Papergintzako ingeniari teknikoa

Marino Aiala: «Artisauaren ukitu pertsonala galdu da, lehen bakoitzak bere erara egiten baitzuen papera»

Papera aztertu, bildu eta sortu du Aialak. Paper lantegietan urte luzez lanean aritu ondoren erretiratu da, eta orain dibulgazio lanetan dabil: «Hitzaldiak ematen ditut paperaren historia zabaltzeko eta kontatzeko».

Marino Aiala papergintzako ingeniari teknikoa, Tolosan. ANDONI CANELLADA / FOKU
Marino Aiala papergintzako ingeniari teknikoa, Tolosan. ANDONI CANELLADA / FOKU
itsaso jauregi 2
Tolosa
2026ko urtarrilaren 4a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Papera lanbide eta zaletasun du Marino Aiala papergintzako ingeniari teknikoak (Ekora, Araba, 1956). Tolosako (Gipuzkoa) paper eskolan ikasketak egin ondoren, Bartzelonako zenbait enpresatan lan egin du papergintzako teknikari gisa. Orain, erretiratu ondoren, papera egiten jarraitzen du, baina eskuz. Filigranes aldizkariaren zuzendaria ere bada. Hainbat paper lantegitan egin dituen bisitetatik oroitzapen ederrak eta filigrana bilduma zabala gordetzen ditu: paperean egindako marka gardena da filigrana, fabrikatzeko garaian egiten dena. Gipuzkoako Artxibo Orokorrean arratsalde luzeak eman ditu Aialak, Tolosan, bertan egin baitzuen hemeroteka lana, Victor Placencia ikerlariarekin batera, La Navarra papelera del siglo XIX. Un caso singular (XIX. mendeko Nafarroa papergilea. Kasu berezi bat) liburua idazteko.

Zergatik erabaki zenuen papergintzan aritzea?

Txikitan, Itsasondora joan ginen bizitzera. Aitak niri ikasketak ordaintzeko aukera izan zuen, eta, Tolosako paper eskola izen onekoa zenez, berehala hasi nintzen han ikasten. Bi graduak egin nituen: bat papergintzako teknikariaren gradua zen, bi urtekoa, eta, amaitu nuenean, ingeniaritza teknikoko gradua egin nuen, hiru urtekoa. Aukera profesional asko ematen zituen, Tolosan paper fabrika asko zeuden eta.

Nolakoa izan zen Tolosako paper eskolan ikastea?

Tolosan ospe eta garrantzi handia du paperaren munduak. Hemengo ekonomiaren parte da: papera arnasa bezala zen jendearentzat. Tailerrak zeuden, mantentze lanak, paper industria bat edukitzeak dakarren guztia, hain zuzen ere. Paperaren mundu bat sortu zen Tolosan.

Mundu horretan lana aurkitu zenuen berehala?

Ez. Garai hartan zaila zen lana aurkitzea, fabrikak asko automatizatzen ari zirelako, eta, beraz, eskuz egiten ziren gauza asko automatizatu ziren. Horrek lan asko desagertzea eragin zuen. Adibidez, lehen, emakume langileen gela bat zegoen, eta eskuekin orriak oso azkar zenbatzen zituzten; hatz bakoitza bost orriren baliokidea zen. Baina makina batzuk sartu ziren fabriketan, orriak are azkarrago kontatzen zituztenak, eta jende hori guztia desagertu egin zen. Paper industria teknologia berriekin modernizatzen ari zen garai hartan, eta batez ere langileei eragiten zien.

«Tolosan ospe eta garrantzi handia du paperaren munduak. Hemengo ekonomiaren parte da: papera arnasa bezala zen jendearentzat»

Prozesua automatizatu baino lehen, nola sortzen zen papera fabrikan? Eskuz?

Eskuzko prozesua zen erabat. Paperaren gramajea aukeratu behar zenuen: hori da metro koadroko paperaren pisua edo dentsitatea adierazten duen neurria. Bobinatik atera, orri bat hartu, laborategira eraman eta, gero, txostena egin: ordu erdi behar da hori egiteko, gutxienez. Orain, orria ateratzen den heinean, eskaner bat dago, dena neurtzen eta kalkulatzen duena. Lehen, laborategi batean hiru langile inguru zeuden, prozesuaren aldagaiak eta paperaren ezaugarriak aztertzen. Orduan maisu bakoitzak bere trikimailuak zituen. Artisauaren ukitu pertsonala galdu da, lehen bakoitzak bere erara egiten baitzuen papera. Jendeak askoz gehiago zekien paperaz eta bere makinaz; orain, operadoreak dira, orain ez dira paperaren teknikariak. Asko aldatu da.

Zergatik aldatu da?

Kanpotik multinazionalak etortzen hasi zirelako. Lehen, Tolosan familia enpresak zeuden, eta inguruko etxeetan bizi ziren langileak. Baina, multinazionalek egindako presioaren ondorioz, hemengo makinak jada ez ziren errentagarriak, motelagoak zirelako. Makina handiagoak eta azkarragoak ekarri zituzten, eta, poliki-poliki, paper ehuna galduz joan zen.

Nola bizi zenuen aldaketa hura?

Prozesu logikoa da, teknologiak hobetuz doazelako. Fabrikaren eta enpresako patroiaren helburua zera da, tona gehiago ekoiztea, kalitate hobearekin eta azkar, ahalik eta langile kontsumo txikiena izanda; izan ere, beste fabrikekin lehiatu behar dute. Papergileek beti egon behar izan dute adi, azken asmakizunen zain, eta korrika gehiago egin behar izan dute azkarrago fabrikatzeko. Papergilea beti pentsatzen ari da, egunez eta gauez.

Egunez, gauez, baita erretiroan ere. Oraindik ere papera duzu buruan?

Bai. Ikasketaz papergilea naiz, nire lana papera egitea izan da, eta nire zaletasunak papergilearenak dira. Kezkagarria da. Paperak harrapatu egiten zaitu: nire mundua da. Lanean ari zarenean, oso azkar bizi zara, eta esaten duzu: «Denbora dudanean, paperarekin esperimentatu nahiko nuke». Erretiroa hartu nuenean, argi neukan papera eskuz sortu nahi nuela. Paperaren munduan aldagai asko kontuan hartu behar dira, hala nola faktore fisikoak, kimikoak, instrumentazioa, alor mekanikoak eta lehengaiak. Probak egin behar dituzu etengabe.

Nolakoa da papera eskuz sortzeko prozesua?

Sare moduko bat duen marko bat hartu behar dugu. Sare hori zuntz esekiduran murgiltzen da, urarekin eta zuntzarekin egindako materialean. Horrela orria sortzen da, eta, pixkanaka, nahasketa horrek sobran dagoen ura askatuko du. Gero feltro batera transferitu behar da, prentsatu eta gero lehortzen jarri, arropa lehortzen ariko bagina bezala. Eta, azkenik, lisatu egiten da orria.

«Ikasketaz papergilea naiz, nire lana papera egitea izan da, eta nire zaletasunak papergilearenak dira. Kezkagarria da»

Orri bat esku artean duzunean, igartzen diozu kalitateari?

Bai. Esku artean dudan papera 80 gramoko idazketa paper normala da. Begiz propietate batzuk hautematen ditut: zimurtsuagoa den edo ez detektatzen da. Egun osoa paper bera egiten ari bazara, berehala nabaritzen duzu desberdintasuna. Baina ez da gauza bera inprimatzeko eta idazteko paper bat egin, edo erretzeko paper bat egin, edo aldizkarietarako paper bat egin. Ez dago paper onik, ez txarrik: emango zaion erabilerarako paper egokia dago.

Zeintzuk dira egunkariko paperaren ezaugarriak, adibidez?

Teknikoki paper merkea da, ezaugarri hauek izan behar dituelako: erraz, ondo eta azkar inprimatzea, goizeko ordu txikietan inprimatu behar baita, laster kioskoan egon dadin. Ezin duzu itxaron tinta lehortu arte. Egunkariko paperak ezaugarri jakin batzuk izan behar ditu: iraunaldi baliagarria egun erdikoa da. Beraz, zertarako gastatuko duzu zelulosazko lehengaia paper ona egiteko, egunkariaren iraunaldia oso laburra bada? Kontuan izan behar da zer-nolako ibilbidea izango duen inprimatzen den horrek. Ez da kalitate txarreko papera; egunkariak behar duen papera da.

Filigranes aldizkariaren zuzendaria zara. Zein da argitalpen horren helburu nagusia?

Hamabost urte daramatzagu Filigranes aldizkaria egiten. Urtean behin argitaratzen dugu; kolaboratzaileek testuak bidaltzen dituzte. Paperaren historiako hainbat puntu bildu nahi genituen, paperak izan duen ibilbidea gehiago ezagut zedin. Eta paperean egin nahi genuen. Jende guztiak galdetzen dit: «Zergatik ez duzue Interneten egiten?». Erantzuna sinplea da: ez dudalako nahi. Paperaz eta haren historiaz hitz egiten bada, logikoena paperean argitaratzea da.

Digitalizazioa paperaren mehatxu gisa ikusten duzu?

Hori beste lasterketa bat da. CDa iritsi zenean, denek bota zituzten euren biniloak, eta bazirudien betiko izango zela, baina orain berriz modan daude. Agian 30 urte beharko dira sistema bat ezartzen denetik jendeak ezagutu ez duen zerbaiten nostalgia izan arte. Papera makal dabil osasunez, baina harria bezain sendo. Papera kontsumitu ala ez, paper hori non egingo den, hori da arazo nagusia, lantegiak ixten ari baitira. Ziur aski, ez dugu gertu izango jendeak papera egiten jakingo duen lantegirik. Bartzelonan, esate baterako, fabrika ospetsu bat zegoen egunean 200 tona paper ekoizten zituena, eta itxi egin dute. Oso kezkagarria da.

Dibulgazioa erabiltzen duzu arazo horri aurre egiteko?

Bai. Hitzaldiak ematen ditut paperaren historia zabaltzeko eta kontatzeko. Ikastetxe askotara joaten naiz, eta solasaldi interaktiboak egiten ditut, bestela umeek arreta galtzen dute eta. Zuraz, lehengaiez eta birziklatzeaz aritzen gara, haurrek jakin behar baitute folio bat hartzen duten bakoitzean zuhaitz zati bat hartzen ari direla. Jakin behar dute papera hortik sortzen dela eta nola egiten den, gal ez dadin. Gainera, ez dute imajinatzen prozesua, eta, orri bat egiten irakasten diedanean, atentzioa ematen die. Berehala eskatzen didate: «Orri bat egin al dezaket?». Eskuak bustitzen eta esperimentatzen utzi behar zaie.

«Ez dago paper onik, ez txarrik: emango zaion erabilerarako paper egokia dago»

Memoria historikoa zabaltzeko ariketa izan da Victor Placenciarekin batera idatzi duzun liburua argitaratzea?

Bai. Nafarroako bi paper fabrikaren historia zabaltzeaz gain, ekarpena egin nahi diegu paperaren historiari eta Nafarroako paper ondare industrialaren kontserbazioari. Izan ere, orain fabriken hondarrak ikusten dituen jendeak badaki zer zegoen lehen; badakite paper fabrika batzuk zirela bertan. Paisaia hori beste bat da; bere testuinguruan jarri dugu.

Zure zaletasunen artean, filigrana bilduma egitea dago. Zenbat dituzu?

Uste dut 4.000 filigrana baino gehiago ditudala, baina jada ez ditut zenbatzen.

Noiz hasi zinen filigranak biltzen?

Papergilea nintzenean, batzuetan paper arraroak edo bereziak iristen zitzaizkidan. Karpeta batean gordetzen nituen, eta bilduma handituz joan zen, eta ikusi nuen filigrana bilduma polita nuela. Nire lanbidearen ondorioz, paper fabrika askotara joaten nintzen, eta oso orri politak hartzen nituen.

Ba al duzu zuretzat esanahi berezia duen filigranarik?

Denak. Niretzat, filigrana bakoitza oroitzapen bat da. Oroigarri bat da nork eman zidan, edo zer egoeratan lortu nuen esaten didana. Hagako [Herbehereak] liburutegi nazionaleko filigrana bat dut, adibidez, abelburu ederra duena. Daukadan zaharrena 1400. urtekoa da, gutxi gorabehera. Mende askotako filigranen mapa daukat.

«Datu base oso sendo bat dago, filigrana batzuk erregistratuta dauzkana, eta aurkitu duzun orria noiz sortu zen jakin dezakezu»

Filigranei esker, orri bat non eta noiz sortu zuten jakin daiteke, ezta?

Bai. Paperaren jatorria filigranei esker marraztu dezakezu. Datu base oso sendo bat dago, filigrana batzuk erregistratuta dauzkana, eta aurkitu duzun orria noiz sortu zen jakin dezakezu. 

Filigranen funtzioa aldatu da gaur egun?

Bai. Orain ia ez da erabiltzen. Diruan erabiltzen jarraitzen da, paperezko diruan, zehazki. Notario dokumentuetarako ere erabiltzen da. Baina idazketa paperean orain ez da hainbeste erabiltzen. Garai batean, derrigorrezkoa zen fabrikatzailearen izena edo fabrikaren lekua edo hura identifikatzen zuen zeinu bat eramatea: papera nondik zetorren jakiteko. Horrek erakusten du zein garrantzitsua izan zen papera, eta hura kontrolatzeak indar handia ematen zizula: egileek euren sinadura uzten zuten orrian, markatuta.

Paperaren funtzioa ere aldatu da?

Gizateriak historian zehar bere pentsamendua biltzeko izan dituen euskarriak kobazuloak, hormak, oholtxoak, harria eta metala izan dira. Gero, euskarri klasikoak iritsi ziren: pergaminoa eta papiroa. Paperak bidea ireki behar izan zuen bi euskarri horien artean. Pergaminoa azala da, eta animalia asko hil behar dira horretarako; papera merkeagoa zen. Pentsa zer esan nahi zuen garai hartan paperaren sorkuntzari buruz jakiteak, nahiz eta pribilegiatu gutxi batzuek baino ezin zuten paperean idatzi. Paperak bi euskarri horiek ordezkatu zituen, gizateriaren pentsamendua jasotzeko euskarri nagusi gisa. Baina bide luzea egin behar izan zuen, eta orain beste era batera egin beharko du bidea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.