Sortzailea

Deikunde Barrutia Uriarte: «Artisauak garrantzitsuak gara mundu artifizial honetan»

Harriak bildu, sailkatu eta elkarrekin hizketan jartzea da Barrutiaren eguneroko lana. Presarik gabe, denborari bere tokia emanez, piezak poliki eratzen ditu, artisautzaren erritmo geldoan, emaitza bakoitza bakarra eta «errepikaezina» izan dadin.

Deikunde Barrutia Uriarte, bere lanekin. UNAI ETXENAUSIA
Deikunde Barrutia Uriarte, bere lanekin. UNAI ETXENAUSIA
unai etxenausia
2026ko urtarrilaren 7a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Deikunde Barrutia Uriarte artistak (Arrasate, Gipuzkoa, 1966) harri txikiekin eta ilustrazioarekin lan egiten du. Natura du inspirazio iturri nagusi, eta aurkitutako materialak manipulatu gabe erabiltzen ditu, irudi poetiko eta emozionalak sortzeko. Duela lau urte erabaki zuen bere zaletasuna lanbide bihurtzea, eta, ordutik, sormena, jolasa eta intuizioa uztartzen ditu pieza bakoitzean. Haren lanek ez dute erantzun bakarra bilatzen: ikuslearen irudimenari atea irekitzea da helburua.

Zure lana intuiziotik abiatzen da. Nolakoa izaten da obra bati ekiteko lehen une sortzaile hori?

Materiala lurrera botatzen hasten naiz normalean: harriak, adreilu zatiak, azulejoak… eta hor hasten naiz jolasten, collage modukoak egiten. Konbinatzen ditut, hurbildu, urrundu, elkartu, banandu… Irudi bat ikusten dudanean hasten naiz benetan lantzen. Batzuetan zerbait konkretua egin nahi izaten dut —txirrindulari bat, adibidez—, eta harri jakin batzuk bilatzen ditut horretarako. Baina gehienetan ideiarik gabe hasten naiz lurrean jolasten, eta irudiak berez etortzen dira.

Nola hasi zen proiektua?

Cadiztik ekarri nituen nire lehen harritxoak; hemen ez dauden harri batzuk daude hango hondartzetan. Orduan ez nuen argi zertarako izango ziren, baina gordetzen hasi nintzen. Urte askoan ganbaran eduki nituen, eta duela lau urte hasi nintzen serio pentsatzen zerbait sortu nahi nuela. Betidanik izan dut sormena barruan.

Harritxoekin sortutako lana. UNAI ETXENAUSIA
Harritxoekin sortutako lana. UNAI ETXENAUSIA
Noiz sentitu zenuen sorkuntza zaletasun hutsa baino gehiago zela?

Konturatu nintzenean nire egunerokoaren parte bihurtu zela. Ez zen tarteka egiten nuen zerbait: nire pentsamendua, denbora eta energia hemen zeuden. Orduan ikusi nuen nire lanbidea bihurtu zitekeela. Ez da denbora-pasa bat; nire orduak honi eskaintzen dizkiot, eta nire lana ere ogibide bihurtu da.

Zer izan behar du paisaia edo objektu batek arte bihurtzeko?

Emozioa eduki behar du: oreka bat, kromatismo bat, zentzua. Nire helburua ez da zerbait polit egitea bakarrik; barruak mugitzen dituen zerbait sortu nahi dut. Naturak egindako lana erabiltzen dut, gero nik garatzeko.

Argazkietan inspiratzen zara?

Hasieran, kanpoko inspirazioaren bila ibiltzen nintzen. Orain begia landua daukat, eta, zerbait ikusten dudanean, badakit horrek zer eman dezakeen. Zehaztasuna behar badut, marrazkiak erabiltzen ditut argazkiak baino gehiago, hortik errazago garatzen delako irudia harriekin. Gehienetan, hala ere, kaleko kontuek, eguneroko eszenek eta naturak inspiratzen naute.

Akuarelekin sortutako ilustrazioa. UNAI ETXENAUSIA
Akuarelekin sortutako ilustrazioa. UNAI ETXENAUSIA
Harriak manipulatzen dituzu?

Ez, inondik inora ere ez. Hori da nire lanaren oinarrietako bat. Garbitu eta sailkatu bakarrik egiten ditut. Aurkitu bezala erabiltzea da nire erronka eta nire jolasa.

Zer ematen dizu ilustrazioak harriek ematen ez dizutena, eta alderantziz?

Biak emozioa dira, baina bide desberdinetatik iritsiak. Marrazkiak esperimentazioa ematen dit: kolorea, gardentasuna, mugimendua… aukera asko. Akuarelarekin asko ari naiz orain, teknika zaila bada ere; nire modura erabiltzen dut. Harriek, berriz, muga ematen didate, eta muga horrek askatasuna ere bai: dagoenarekin sortu behar duzu.

Bi teknikak ere nahasten dituzu askotan.

Asko gustatzen zait nahastea: marrazkia badut, harriak gehitzen ditut. Gauza berriak probatzen nabil beti, baina ezinezkoa da bi pieza berdin egitea, errepikaezinak dira.

Nola erreakzionatzen du jendeak zure lanak ikusten dituenean?

Denetarik dago. Batzuk liluratzen dira; beste batzuek harriak bakarrik ikusten dituzte. Denek ez dute sentsibilitate bera, eta hori normala da. Baina nire lana etxera eramaten dutenek pieza bakarra eramaten dute, naturan ez baitago bi gauza berdin.

Harritxoak eta marrazketa uztartzen dituen teknika. UNAI ETXENAUSIA
Harritxoak eta marrazketa uztartzen dituen teknika. UNAI ETXENAUSIA
Eta zuk zer aurkitu duzu zeure buruari buruz bide honetan?

Beti izan dut sentsibilitatea barruan, baina ez nintzen ausartzen. Orain bihotz-bihotzez egiten dut, eta oso pozik nago.

Nola kudeatzen dituzu sormen blokeoak?

Oso lasai. Momentu batean ateratzen ez bada, ez da ezer gertatzen. Honek ez du presarik. Egia esan, ez dut sormen blokeorik izaten; badakit inspirazioa itzuliko dela.

Zer aholku emango zenioke zuk hartu zenuen erabakia hartzera ausartzen ez den norbaiti?

Ausartu! Nahi duena egin dezala, horrek ematen du zoriontasuna. Pasioz egin behar dira gauzak. Artisauak garrantzitsuak gara mundu artifizial honetan, eta hori defendatu egin behar dugu.

lotsabako

Erreferente artistikoak?
Asko, baina bi esatekotan, Hilma af Klint eta Yayoi Kusama.

Obra bat?
Asko gustatzen zaizkit Joana Vasconcelosen lanak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.