Geologian doktorea

Ainhoa Alonso Olazabal: «Arrokek funtsezko ezagutza eman didate gero zeramika arkeologikoak ikertzeko»

Zeramiken zatiak mikroskopioaren laguntzaz behatzen ditu Alonsok, piezak sortzeko erabili zituzten teknikez gehiago jakiteko asmoz: «Zeramikak gizarte moduan nola eboluzionatu dugun islatzen du, nolabait».

Ainhoa Alonso Olazabal. ANDONI CANELLADA / FOKU
ANDONI CANELLADA / FOKU
itsaso jauregi 2
2026ko martxoaren 13a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Geologia ez da paisaietan eta mendietan bakarrik agertzen; eskala txikian ere azaltzen da: lurzoruko buztinetan edo antzinako zeramiken hondarretan. Mikroskopioa eskuan, arrasto horiek guztiak bildu eta ikertzen ditu Ainhoa Alonso Olazabalek (Azpeitia, Gipuzkoa, 1970). Geologiako doktorea da, eta EHUko irakaslea. Buztina, eskuak eta garraioa: iraganaren azterketa geologikoa hitzaldia eman zuen martxoaren 5ean, Geologia olerkari, miope eta despistatuentzat. Mikro Makro jardunaldietan.

Noiz egin zenuen topo geologiarekin?

Institutuan zientzia irakasle ona izan nuen, eta orduan piztu zitzaidan geologiarekiko dudan jakin-mina: dokumentalak ikusten hasi nintzen, eta horren harira erabaki nuen geologoa izatea. 

Geologian murgiltzean, arrokak izan zenituen ikergai?

Bai, arrokekin aritzen naiz. Formakuntza geologikoari dagokionez, arroka gogorren petrologoa naiz, arrokek adierazten duten prozesu geologikoekin aritzen naizelako. Baina 2000. urtean zeramika arkeologikoekin lan egiten zuen lankide bat gaixotu zen, eta hor hasi nintzen zeramikak ikertzen.

Arrokak behatzea lagungarria izan zen zeramikak ikertzean?

Bai. Azkenean, arrokak naturalak dira, eta horien azterketa lagungarria izan da gero zeramikak aztertzeko: arrokek funtsezko ezagutza eman didate pieza arkeologikoak ikertzeko. Zeramiketan adierazle mineralogikoak topatu behar ditut jakiteko nongoak diren. Biak lotuta daude, batik bat antzinakoak direnak. 

Zerk harritu zintuen gehien zeramikatik? 

Ez nuen pentsatzen zeramikak horrelako informazioa emango zuenik. Ohituta nengoen arrokak mikroskopioan begiratzera eta ikustera material horiek zer informazio ematen zuten. Baina zeramikak behatzean, ikusten nuen zer-nolako ezaugarriak zituzten eta zer-nolako buztina erabili zuten horiek egiteko, adibidez.

«Zeramikak behatzean, ikusten nuen zer-nolako ezaugarriak zituzten eta zer-nolako buztina erabili zuten horiek egiteko»

Zeramika bat aztarnategi batean aurkitu eta gero, zein da hurrengo pausoa?

Lehenik eta behin, arkeologoek beren lana egiten dute: pieza aurkitu eta gero, sailkatu egiten dute, haiek badakitelako zer adin duen objektuak. Nire eskuetara iristen denean, objektua mozten dut, xafla mehe batzuk atera, eta mikroskopioarekin behatzen ditut. 

Zer ikusten da mikroskopioaren leiarrean?

Mikroskopioari esker, ikusten dut zer-nolako ezaugarriak dituen buztin horrek, edo zer materialekin egiten zuten. Era berean, ikus dezaket zeramikak nola egiten zituzten ere, zer-nolako teknologia erabiltzen zuten horiek egiteko.

Garai desberdinetako piezetan ikus daiteke eboluzioa?

Bai. Normalean, ikus dezakegu eboluzio bat egon dela zeramikak egiteko moduan. Gero eta hobeto egiten zituzten, eta teknikak aldatuz joan ziren: hasieran, eskuz egiten zituzten, eta gero tornuak erabiltzen hasi ziren.

Piezak non egin zituzten ere ikus dezakezu?

Batzuetan. Ikusten dudana eremu geografiko batekin lotzen dut, azaltzen diren arrokei eta buztinei esker. Mikroskopio elektronikoek aukera ematen didate analisi kimiko bat egiteko, eta ikus dezaket zer-nolako ezaugarri kimikoak dituzten zeramika horiek. Batzuetan, piezak egiteko erabili den buztina zer zonatakoa den ikus dezaket.

Zeramika horiek egin duten bidea ere ikertu duzu?

Bai. Hainbat aztarnategitan errepikatzen diren zeramikak aztertzen ditugu. Behin aztertzen dugunean zer-nolako buztina erabili zuten, gutxi gorabehera badakizkigu zeramika horien ezaugarri nagusiak. Zeramika horien ezaugarriak hainbat aztarnategitan agertzen badira, jakin dezakegu komertzioa zegoela: eremu horien arteko trukea. Batzuetan, zeramikak erabiltzen ziren produktuak garraiatzeko, gero beste eskualdeetara eramateko. Horrela ikusten dugu zer-nolako sarea zegoen, zer-nolako komertzioa zegoen garai batean.

«Arkeometria zera da, azken finean: material arkeologikoei metodo zientifikoak eta teknologikoak aplikatzea»

Beste elementuak ere aztertu dituzu?

Bai. Hainbat garaitako zeramikak aztertu ditut, baina erromatar garaiko eltze batzuekin ere lan egin dut. Erromatar garaiko eltze horien forma oso berezia dela ikusi dugu, eta Euskal Herriko kostaldeko portuetan daude banatuta. Horiek dira, nire ustez, erromatarren garaiko komertzioa nolakoa izan zen adierazten duten elementuak.

Ikerketa prozesu horri arkeometria deritzo?

Bai. Arkeometria zera da, azken finean: material arkeologikoei metodo zientifikoak eta teknologikoak aplikatzea. Askotan, nahasketa bat da: arkeologia, kimika eta geologia elkartzen dira. Arkeometriak material mota asko analizatzen ditu; horien artean, zeramika. Aurkitutako materialak ulertzeko teknika analitikoak erabiltzen dira: nolako eboluzioa izan duten jakiteko, nola fabrikatu zituzten jakiteko, eta zer tenperaturatan egosi ziren ikertzeko. Eta ondorio bezala, jakin genezake nolako difusioa izan zuten material horiek. 

Aurrerapen teknologikoei esker ikerketa ate berriak irekitzen dira?

Bai. Teknologiaren aurrerapenak onura izugarriak ekarri ditu. Gaur egun, jakin daiteke zer ziren zeramiketan garraiatzen zituzten hondar organiko horiek. Bestalde, gero eta teknika gehiago daude material arkeologikoa apurtu gabe informazioa ematen digutenak.

Zer onura ekarriko luke?

Jakin genezake zer-nolako mineralek osatzen dituzten, eta analisi kimiko orokor batzuk egingo genituzke. Baina oraindik ez dugu lortu mikroskopioz ikusten den informazio hori pieza apurtu gabe lortzea. Aurrerapen ikaragarria izango litzateke. 

Nolako etorkizuna aurreikusten duzu arkeometrian?

Hondar organikoen analisiak egiten dituzten teknikak geroz eta hobeagoak izango direla uste dut. Ez dakit nola eboluzionatuko duen teknologiak, baina denbora gutxian aurrerapen ugari izan ditugula esan daiteke. Hasi dira 2Dan ikusten dugun hori 3Dra pasatzen, eta iruditzen zait hori lan izugarria izan daitekeela. Ilustratzaileek aztarnategietan aurkitzen diren ontzi horiek margotzea eta 3Dan ipintzea oso lagungarria da zeramikak nolakoak ziren ikusteko.  

Uste duzu behar bezala baloratzen dela zuen arloan egindako lana?

Ez dago ondo baloratuta zeramiketan edo arkeometrian egiten den lana. Iruditzen zait oso garrantzitsua eta aberasgarria dela, eta informazio asko lortzen dugula. Zeramikak gizarte moduan nola eboluzionatu dugun islatzen du, nolabait. Geologoen artean ez dago oso ondo ikusita arkeometrian lan egitea; gutxietsita dagoela esan daiteke.

Zeramikak ikertu eta gero, zer gertatzen da pieza horiekin?

Zatitxo bat kentzen dugu, eta gero piezak museora bueltatzen ditugu; bertan gordetzen dituzte. Horrelako azterketek balio handiagoa ematen diete museoko piezei, nire ustez. Arkeometriaren bitartez egiten diren ikerketa horiek aukera ematen dute ondare kulturaleko materialen testuingurua ezagutzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA