Argi izpi bat zapata artean

Maritxu Barriolak euskararen aldeko borrokari eman zion bere bizi osoa. Donostian zuen zapata denda euskarazko liburuak legez kanpo argitaratu eta banatzeko sare klandestino baten egoitza izan zen frankismoan; andre euskaltzalez osatutako sare batena.

Maritxu Barriola, 1987an, hil baino urtebete lehenago, bere ahizpa Kororekin. KORO REKARTEK UTZITAKOA
Maritxu Barriola, 1987an, hil baino urtebete lehenago, bere ahizpa Kororekin. KORO REKARTEK UTZITAKOA
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
Donostia
2026ko maiatzaren 19a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Donostiako Garibai kalea da akaso Donostiako kalerik dotoreenetako bat, baita joan-etorri handieneko bat ere. Hiriaren bihotzeko arteria garrantzitsu horretan, behinola, zapata denda dotore bat egon zen. Barriola letra larriz idatzia zuen goian, eta erakusleiho eder bat haren azpian, ingeles estilokoa. Barrura sartuta, obalo formako mahai batean, zapatak zeuden ikusgai, baita paretetako bitrina handi batean ere: zapatak eta larruak. Eskuz eta neurrira egiten baitzituzten oinetakoak; Espainiako Maria Cristina erreginari eginak zizkioten, adibidez.

Barriola zapata denda, 1919an, hileta segizio bat aurrean duela. MARTIN RICARDO / KUTXATEKA
Barriola zapata denda, 1919an, hileta segizio baten atzean. MARTIN RICARDO / KUTXATEKA

1950eko hamarkada da. Frankismo betea Francok udak pasatzen zituen Donostia hartan, euskaraz egin ezin zen Donostia hartan, diktadurarekin bat ez zetozen donostiarrak isilik, ezkutuan edo erbestean zituen hiri hartan. Dendako zapata eta larruek arreta kendu ostean, aurrera begiratu du bezeroak, eta andre dotore bat aurkitu du mahai baten aurrean, urdinez jantzita. «Buenas tardes», esan dio. Bezeroaren beharrak argitu ostean, gela txiki batera joan dira: ispilu handi bat dago, eta haren aurrean erantzi ditu soinean daramatzan oinetakoak, berrien neurriak hartu ahal izateko.

Bezero horrek ez dakiena zera da: dendaren ondoko atariko atetxo batetik sartuta, dendaostean andre eta apaiz ugari daudela beste negozio bat egiteko zain. «Que tenga un buen día», esan ostean, dendaostera jo du dendariak, eta adeitsu agurtu ditu beste bezeroak. Buenas tardes-ak eta Que tenga un buen día-k ez daude han atzean: euskaraz ari dira. Urdinez jantzitako andrea dendaostean duen bulegotxoan sartu da, beste bezero haiei nahi dutena emateko: Nicolas Ormaetxea Orixe-ren Urte guziko meza bezperak liburua, Ixaka Lopez Mendizabalen Xabiertxo edota Martin Txilibitu. Frankismo bete-beteko Donostia erdi-erdiko zapata denda dotore hura hori baino askoz gehiago zen: euskarazko liburuak legez kanpo argitaratu eta banatzeko sare klandestino baten egoitza zen. Eta horren guztiaren buru, andre bat: Maritxu Barriola.

Maritxu Barriola, Azkainen, Aita Donostiaren omenaldian. KORO REKARTEK UTZITAKOA
Maritxu Barriola, Azkainen, Aita Donostiaren omenaldian. KORO REKARTEK UTZITAKOA

1985ean, Martin Ugaldek zera galdetu zion Barriolari, ETB sortu berrian egin zion elkarrizketa batean: «Maritxu, zer da Euskal Herria zuretzat?». Zalantza izpirik gabe, hona eman zion erantzuna: «Lehendabizi, euskara. Horrek bereizten gaitu, eta horrek batu behar gintuzke denok. Euskarak». Hil baino hiru urte lehenago egin zituen adierazpen horiek bikain laburbiltzen dute emakume abertzale eta euskaltzale haren bizitza osoa: euskararen aldeko borroka. Gerraostean buru-belarri ekin zion euskarazko liburuak klandestinoki argitaratzeari, eta euskarazko udalekuak bultzatzen ere aritu zen. 1907an jaio zen, eta ez zen inoiz ezkondu. «Bere bizi guztia eskaini zion euskarari: gorputz osoan sartuta zeukan. Hori zen bere lehentasuna, bizi guztirako», nabarmendu du haren iloba Koro Rekartek.

Konpromiso hura etxetik zetorkion. Haren aita, Avelino Barriola, EAJko kidea zen, eta Donostiako Udaleko zinegotzia: orduan sortu zuen Euskal Iztundea, euskarazko antzerkigintza bultzatzeko akademia publiko bat; Toribio Alzaga izan zuen buru. Avelino Barriolak berak antzerki obra asko idatzi zituen euskaraz, eta Maritxu gaztetatik aritu zen euskal giro hartan: aktore aritu zen Maitasuna, Goi-Argi eta Lagun txar bat komedietan, Ramon Labordak sortutako Poxpoliñak taldearekin. EAJren Emakume Abertzale Batzako kide ere bazen.

Gerra piztu zenean, familiaren zapata denda eta Anai-Etxe etxea atzean utzita, Iparraldera ihes egin zuten Barriolak, haren aitak, Koro ahizpak —Maritxu hil arte zaindu zuen— eta beste senide batzuek. Ama eta Iñaki anaia —sendagile ezaguna izan zen, Euskal Herriko Unibertsitatearen sortzaileetako bat— Donostian geratu ziren. Maritxu Barriolari urte gutxian ama, ahizpa bat eta anaia bat hil zitzaizkion. Eta aita ere bai, 1944an, Pauen: orduan itzuli ziren Donostiara. Edonola ere, Iparraldean pasatu zuen garai hartan, Barriolak aktibo segitu zuen: bi urtez Jatsuko Lurdes Euzko Aur-Etxean aritu zen andereño.

Donostiara buelta

1944an itzuli zen Donostiara, eta bere anaia Imanolekin hartu zuen zapata dendaren segida. Euskara zokoratuta zeukan Donostia bat topatu zuen, eta klandestinoki hasi zen lanean hura bultzatzeko. «Liburuak egiten hasi nintzen».

«Zapata dendako mostradoreak-eta hitz egingo balute, zer ez lukete esango!», nabarmendu du Mari Karmen Garmendiak. Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta sailburu izanak ondo ezagutzen zuen Barriola. «Ume koskorrak ginela ezagutu genuen, gure etxean, Ormaiztegin, gure amak harreman estua zuelako harekin. Gure ama, Karmen Lasa Eguren, oso euskaltzalea eta abertzalea zen. Kabitzen zuen emakumea zen Maritxu sare abertzale eta euskaltzale hartan: bere lekua zuen, presentzia, autoritatea, eragina. Maritxurekin batera, emakume gehiago ere baziren sare hartan».

Izan ere, Barriolak emakume euskaltzalez osatutako sare bat antolatu zuen euskarazko liburuak argitaratu eta banatzeko. Lehen-lehenik bultzatu zuen liburua Orixeren Urte guziko meza bezperak izan zen. Liburua ireki eta berehala ikus daiteke idazlea Orixe izan zela, marrazkiak Pablo eta Xabier Zabalok egin zituztela, eta zera: «Garikoitz’tar laguntzaileak argitaratua». «Nire ustez, Maritxu eta haren inguruan dirua jartzen zuten batzuk dira», zehaztu du Garmendiak. Alegia, Maritxu Barriolak eta beste hainbat emakume euskaltzalek osatutako sare hark izena zuen: Garikoitztar laguntzaileak.

Orixeren 'Urte guziko meza bezperak' liburua. BERRIA
Orixeren 'Urte guziko meza bezperak' liburua. BERRIA

Barriolak berak eskatu zion Orixeri liburu hura egiteko, hark onartu egin zuen, eta buru-belarri jarri ziren zereginekin. Batetik, finantzaketa lortu behar zen. «Emakume talde bat bildu nuen, eta telefono lista bat eskatu. Hasi ginen: 'Nork ezagutzen du norbait Abaltzisketan? Azpeitian?'. Eta han atera zen emakume taldea. Nik esan nien: ‘Nik urte eta erdian meza liburua egingo dizuet, hilean hamar pezeta ordainduta. 180 pezetarekin egingo dizuet liburua’», azaldu zuen Barriolak.

Azpeitiko Olatzen (Gipuzkoa) bildu ziren, eta han beste izen batzuk azaldu ziren: Garikoitztar laguntzaileen behin betiko zerrenda osatu zuten. Hilero-hilero dirua ematen zioten Barriolari, eta hark, bitartean, Orixerekin eta Zabalotarrekin koordinatzen zuen lana. Izan ere, liburu batek zuzenketak behar ditu, eta Barriola aritu zen hori koordinatzen. Hego Euskal Herrian ezin zen argitaratu, eta Toursen (Frantzia) zegoen inprimategi batean inprimatu zuten. Hara joan-etorrian ibili zen Barriola, zuzenketak eramaten eta orri gehiago ekartzen.

Ez edonola, ordea. «Nik joan behar izaten nuen korrekzioetara-eta, eta, nola ez neukan pasaporterik, ezta baimenik ere, pasaporte de alpargata, eta ahal zen moduan. Hori ere mila istorio, baina ez goaz horiek denak kontatzera orain», esan zuen 1985ean. Edonola ere, haren ilobak xehetasun gehiago ditu: «Bera mendiz joaten zen bere papertxoekin. Muga horrela pasatzen zuen. Bartolo izena zuen gizon bat zeukan; harekin pasatzen zuen muga mendiz, eta bestaldean uzten zuen. Trenez joango zen Toursera. Askotan akatsak daude, eta zuzenketak izugarrizko lana dira. Ekarri dena etxera, dena zuzendu, eta berriz hara joan dena aldatzera».

«Bereziki andreak ziren»

Liburuak prest edukitzean —meza liburua 1950ekoa da— banatzen zituzten orduko euskaltzaleen artean. Batetik, Barriolak berak saltzen zituen zapata dendaren dendaostean zuen bulegotxoan. Elbira Zipitriaren ikastolatik ateratzen zenean, Rekarte maiz joaten zen izebarenera, eta ondo oroitzen du dendaoste hura: «Jende asko etortzen zen. Gizonak gutxi: bereziki andreak ziren, amak. Meza liburuak apaizek ere bai. Oso toki txikia zen, eta ezkutuan zegoen dena. Baina oso ondo antolatuta zegoen». Apaiz haietako bat, adibidez, Nemesio Etxaniz zen. «Frankismoaren garai gogor haietan, argia zegoen han, argi izpi bat, itxaropena: argi izpi bat zapata artean», nabarmendu du Garmendiak.

Bestetik, Garikoitztar laguntzaileak arduratzen ziren Euskal Herriko beste hainbat txokotan liburuak banatzeaz. «Xabiertxo-ak aurrena Maritxurengandik jaso eta gero zabalkunde lana gure etxetik egiten zen Goierrin, gure amaren ardurapean. Gure ama zen haren Goierriko agentea», kontatu du Garmendiak.

Izan ere, Orixeren meza liburua argitaratu ondoren, beste asko argitaratzen eta banatzen jarraitu zuen Barriolak: Eladio Larrañagak itzulitako Kempis, Orixeren Mamutxak eta Ixaka Lopez-Mendizabalen Martin Txilibitu eta Xabiertxo, besteak beste. Azken bi haiek gerra aurrekoak ziren arren, edizio berriak egin zituen Barriolak, sortzen ari ziren ikastoletan erabil zitzaten. «Xabiertxo buruz genekien», nabarmendu du Rekartek. Hori ez ezik, berak eta beste senide batzuek parte hartu zuten haiek egiten: «Mahai batzuk jarri genituen etxeko beheko aldean, eta koadernotxoak balira bezala liburuak egiten ibili ginen». Argitalpen askotan, Itxaropena inprimategiko Patxi Unzurrunzagaren laguntza ere izan zuen.

Elbira Zipitriaren ikasleak, Anai-Etxen; eskuinean, Barriola eta Zipitria. KORO REKARTEK UTZITAKOA
Elbira Zipitriaren ikasleak, Anai-Etxen; eskuinean, Barriola eta Zipitria. KORO REKARTEK UTZITAKOA

Errepresioa ere jasan zuen bere lan klandestinoagatik. Espainiako Gobernuaren gutun bat jaso zuen, Orixeren meza liburuak bidaltzeko eskatuz, argitalpen subertsiboak zirelakoan. «Izeba lasai zegoen, gai erlijiosoa horregatik aukeratu baitzuen. Barrez bidali zuen meza liburua; ez zioten debekatu», azaldu du Rekartek. Halaber, Kempis liburua zabaltzen ari zela harrapatu egin zuten, eta epaiketak izan zituen. Edonola ere, segitu zuen lanean. Euskarazko liburuen argitalpenaz gain, Juan Ajuriagerra EAJko kidea «misio berezietan» Donostiara etortzen zenean, haren etxean ezkutatu ohi zen.

Eta lagun asko zituen. Ilobak nabarmendu duenez, gehienak apaizak ziren; Barriolak berak kristau fede handia zuen. Horietako bat Iñaki Azpiazu apaiz azpeitiarra zen; gerra aurretik ELArekin kolaboratu izan zuen, eta horren ondoren ezin izan zen Hegoaldera itzuli, espetxeratu egingo baitzuten bestela. Argentina eta Ipar Euskal Herri artean pasatu zituen urte asko —Argentinan lan handia egin zuen hango presoei laguntzen—. «Nik Maritxu gehienbat Donibane Lohizunen ikusi nuen. Uste dut hara asko joaten zela, eta osaba bisitatzera ere bai. Han azaltzen zenean, beste bat gehiago zen. Guk Maritxu asko maite genuen», kontatu du Maria Luisa Aizpuruk, Iñaki Azpiazuren ilobak. «Energia handiko emakumea zen, oso ekintzailea, eta nabaritzen zitzaion izaeran, mugitzeko moduan».

Iñaki Azpiazu, Maritxu Barriola eta Nemesio Etxaniz, 1962an. KORO REKARTEK UTZITAKOA
Iñaki Azpiazu, Maritxu Barriola eta Nemesio Etxaniz, 1962an. KORO REKARTEK UTZITAKOA

Hainbeste, ezen gidabaimena ere atera baitzuen artean heldua zela. Auto hori oso baliagarria izan zuen bizitzako azken urteetan egin zituen lanak egiteko: euskarazko udalekuak bultzatzea. «Bururatu zitzaigun udalekuak sortu behar genituela, umeek oporrak euskaraz egiteko aukera izan zezaten», kontatu du Garmendiak, 1960ko hamarkadan Andereñoen Erresidentzian bizi izan zituztenak gogora ekarrita. «1965eko uztailerako dena antolatu genuen, eta Barriara joan ginen». Beste hainbatekin batera, udalekuetarako eremua txukuntzen, izarak garbitzen, janaria erosten eta bestelako zeregin ugari egiten ordu asko pasatu zituen Barriolak Barrian (Araba), baita gerora Iratxen ere (Nafarroa).

«Printzipiodun emakumea zen, nortasun handikoa, ausarta, eta, aldi berean, nabarmenkeriarik gabekoa», azpimarratu du Garmendiak. 1988an hil zen, EAJren zatiketa garai betean; hark EAren alde egin zuen. Horri buruz galdetuta, zera erantzun zion Ugalderi: «Aitaren denboran ere etenak izan ziren. Gero, erbestean denak batu egin ginen. Orain, zer izango den batzeko modu hori? Baina bilatu egin behar da: gizonek ez badute asmatzen, emakumeok sartu beharko dugu».

(ID_17786606948265) MARITXU BARRIOLA

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA