Bi minutu eta 37 segundo. Fuente Ymbro ganadutegiko zezenek arriskua sortu dute ukuilutik zezen plaza arterainoko ibilbidean. Tentsio nagusia, batik bat, San Domingo aldaparen goiko aldean izandako eroriko batek eragin du. Multzoaren amaiera aldean zihoazen bi zezen beltzek estropezu egin dute joaldun batekin, eta erori egin dira. Hormaren kontra zegoen korrikalarietako batek zezen bati kolpea eman dio, baina hark ez ikusiarena egin eta aurrera jarraitu du.
Gauean euria egin du, eta zoru bustiak beti dakar berekin arrisku gehigarri bat; izan ere, baliteke zezenek irrist egitea eragozten duen likidoaren efektua leuntzea. Duela hogei urtetik hona bota ohi du Iruñeko Udalak likido hori, eta horrela zezen multzoen sakabanatzea eragozten du. Zezenak, gainera, korrika egitera ohituta daude, eta ez dituzte euren kideak ikusmiratik galdu nahi.
Hori gertatu da gaurkoan ere. Nahiz eta erori, ahalik eta azkarren altxatu eta aurrera jo nahi izan dute zezenek. Udaletxetik Mercaderesko bihurgunerainoko zatian, aurretik zihoan multzoak garbi utzi die kalea atzeratutako bi zezenei, eta, haien indarra eta abiadura ikusita, ezinezkoa zen haien erritmoari eustea. Korrikalarietako bat zezenetako baten parean jarri da, baina berehala egin behar izan du alborantz, eta erori egin da.
Multzoa sakabanatuta iritsi da Estafetara, eta abiada betean hartu dute bihurgunea. Kale luze horretako 400 metroetan, adar artean korrika egiteko aukera izan dute lasterkariek, baina lehia bizia zegoen euren artean. Jendetza zegoen, eta alboetan geldi dauden horiek gehituta, arriskua handia izan da, baina zezenek aurrerantz jo dute une oro, inguruan gertatzen zen horri erreparatu gabe, entzierroaren tranpatik ihesi.
Bi taldetan heldu dira zezenak plazara. Zezenetako batek plazaren albo baterantz egin du, bere oinek harea zapaltzerakoan erosoago sentitu eta inguruan zuen jendetzaz jabetuko balitz bezala. Hala ere, nahiago izan du bere kideen atzetik jarraitu, han zeudenen hobe beharrez.
Fernando Dominguez Nafarroako Gobernuko Osasun kontseilariak jakinarazi duenez, sei korrikalarik artatze berezia behar izan dute: horietako bost ospitaleratu dituzte, guztiak erorikoen eta kolpeen ondorioz. Beste bat San Martin Doktorea osasun etxe berezira eraman dute. Ez da adarkaturik izan, lehen informazioen arabera, bederen.
Jose Aldaba gogoan
Gurutze Gorriak eta Fernando Dominguez Osasun kontseilariak Jose Aldaba Gurutze Gorriko komunikazio buru izandakoa omendu dute. Urtarrilean hil zen. Entzierroko zaurituen berri emateagatik egin zen ezagun.