Espainiako Poliziak pertsona bat atxilotu zuen atzo Iruñean sanferminetako txupinazoaren aurretik. San Domingo kalean izan zen atxiloketa, festazale talde bat Udaletxe plazara sartzen saiatu zenean. Ohi denez, txupinazoaren aurretik plaza hustu eta sarrerak itxi zituzten, segurtasuna bermatzeko asmoz. Orduan sortu zen liskarra, eta pertsona bat atxilotu zuten desordena publikoa leporatuta. Hori baino lehen, San Saturnino kaletik sartzeko saiakera ere egin zuten zenbaitek, baina ez zuten lortu Udaletxe plazara iristea.
Goizeko hamaika eta erdiak aldera izan zen atxiloketa. Poliziak esan zuenez, debekatuta zeuden hainbat objektu zeramatzaten txupinazora, tartean, arrautzak. Gedar.eus-ek jakinarazi duenez, ordea, «aldarri politikoak» zeramatzaten.
📹 Iruñean, sanferminen hasierako txupinan, Espainiako Polizia eta udaltzainak jendearen aurka oldartu diren unea.
— Gedar.eus (@GedarLangileKZ) July 6, 2025
Jendea Udaletxe Plazara aldarri politikoak sartzen saiatzean kargatu du Poliziak, hainbat pertsona zaurituz eta haietako bat atxilo eramanez. pic.twitter.com/ILNnjnwXB9
Aurtengo suziria Yala Nafarroa Palestinarekin elkarteko kideek jaurti zuten. Gazako genozidioaren aurkako aldarriarekin eman zieten hasiera festei, eta «Free Palestine» oihukatu zuten.
Gaur festa bete-betean dira Iruñean. Lehen entzierroa izan da goizean. Cadizko (Espainia) Fuente Ymbro abeltzainen zezenak ziren gaurkoan. Jendez gainezka zeuden kaleak, lasterketa ikusteko gogotsu. Zoruak bustiak zeuden, beraz, zenbait korrikalarik eta zezenek irrist egin dute. Horregatik, bost ospitaleratu dituzte, baina ez da adarkadarik izan.