Proposamena

Artilea zizelkatuz sortutako bizitza

Noemi Belanger txotxongilolari quebectarraren erakusketa dago ikusgai Tolosako Topic museoan: 'Gauzen arima'.

Noemi Belenger artista, bere bi txotxongiloren alboan. TOPIC
Noemi Belenger artista, bere bi txotxongiloren alboan. TOPIC
enekoitz telleria sarriegi
2026ko abuztuaren 22a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bizigabeari bizitza eman nahiak betetzen du Noemi Belanger. «Mundu narratibo eta bisualak sortzen ditut, bizigabeari bizia emateko dudan nahiak gidatuta. Nire lanaren bidez, espezieen arteko loturak zehaztu nahi ditut berriro, elkarri eragiten dioten eta agerian geratzen diren pertsonaiak aurkezteko, gizakiak izan zein animaliak izan», azaldu du artista quebectarrak. «Eta nire obren neurriak aldakorrak dira: giza eskala bezain handiak izan daitezke, eta elkarrekin batera aritzen dira eszenatokian, erakusketa aretoetan eta pantailan. Nire lana poema bisual bat da, sinbolismoz ehoa». Tolosako (Gipuzkoa) Topic museoan dauzka jarrita, eta irailaren 20ra arte daude ikusgai.

Artista polifazetikoa da Belanger: eskultorea, artisaua, txotxongilogilea, aktorea eta musikaria. Txotxongilogile gisa, alegiazko pertsonaiak sortzen ditu, giza itxurakoak zein animaliak, aldi berean fantasiazkoak eta sakonki gizatiarrak. Gauzen arima erakusketa da horren adierazgarri. «Bost eszenen bidez, hainbat tamainatako giza eta animalia pertsonaiak ezagutzera gonbidatzen gaitu, baita giza eskalara iristen direnak ere. Noemik ikus-arteen eta arte eszenikoen arteko elkargunean lan egiten duten antzerki eszenak sortzen ditu. Lana gizakian, haren hauskortasunean eta iheskortasunean oinarritzen da», azaldu dute Topiceko erakusketaren antolatzaileek.

Belangerrek hainbat materialekin egiten du lan, baina arreta berezia eskaintzen dio artileari. Eta animalia jatorriko materiala aukeratzea ez da ausaz egindako aukeraketa bat. «Belangerrek artilea aukeratzen du bizidunaren berezko ezaugarri horiek gainditzeko eta sentsazio sinestesikoen bidez begiradari eragiteko». 

Milaka puntada

Topiceko erakusketa horren antolatzaileek aurkezpenean diotenez, materialaren aukeraketaren bidez, pertsonaien aurpegi mimikaren eta gorputz jarreren bidez «giro murgiltzailea» sortzen du Belangarrek, «baita emozioari eta enpatiari dei egiten dion ikusizko narrazio bat ere».

Ehungintzaren artean aditua da Belanger. Feltroaren eta orratzaren erabileran artista. Artilea zizelkatzen du, eta milaka puntadaren emaitza da haren lana. Agerian gelditzen da artisau baten lana dela berea. «Testurek lana eskuz egina dagoela gogorarazten dute, pertsonaiei oihartzun gisa lanaren atzean gizakia existitzen dela helaraziz», azaldu dute antolatzaileek. Diotenez, konposizioetan erabiltzen dituen materialek eta feltro itxurako artileak «nolabaiteko inperfekzioa» ematen diete irudiei, «gizatasun maitagarri bat», eta animalia azala duten gizaki horiek sortutako efektu bisualak «ukimen sentsazioak» pizten ditu begiradan. «Benetako narrazio lan paregabeak dira, eta artistak ez du zalantzarik eszenan jartzeko. Haren pertsonaiek bisitariarenean iltzatzen dute begirada, elkarrizketa bat hasteko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA