Txikitako zaletasun zena lanbidea da orain Ane Urzelai artistarentzat (Legazpi, Gipuzkoa, 2003). Ikasketak Bilbon hasi eta Altean (Herrialde Katalanak) amaitu ditu. Orain, Argentinan du hurrengo erronka. Urrian bere sorkuntzaz osatutako erakusketa bat abiatuko du San Juan hirian.
Alteara joan zinen orain dela urtebete. Nolatan?
Ikerkuntzaren mundua deskubritu nuen, eta argi ikusi horri buruzko master bat egin nahi nuela. Kontu pertsonalengatik, kanpoan egitea erabaki nuen, eta, azkenean, Alteara joan nintzen Arte Proiektuen Ikerketa masterra egitera. Han izan naizen bitartean ere, askotariko proiektuak egin ditut. Orain dela gutxi Muro d'Alcoin egon ginen, eta arte kolektibo bat sortu dugu han: herri ugari bisitatzen ditugu, eta tailer batzuk egin ditugu bertako tradizioa ardatz izanik. Tailerrei bukaera emateko, erakusketa bat egin dugu sorkuntzekin.
Beste proiektu batzuk ere izan dituzu...
Alacanten izan nuen bat. Este lugar no es habitable [Leku hau ez da bizigarria] deitzen da proiektua, eta ikaskide batekin batera egin nuen. Ni paisaia eta lurraldeei buruz ikertzen nenbilen, eta hura kontsumituak izan diren lurraldeei buruz; leku abandonatuez, adibidez. Biok galdera bera egin genion geure buruari: «Nork du leku bat bizilekutzat hartzeko eskubidea?». Eta galdera horretatik abiatu genuen gure proiektua. Alacanteko kaleetan ibili ginen hiriko hainbat lekutatik kanporatu duten jendearekin hitz egiten, etxegabeekin. Testigantza batzuk batu genituen, eta kanporatuak izan diren toki horietan esku hartu. Este lugar no es habitable zioen pintada bat egin genuen pertsona horiek kanporatu zituzten leku guztietan, eta, gero, argazki bat atera. Azkenik, fanzine bat sortu genuen argazkiekin eta testigantzekin, ikusarazteko edonork ez duela eskubiderik leku horretan bizitzeko, nahiz eta beharra izan. Azkenik, erakusketa bat egin genuen; kartografia bat, esku hartu dugun lekuetako argazkiekin eta testigantzekin osatua. Hori da proiektu batean egiten duguna: gai bati buruz ikertu, eta haren inguruan sortutako pentsamendu, kritika eta ezinegonei arte forma eman. Kasu honetan, galdera hau genuen: «Nork du eskubidea leku batean bizitzeko?».
«Arteak kritika bat egiteko, ezinegon bat azaleratzeko, zerbait kontatzeko edo politika egiteko balio dezake, besteak beste»
Nondik abiatuz sortzen duzu artea?
Niretzat, artea ezinegon batetik sortzen da. Artea ederra izateko sortzen dela dioen diskurtsoa alteratuta dago. Arteak kritika bat egiteko, ezinegon bat azaleratzeko, zerbait kontatzeko edo politika egiteko balio dezake, besteak beste. Lagun batek disko baten azala egiteko eskatzen didanean ere, sorkuntza horrek esanahi bat du atzean: haien ideiak irudikatu behar ditu. Arteak gauza askotarako balio du, baita komunitatea sortzeko ere, azken proiektuarekin egin dudan bezela. Gauza askotarako balio du: ez da edertasunera mugatzen.
Gizartean dauden ideiekin lotuta, jende askorentzat artea ez da koadroak eta eskulturak besterik. Zuk zer diozu horren inguruan?
Azkenaldian aldatzen ari da diskurtso hori; gaur egungo arte panoraman arreta jartzen zaio kontatu nahi duzun horri. Horren arabera hasten zara lanarekin. Materialak lortzen, adibidez; nik kutsaduraren inguruko artelan bat egin nahi badut, agian mendian aurkitutako zaborra da hori kontatzeko hizkuntzarik onena. Material horrek jada karga bat du, kutsadura hori sortzen duen material bera da eta. Orain arte diziplinak banatu egin dira, baina gaur egun asko nahasten dira. Diziplinen arteko tartea lausotzen ari da.
Noiz eta nolakoa izan zen artearekin izan zenuen lehen harremana?
Txikitan izan nuen lehen harremana artearekin, gurasoekin edo eskolan margotuz. Beti izan da nire zaletasunetako bat, eta txikitatik joaten nintzen margolaritza klaseetara, Bilbora bizitzera joan arte. Han Arte Ederretako ikasketak egin nituen; Sorkuntza eta Diseinuko Gradua, zehazki. Bitartean, askotariko proiektuetan egin dut lan; lagunentzat edo inguruko jendearentzat diskoen azalak sortzen, adibidez. Baita lagunentzat ez ziren enkarguak egiten ere; Santikutz txirrindulari lasterketako garaikurrak, besteak beste. Bere garaian konfiantza osoa jarri zuten nigan sari horiekin; oso gustura aritu nintzen, eta, ordutik, urtero egin ditut. Horrez gain, erakusketa batzuk ere egin ditut Legazpiko kultur etxean, adibidez.
Argentinara joatekoa zara laster. Zein da zure hurrengo lana?
Bai, irail amaieran Argentinara joatekoa naiz erakusketa bat egitera. Urrian hasiko da. Urduri samar nago, bat-batean inoiz kudeatu ez ditudan gauzak kudeatu behar ditut, eta erabakiak hartzen hasi behar dut; nola bidali gauzak, aduanak… Horrelako gauzak. Oso pozik nago, egia esan, iruditzen baitzait aukera bat dela niretzat. Ez dakit zenbat denbora egingo dudan han; ez dut bueltatzeko egun zehatzik.
LOTSABAKO
Artista bat?
Jun Martinez.Inspiratzen zaituen leku bat?
Etxeko balkoia.Artearen hizkuntza gogokoena?
Margolaritza.