Zenbat kabitzen den Oiartzungo (Gipuzkoa) udaletxeko arkupeetan. Arroz eta barazki usain goxoak erakarrita, halabeharrez han bukatzen du herrian paseoan dabilen edonork. Behin arkupeen azpian, sukalde txiki asko aurki daitezke: tipula mozten, haragia txikitzen, barazkiak egosten, oilaskoa irinez estaltzen, arroza iraultzen eta beste hainbat zereginetan ari dira pertsona ugari, eta haien lana miresten eta haren emaitza desiratzen beste hainbeste. Arroz ugari kabitzen da arkupe haietan, era askotako arroza. Eta Euskal Herri oso bat kabitzen da: Ukrainako, Ekuadorko, Gineako eta beste hainbat lekutako euskal herritarrak.
Munduko Arrozak jaialdia egin dute gaur Oiartzunen, Abarka gobernuz kanpoko erakundeak antolatuta. Dozena bat jatorritako pertsonak beren erara aritu dira arroza prestatzen, eta hura dastatzeko aukera izan dute bertaratutakoek. Sukaldari gehienak Euskal Herrian bizi dira, eta beste batzuk hamar bat egunerako etorriak dira, Abarkak Erasmus+ egitasmoaren bidez ekarrita. «Euskal Herrian dauden kultura desberdinak erakusteko egiten dugu. Arroza hartzen dugu oinarri, baturaren adibide gisa. Desberdin prestatzen dute: Euskal Herriko aniztasuna jendeari erakustea da helburua», azaldu du Abarkako kide Maitane Rebek.
Zergatik arroza soilik jan? Elosiek lehen eta bigarren platerak eskainiko dizkie oiartzuarrei. Gineakoa da, eta Erasmus+ egitasmoaren bidez etorri da Euskal Herriara. «Maite dut!», kontatu du, oilasko izterrak irinez estaltzen ari den bitartean. «Arroza mazedoniar erara egiten ari naiz, eta irinez estalitako oilaskoa ere bai. Geroxeago frijituko dugu».
Talde lanean kozinatzen
Hura bai itxura... Bukatu gabe dutenez, beha segitzea besterik ez du oraindik bisitariak. Hurrengo geltokia: Ukraina-Euskadi elkartekoen sukaldea. «Ukrainako trikuak kozinatzen ari gara. Arroza, haragi txikitua, tipula, arrautza eta bi baratxuri atal nahasten dira, eta bolatxoak egin», hasi da azaltzen Natalia Boychuk elkarteko kidea. «Begira, begira!». Bere atzeko mahaian lau bat kide ditu, orea bildu eta bildu. «Saltsa bat ere egiten da, gatza botatzen zaio, espeziak... Dena lapikoan jartzeko ordua iristean, lehenik trikuak jartzen dira, eta gainean saltsa. Hamar minutuz egosi, eta kitto!».
Ekuadorko Didier Izak ere uste du «erraza» dela prestatzen ari diren cevichea egitea. Ikusteko dago. Tipulak, tomateak, ganbak eta piperrak mozten ari dira. «Osagai denak moztu ostean, laranja eta limoi zukuarekin elkartzen dugu. Arrozarekin jango dugu, baina ez da batere ohikoa».

Munduko Arrozak jaialdian, noski, ezin arrozik gabe egin. Hala ere, beste bide bat hartu du Hafidak. «Kuskusa egiten ari gara, Marokoko kuskusa. Tipula, tomatea eta barazkia ditu, oilaskoa, haragia...», hasi da, eta han etorri da korrika haren seme Omar. «Barazki denak ditu! Egun berezietan egiten dugu; bereziki, ostiraletan».
Larunbata izan arren, berezia izan da Oiartzunen egosi dena. Eta goxoa: bapo bazkalduta joan dira asko etxera, eta elkartasuna elikatuta.