematuta dagoela euskal etxeko bazkideek kuota ordaindu beharrik izan ez dezaten eta hotelak sortutako etekinak erabil daitezen euskal etxea mantentzeko.

Argentinako hiri bat?
Argentina osoarekin konprometituta daukat bihotza, eta zaila zait aukeratzea, baina, tira, Bariloche hautatuko dut. Hiri oso turistikoa da, jende oso atsegina du, eta lakuak.

Liburuko pertsonaiaren bat?

Bi: Andoni Irazusta eta Isidoro Legarreta. Andoni Bahia Blancan bizi zen, Buenos Aires probintziako hiri batean, baina zeharo maitemindua zegoen Donostiaz, eta aipatzen zuen bakoitzean, esaten zuen: «Ai, Donostia, zeruko atea». Fanatiko hutsa zen. 

Isidoro Legarreta, berriz, Tandil hirikoa zen; Buenos Aires probintzian dago hori ere. Gauza bakarrak bereizten gintuen: bera Realekoa zen, eta ni Athleticekoa. Gogoan dut nola, Eusko Jaurlaritzak munduan izango zituen ordezkaritzak sortu genituenean, martxan jarri behar izan genituen kooperazio institutu batzuk, bideko oztopoak gainditzeko eta Buenos Airesko ordezkaritza sortzeko; bada, Isidoro izendatu genuen presidente; astero etortzen zen Tandildik, eta lau ordu eta erdira dago.

Atentzioa eman dizun kontakizunen bat?
Gernika udalerriaren sorrera; azken batean, hortik dator liburuaren izena: Gernika Argentinan.

 

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA