Arriskatu, eta irabazi: Unai Lekuonaren gazta gailendu da Ordizian

Arabara joan da berriro Ordiziako azoka bereziko gazta lehiaketako lehen saria. Azken urteotan gazta ketuek arrakasta handiagoa izan duten arren, aurtengo irabazlea naturala izan da. 5.400 eurogatik erosi du haren zati bat El Vaskito jatetxeak.

Unai Lekuona Ruiz de Luzuriaga artzain irabazlea, semea ondoan duela, Ordiziako gazta lehiaketa irabazi berritan. IÑIGO URIZ / FOKU
Unai Lekuona Ruiz de Luzuriaga artzain irabazlea, semea ondoan duela, Ordiziako gazta lehiaketa irabazi berritan. IÑIGO URIZ / FOKU
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
Ordizia
2026ko irailaren 9a
15:39
Entzun 00:00:00 00:00:00

Unai Lekuona Ruiz de Luzuriaga artzainaren gazta naturalak irabazi du Ordiziako (Gipuzkoa) azoka bereziko gazta lehiaketako sari nagusia. Azken hiru urteotan bezalaxe, aurten ere Arabara joan da saria, Lekuonak Araia-Asparrenan baitu gaztandegia. Hogei urteko ibilbidearen ostean, estreinakoz irabazi du Ordiziako saria, eta oso hunkituta jantzi du txapela: «Oso pozgarria da Ordizian irabaztea». Semearekin partekatu du saria hasieratik, eta hari jantzi dio txapela; une horretantxe jakin dute beren gaztaren zatia 5.400 eurogatik saldu dutela enkantean. Donostiako El Vaskito jatetxeak erosi du.

«Arriskatu egin naiz…». Ordizian maiz gazta ketuak saritzen dituzten arren, aurten gazta naturala izan da gailendu dena. «Gazta berezia» dela nabarmendu du Lekuonak, martxoan egina. Berezia, eta irabazlea. Saria jaso bezain pronto, Lekuonarengana korrika batean joan dira Jose Mari Jauregi eta Eli Gorrotxategi, Ilarduiako La Leze gaztandegikoak; haiek gailendu dira azken hiru urteotan. Irabazi, Lekuonak irabazi du, baina saria Arabarentzat izan da.

Gaur ez, baina aspaldi honetan gazta ketuek arrakasta izan dute Ordizian. Horren lekuko dira gainerako sarituak, laurak izan baitira ketuak. Bigarren saria ez da urrutira joan, Segurako Ondarre gaztandegiko (Gipuzkoa) gazta gailendu baita; hirugarren saria ere Goierrin geratu da, Olaberriako Aizpeak irabazi baitu. Laugarren Lekarozeko Kortaria (Nafarroa) geratu da; hark zuen soilik urrezko garaikurra irabazteko aukera, azken hamarkadan hiru aldiz irabazitakoak jasotzen duelako. Ez du eraman, azkenean. Bosgarren saria ere Arabara joan da, Legutioko Bostibaietak irabazi baitu. 

Euskal Sukaldaritza Berriaren mugimendua sortu zutenetik 50 urte bete berri direla ere antzeman da Ordiziako Beti Alai pilotalekuan. Hasteko, epaimahaiko presidentea Pedro Subijana sukaldaria izan da, eta epaimahaikide gisa aritu dira Hilario Arbelaitz, Elena Arzak, Martin Berasategi, Xabier Zabaleta, Lourdes Rekondo eta Gorka Txapartegi sukaldariak ere, besteak beste. Omenaldi ederra egin diete euskal sukaldaritza berritu zuten sukaldariei. Idiazabal jatorri izendapeneko teknikariak, kazetariak, gastronomoak eta beste zenbait aditu ere aritu dira gaztak epaitzen, eta gonbidatu gisa, Basque Culinary Centerreko zuzendari Joxe Mari Aizega eta Dupla musika taldea, kasurako.

49 gazta

Goizeko hamarrak aldera Ordiziako Idiazabal gaztaren kofradiako lehendakariordeak, Jose Ignacio Iturriozek, egin du iragarpena: «Berehalaxe hasiko da ardi latxaren edo Karrantzakoaren esne gordinez egindako gazten 53. lehiaketa!». Betetzen hasia zegoen frontoian giroa bizitu egin da, eta epaimahaikideak esertzen hasi dira. 49 gazta aurkeztu dituzte lehiaketara, eta zazpi mahaitan banatutako epaileek zazpina gazta dastatzeari ekin diote.

Lehian jardun duten gazta gehienak Gipuzkoan eta Nafarroan ondutakoak izan dira —20 Gipuzkoan eta 16 Nafarroan—, eta gutxiago izan dira Arabakoak eta Bizkaikoak: bateko bederatzi eta besteko lau aurkeztu dituzte. Gazta motari dagokionez, berriz, 29 gazta natural ekarri dituzte Beti Alaira, eta hogei ketu. Bada, 12:30 aldera hamalau finalisten berri eman dutenean, argi geratu da berriz ere Ordizian biltzen diren gazta adituak ketu zaleagoak direla, finalera iritsitako hamalau gaztetatik bederatzi izan baitira halakoak. Bukaeran ikusi da, ordea, Unai Lekuonaren gazta naturala nahiago izan dutela.

Lehiaketan gailendu den Lekuonaren gaztaz eta beste lau onenez gain, finalean geratu diren gainerako gaztandegiak hauek dira: Arrazuko Albi (Nafarroa), Uztegiko Antsonea (Nafarroa), Unanuko Beriain (Nafarroa), Legutioko Iruri (Araba), Mutrikuko Goienetxe (Gipuzkoa), Ipiñaburuko izen bereko gaztandegia (Bizkaia), Ilarduiako La Leze (Araba), Eulateko Remiro (Nafarroa), Berastegiko Gazpio (Araba) eta Abadiñoko Urien (Bizkaia). Denei eman diete diploma bana.

Abere dotoreak

Ordiziako iraileko azoka bereziko protagonismoa Beti Alai pilotalekuan egosten denak hartzen duen arren, handik harago bada azoka eta bada giroa, Euskal Jaiak dira eta. Garagartza plazan egiten den ganadu azoka da adibide bikain bat. Abere dotoreen bueltan jendetza aritu da beha, bere kuttunenaren bila. Nagore Orbeak ezin du Aretxabaletako Zaloña Aurrekoa baserritik (Gipuzkoa) ekarri dituen piriniar jatorriko zazpi behien artean aukeratu: «Jendea ikusmiran ibiltzen da, eta epaimahaia begira dabil... Garrantzitsuena guretzat etxera minik hartzeke ailegatzea da. Saririk handiena horixe da».

Horixe ere bada Segurako eta Lazkaoko (Gipuzkoa) talo goxoei eta dozena erdi bat postutan salgai dauden erroskilei kosk egiten dietenen gogoa: mokadu goxoa kontrako eztarritik ez joatea. Horretarako dabil jendea, gustura, sagardoa eta ardoa edaten; horretarako dituzte salgai, beste postu batean, larruzko zahato finak ere.

Euri tanta gutxiren bat egin badu ere, ateri eutsi dio egunak, eta jendetza aritu da batera eta bestera; baserritarrez jantzita, gutxi. Horixe da Adela Rosana Stoicaren pena: «Asteazkenetan baino jende gehiago dago, baina gutxi etorri da baserritarrez... Nik txapela daramat; egunero eramaten dut, e!». Errumaniarra da jatorriz, eta hamasei urte daramatza Ordizian bizitzen. «Asteazkenero etortzen naiz, Judith Garciak gazta oso goxoa duelako, baita esnea ere. Barazkiak, zer esanik ez. Sasoiko janaria erosteak asko balio du: tomatearen usaina ederra da, sagar bat bezala jaten da eta benetan gozagarria da».

Ondo daki hori Aramako Aiesta baserriko (Gipuzkoa) Miren Jauregik. Letxuga, lekak, tomateak, porruak, arrautzak… Sasoiko jeneroa du mahai gainean. «Asteazkenero etortzen gara, eta azoka berezian jende gehiago egoten da, baina saldu, gutxiago», ziurtatu du. Nola ote? Han inguruan dabiltza Joxe eta Ixabel, Hernanitik (Gipuzkoa) etorriak, sagarrei, piper gorri eta berdeei, forma askotako tomateei, tipulei, azenarioei, kuari, irasagarrari eta beste hainbat produkturi begira. Lehen aldia dute Ordiziako azoka berezian: «Ea zer ikusten dugun. Azkeneko orduan erosiko dugu, jenero guztia ikusi eta gero». Ez da estrategia txarra.

Lehorteak kalte

Txarra dena lehen sektorearen egoera da. EHNE sindikatuak protesta bat egin du azokan, salatzeko lehorteak gogor eragin diela nekazaritzari eta abeltzaintzari. Ur eskasiak kalte zuzena egiten die, kostuak, galerak eta lan karga handitzen dizkielako. Horren aurrean neurriak hartzea exijitu diete erakunde publikoei: «Erakunde publikoen erantzun bat behar dugu, eta behintzat arindu bat eman egoera honi».

Lehorteak uztari kale handia egin dion arren, azoka berezian badago zer begiratua, eta badago zer erosia. Trikitilariek, pandero jotzaileek eta dultzaineroek alaitu dute Ordiziako plazako arkupeko giroa, eta kolorez jositako mahaiak dotore jarriak dituzte. Hain zuzen, Ibarrako Montes etxekoek, Gabiriako Bekoetxekoek, Tolosako Aldaba Zahar baserrikoek eta Olaberriako Etxeberri Goiko etxekoek irabazi dituzte asteroko azokako baserritarren postu onenen aipamenak.

Garrantzia du erakusten denak, horixe baita Ordiziako azoka berezia: etxeko jenero ona erakusteko toki paregabea. Horretaz badaki zerbait Lazkaoko Biona baserriko (Gipuzkoa) Iñigo Aranburuk: «Gure amonak esaten zuen azoka berezia azoka galdua izaten dela: jendea ikusmiran izaten da. Ez dugu asko saltzen, baina hori ez da dena: erakusleiho bat da». Eta berritasunak aurkezteko parada ezin hobea ere bada, haren ustez: «Koloretako leka ekarri dugu; aurten lehenengo aldiz landatu dugu, eta espresuki azoka berezirako ekarri dugu, baita piper morroi gorria ere».

Aranburu, asteazkenero Ordizian izateaz gain, moda kontuetan ere aritzen da, eta ezaguna egin da horregatik sare sozialetan. Azoka berezirako ere ondo aukeratua du jaka marroi dotorea: «Gure birramonak zera esan zion gure amonari azokara lehen aldiz etorri zenean: 'Maria Dolores, jarri guapa, gehiago saltzen duelako daramazunak produktuak baino'. Nik inkontzienteki hori ere badaramat. Ez da marketina soilik; moda atsegin dut, eta gustuko dut barazkiez gain nire estiloa ere erakustea. Hau erakusleiho bat da, zentzu guztietan».

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA