Turismo masiboaren, bigarren egoitzen eta Los 40 Summer Live-ren herrian, Zarautzen (Gipuzkoa), kultura eta musika eskaintza alternatiboari plaza bat ematea du helburu Arranopola egitasmoak. Urteak daramatzate udan ostegunero Musika plazara euskal musika taldeak ekartzen: Zarautz «turistifikatuan» kultur eskaintza «duina» antolatzen. Hala ere, uda bukatzear den honetan, bihar izango da Arranopolako azken kontzertua; besteetan bezala, Zarauzko Musika plazan, 20:00etan. Ainhoa Urteaga musikari eta abeslari zumaiarra arduratuko da 2026ko Arranopolari amaiera emateaz.
Urtero zortzi-bederatzi kontzertuko egitaraua lotzen dutela azaldu du Beñat Intxauspek, Arranopolako antolatzaileetako batek. Antolakuntzari dagokionez, oreka mantentzen ahalegintzen dira: generoa, adina, lurraldetasuna… Dena dela, argi dute herriko eta eskualdeko musikariekin aritzea bereziki garrantzitsua dela antolatzaileentzat: «Gurekin harremanetan jartzeko deialdia irekitzen dugu beti, eskualdeko talderen batek egitarauan parte hartu nahi izanez gero». Hori bai: «Euskal Herriko puntako musika taldeak ere ekartzen ahalegintzen gara; euskara eta gure baliabideak kontuan izanda, noski».
Arranopolak antolatutako egitaraua «arnasgune» bihurtzen da Zarautzen. Herrian euskal musikari eskainitako guneak oso murritzak direla aitortu du. «Bai, behintzat, 23.000 biztanleko herri euskaldun batentzako». Musikak ez ezik, hizkuntzak ere garrantzi berezia du egitasmoan; izan ere, haien ustetan, euskararen egoera «xelebrea» da Zarautzen. Udaran kanpotarrak etortzen direnenean, euskararen erabilera nabarmen jaisten da. Horiek horrela, «udara begirako herri mailako ekintza sortzaileak» sustatzea jomuga bilakatzen da antolatzaileentzat.
Bihar, azken dantza
Ainhoa Urteagaren kontzertuarekin «oso pozik» dagoela aitortu du Intxauspek, aurtengo Arranopola saioetan azkena izango baita, bederatzigarrena. Gainera, bere lehen diskoa aurkeztuko du.
Antolatzailearentzat ez eze, Ainhoa Urteagarentzat ere «oso berezia» da kontzertua. Arranopolak eskainitako plazan aritzeko gogo handia duela baieztatu du: «Antolatzaileak oso argiak eta gertukoak izan dira hasiera-hasieratik». Publikoak ere egoera asko errazten duela azaldu du: «Jende asko bertaratzen da Arrano tabernara; gainera, entzuten dizuten horietakoak dira».
Herri mailan euskararen erabilera eta normalizazioa sustatzeko egitasmoen beharraz mintzatu da Urteaga ere. Arranopolak, esaterako, «hizkuntzari eta herriari berari egiten dio mesede».