Sinestezina iruditu zitzaion soldadu ohiari: Ebroko batailan, borroka gordin eta etengabekoen artean norbaitek monumentu bat egin izana eroritako kideak omentzeko. Taxio Ardanaz artistak (Iruñea, 1978) 2010ean izan zuen Pandols haraneko (Herrialde Katalanak) eskultura horren berri, eta aukera izan zuen Juan Miguel de Mora brigadistarekin hartaz hitz egiteko. Pandolsen izan zen De Mora, 1938ko abuztuan. Baina irmo ukatu zion Ardanazi eskultura orduan taxutu izana. Eta, paradoxikoki, ezezko eztabaidaezin hori izan zen artistarentzat hausporik indartsuena. Aurretik topatuak zituen 36ko gerraren arrasto grafikoak eta artistikoak, baina solasaldi horren ondoren ulertu zuen haien «dimentsioa eta garrantzia». 90 urte beranduago, zantzuak ia-ia berdin zeuden. «Denboran izoztutako arrasto bizi bat ikusten ari gara, eta garai historiko jakin eta gatazkatsu batera eramaten gaitu», hausnartu du Ardanazek.
Pandolseko monumentuaren ostean, askoz gehiago topatu ditu artistak. Lubaki izandako guneetan, ospitale bihurtutako eraikinetan, kartzela gisa funtzionatutakoetan; trazu eskematiko hutsak, apaindurarik gabeko esaldiak eta porlanean markatutako datak, baina baita mural landuak ere, erretratuak, paisaia erreal eta onirikoak, eskulturak, brotxaz taxututako artelanak.

Zenbat dauden jakitea oso zaila dela esan du, baina ugariak direla, edozelan ere. Pare bat adibiderekin uler daiteke adierazpen artistiko horien oparotasuna: behin-behineko kuartelak eta kartzelak izandako lekuetan —hau da, jende asko egondako lekuetan—, eremu batzuetan soilik ehunka grafiti daude gainjarrita; eta Borines herriko bainuetxean (Asturias, Espainia) hirurehun inguru atzeman dituzte ikerlariek. «Biderkatzen baditugu, arrasto mordo bat da».
Ardanazek A pesar de todo (Hala eta guztiz ere; Caniche argitaletxea, 2026) liburuan bildu du «existitzen ez den» material hori, kontakizun historikoetatik bazter geratu den ondare hori. «90 urteren ondoren, oraindik eragiten digute? Zenbat irauten du irudi horien indarrak?».
1952ra arteko gerra
Ez da arrasto horien inguruan egindako ikerketa bakarra, baina, Ardanazen irudiko, gainerakoetan albo batera uzten dute berarentzat oinarrizkoa den gai bat: zer dela-eta margotu zituzten? «Indarkeria eta errepresioa jasan arren, gatazka baten erdian egon arren, arrasto bat uzteko bulkada izan zuten», nabarmendu du; eta bulkada horrek zera erakusten du ia mende bat geroago: norbait egon zela han, marrazten. «Beste garai historiko batzuetan ulertzea kostatzen zaigun humanitate bat islatzen du memoria horrek». Hain justu, sorkuntzaren alde gizatiarra azpimarratu du: «Artea espontaneoki eta beharraren ondorioz sortzen den praktika bat da, humanoagoak sentiarazten gaitu, eta denborarekin beste modu batera erlaziona gaitezen eragiten du».

Halaber, arteak gerraren inguruko iruditeriari beste ñabardura batzuk txertatzen dizkio. Izan ere, Ardanazek azpimarratu du sarritan itxaronaldiek ezaugarritzen dituztela gatazkak, kartzeletako egonaldietan eta tropen lekualdaketetan, baina baita lubakietan ere. Artistak interesa zuen «gerraren logika gelditu zezaketen» une horietan. Baina A pesar de todo aurkeztu zuenean Bartzelonan, Andrea Soto Calderon filosofo eta Estetika irakasleak osatu egin zuen hausnarketa. «Andreak ondo esplikatu zuen: arteak ez du gerra geldiarazten, baina bidea ematen du gerrak ez dezan azken hitza izan, beste zerbait egon dadin. Eta uste dut liburuko marrazkiek beste zerbait horri buruz hitz egiten dutela».
Hala, lanak galderak egiten ditu, erantzunak eman baino gehiago. Marrazki horiek badutelako zaurietan aztarrika egiteko ahalmena. «Gerrari buruz jaso dugun kontakizuna zalantzan jartzen dute». Esate baterako: noiz arte iraun zuen, egiaz? Ardanazek topatutako zantzuak 1939tik harago doaz: 1952ra arte luzatu du kronologia. «Beste gerra bat izan zen: 1939tik aurrera biolentziak beste forma batzuetan eutsi zion. Eta marrazki horiek horri buruz ere hitz egiten digute».
«Egon naizen leku batzuk kontserbatu, zaharberritu eta museo bihurtu dituzte, zorionez; baina halako arrastoak agertu diren tokien %80 aire zabalean daude»
TAXIO ARDANAZ Artista
Hamarkadek horitutako eta zartatutako horma batean, iraun egin dute trazu fin-finek. Zalantzarik ez dago: andre biluzi bat da gerraren bihotzean. Emakumeak dira marrazkiotako gairik errepikatuenetako bat; hain justu, errepresentazio horren inguruko testu bat jaso dute liburuan, Maite Garbayo-Maeztuk idatzia. Baina denetarik dago. Artistak ahaleginak egin ditu propaganda politiko ofizialetik aldentzen diren piezak aurkitzeko, gatazkan parte hartu zutenen esperientziak eta zaurgarritasuna islatzen dituzten lorratzak. «Gauza harrigarriak daude: adibidez, Lleidan, landaren erdian, mural erraldoi bat topatu nuen, baita Alacanten ere».
Erretratuekin ere sarri-sarri egin du topo, baita paisaiekin ere, leku errealak edo idealizatuak izan zitezkeenak: baten batek denbora luzea hartu zuen, esate baterako, baso bukoliko bat eta han bazkatzen ari ziren bi orein margotzen, eskala nahiko handi batean. Dekorazioa ere badago, eta abangoardiako artearen makina bat erreferentzia. «1930eko urteetan egindako marrazkiez ari gara, eta orduko hartan abangoardiek garrantzia zuten mugimendu politikoetan eta eraikuntza sinbolikoan». Pop kulturaren elementuekin ere apaindu zituzten hormak eta murruak, hala ere: Mickey Mouse, Betty Boop eta sinbolo antifaxista bilakatutako Popeye, besteak beste.
«Ondarea» balioetsiz
Interneten abiatzen da bilaketa. Tarteka, ganbara batean edo eraikin abandonatu batean marrazki bat topatu dutelako albiste bat agertzen da, eta gerrak beren lurraldean utzitakoak ikertzen dituztenen blogak ere iturri aberatsak izaten dira artistarentzat. Bertokoekin harremanetan jartzen da, eta, ahal duen neurrian, hara lekualdatzen, arrastoak bertatik beratara ikusi eta argazkiak ateratzeko, edo inguruetan landa lana egiteko. Eta hari mutur horietatik tiraka beti agertzen da material gehiago. «Batzuetan ez duzu ezer topatzen, beste batzuetan inork ikusi gabeko gauzekin egiten duzu topo... edo bila ibiltzen zara, jakin gabe zer ager daitekeen eta non».

Espainiako Estatuko bazter askotatik ibili da urte hauetan guztietan; hegoaldean, gutxiago. Aragoin arrasto andana bat atzeman du, Katalunian ere bai; Galizian ere izan da, Asturiasen... «Euskal Herrian, San Kristobal forteko aztarnak ditugu Ezkaban, soldadu italiarrenak; eta zaharberritua izan den Getxoko Punta Begoñan (Bizkaia) Auxilio Social erakundearen muralak daude, jada frankismo garaikoak».
Oparotasun horrek zaildu egiten du proiektua zarratu ahal izatea. Arrastoak agertzen baitira oraindik. «Erregistratzen jarraituko ditut desagertu baino lehen», ziurtatu du. Izan ere, horma batean marratutako pieza bat berez da zaurgarria, eta, 90 urte pasatu ondoren, galtzeko arriskua are handiagoa da. «Egon naizen leku batzuk kontserbatu, zaharberritu eta museo bihurtu dituzte, zorionez; baina halako arrastoak agertu diren tokien %80 aire zabalean daude». Euskarria eraikinak izan arren, daborduko abandonatuta dauden egiturak izaten dira sarritan, edo apenas erabilerarik dutenak: ganbarak, aletegiak, lastategiak, nekazaritza tresnak gordetzeko etxola zaharrak... Paradoxikoki, hori lagungarria izan da irudiak kontserbatu daitezen, eraikinak ez baitira berrerabili. «Liburuaren asmoa da, batetik, memoria hori kontserbatzea, eta, bestetik, kontserbatu beharreko ondarea dela aldarrikatzea».