Nekane Zinkunegi. Info7ko esataria

«Arrosako irrati txikiek erakusleiho ona izan dezakete 'Zebrabidea'-n»

Astelehenean, 'Zebrabidea' saioa gidatzen hasi zen, Arrosa sareko irratientzat. Asteartean, Espainiako Auzitegi Nazionalean deklaratu behar izan zuen, 'Topatu'-rentzat ekitaldi baten berri emateagatik.

JON URBE / ARGAZKI PRESS.
urtzi urkizu
Andoain
2014ko urriaren 10a
00:00
Entzun
Info7ko Donostiako egoitzan Zebrabidea euskarazko magazina gidatzen du arratsaldero, 16:00etatik 18:00etara. Arrosa sareko irratien elkarlanarekin «pozik» dago Nekane Zinkunegi (Errezil, Gipuzkoa, 1990).

Zebrabidea saioa duela hamar urte sortu zuen Hala Bedi irratiak, eta beste irrati batzuekin elkarlanean egin zuten ondotik. Nolakoa izango da Zebrabidea berriaren funtzionamendua?

Arrosako irratien artean ikusten da trinkotu behar dela sarea. Iazko ikasturtean erabaki zen koordinazioan pertsona bat jartzea: Jon Aranburu. Sareak erreferentziazko saio bat izatea ere erabaki zen, eta Zebrabidea aukera ontzat jo zen. Saioak lehendik duen esentzia mantenduko da, batik bat elkarlana. Ahots askoko saio bat izango da, 30 kolaboratzaile ingururekin. Leku askotako kontuen berri ematen saiatuko da. Arrosako irrati gehienek eman dute baietza saioa emateko.

Astean bi tertulia egingo dituzue. Nolakoak?

Goizak gaurkotasun politikoa lantzeko izan ohi dira. Arratsaldeak, berriz, beste gai batzuk lantzeko iruditu zitzaizkigun: gizarte gaiak, kultur arlokoak eta tokiko kontuak lantzea.

Nahiz eta jende askok parte hartuko duen, zuk zer izaera emango diozu irratsaioari?

Herri txiki batekoa naizenez, tokiko gaien berri ematea interesatzen zait. Irrati txikiek erakusleiho ona izan dezakete Zebrabidea-n. Genero ikuspegia jorratzeko ahalegina ere egin nahiko nuke. Beste saio bat umorerako tartea izan daiteke.

Nola sartuko duzue umorea?

Saioa diseinatzen ari ginela, umorearentzat tarte zehatz bat sortzea erabaki genuen. Baina komentatu genuen ezin garela txiste errazetan erori. Ostiraletan Mikel Elortzak astearen gainbegiratu kritiko ironikoa egingo du. Mirari Martiarenak tarteka txorakerien tartea egingo du.

Irratiak erraztasunak ematen ditu mota honetako proiektu bat garatzeko?

Bai. Telefono bidez ia leku guztietako ahotsak ekar ditzakegu. Hala ere, ahalegina egiten ari gara estudioak lotzeko. Aplikazio berezi batek aukera ematen du estudioak konektatzeko. Urruña, Donostia eta Gasteiz lotzeko eginahala egina dugu. Soinu kalitatea bermatzen saiatzen ari gara. Zebrabidea-k aprobetxatu behar du irratiak ematen duen erraztasuna, ahalik eta dinamikoena eta biziena izateko.

Irratsaioarekin hasi zaren aste berean, Espainiako Auzitegi Nazionalean deklaratu behar izan duzu. Nola igaro dituzu egun hauek?

Estreinaldiz jositako astea izaten ari da, bai. Astelehenean irratsaioarekin hasi, eta, hurrengo egunean, Madrilera joan behar izan genuen deklaratzera. Harridura dezentearekin hartu genuen inputazioa bera. Abuztu bukaeran jakin genuen Eloy Velasco epaileak deklaratzera deitu gintuela. Pentsatzen genuen Gazte Danbadako ekitaldiko bideoak Topatu-ren webgunetik kenduta kontua horretan geldituko zela, baina soka luzatu eta guregana iritsi zen. Saiatu ginen Euskal Herrian deklaratzen, baina ezin izan zen, galdera zehatzak egin behar omen zizkigutelako. Arduratuta joan gara, baina harro Topatu-k ez duelako inola ere «terrorismoa goratzen». Informazio lan hutsa egiten duelako.

Horrelako gertaerek erakusten dute adierazpen askatasuna ez dagoela bermatuta, ezta?

Ez. Adierazpen askatasunaren aurkako eraso bat gehiago da. Topatu auzipetzea prentsa askatasunaren aurkako eraso larria da, kontuan izanda hedabide gehiagok eman zutela Gazte Danbadaren berri. Asmo ezkutu bat dago gazte antolakuntza abertzale eta ezkertiarra terrorismoarekin lotzeko eta, ondorioz, gazte egitasmo komunikatibo bati bide bat ixteko lanean segi dezan. Modu absurdoan ari dira, bideo batzuk sarean jartzeagatik ez baita inor auzipetzen. Bideoak EITBk jarri izan balitu, inor ez zen kexatuko.

Elkartasun uholdea jaso duzue.

Topatu-ko hiru kide auzipetuta geundela jakin zenean, Twitter sutan hasi zen. Norbanako, eragile eta hedabide askok adierazi digute babesa. Sekulakoa izan da azkeneko egunetan jaso dugun babesa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.