Astelehenean inauguratuko dute GOE Gastronomy Open Ecosystem, eta Donostiako 23 gizarte taldek eta auzo elkartek protesta egiteko elkarretaratzera deitu dute egun horretarako, 18:00etan, Manteon, GOEren eraikin berriko atarian. «Ozen adierazi nahi dugu operazio urbanistiko horrek ekarri duen espoliazioa eta Donostian sustatzen ari den hiri eredua errefusatzen dugula», adierazi dute deitzaileek. Tartean dira, besteak beste, LAB, Steilas, IU-PC, EAEko Podemos, SOS Manteo, Manteo Bizirik elkartea, Kaleratzeak Stop, Satorralaia, BizilagunEkin, Donostia Palestina, Eguzki talde ekologista, Ekologistak Martxan eta Haritzalde. «Ez dugu nahi eta ez dugu behar! Basque Speculinary Center: espoliazioa!» irakur zitekeen GOEko atarian jarri duten pankartan.
Basque Culinary Centerren egoitza berriaren kostua «150 milioi euro ingurukoa» izan dela salatu dute protestaren deitzaileek, «24 milioi euroko finantzaketa publikoa tartean». «Ondare eta baliabide publikoen kontura egindako espoliazioa» izatea kritikatu dute: «Espoliazio horren ondorioz, gainera, Gros auzoaren inguruan gelditzen zen eremu berde handi bakarra, 13.000 metro koadroko lursail eta zuhaiztia, galdu egin da». Asteleheneko elkarretaratzearen deitzaileek salatu dute BCC fundazioa, «espoliazio horren onuraduna, zenbait sukaldari aberats ezagunek eta enpresa babeslek osatutako lobby handi bat» bihurtu dela, «beren negozio gastronomiko pribatu eta esklusiboetarako aurretiazko salmentak eta finantzaketa publikoa lortzeko».
Donostiako udal gobernuak auzokide batzuen mobilizazioei erakutsi dien «mespretxua» ere deitoratu dute gaur goizean. «Herritarren parte hartzearen zantzu oro ezabatu dute, eta modu erabat inposatzailean eta bizilagunekin eztabaidatzeari uko eginez ezarri dute egoitza, nahiz eta herritarrek 10.000 sinadura baino gehiago aurkeztu, eta helegite judizialei eta herri galdeteken emaitzei entzungor eginez». Lanak egiteko «azkartasunarekin» ere «harrituta» daude.
«Finean, salatzen dugu herritarren beharrei erantzuten ez dieten hirigintza proiektuak eta operazioak inposatzen ari direla». Era berean, izaera «elitista» gaitzetsi dute: «Zentroak Gros-Ulia auzo osoan etxebizitza nabarmen garestitzea eragingo du, eta, aldi berean, areagotu egingo ditu gure hirian nozitzen ditugun turistifikazioa, hiri espekulazioa, bizimoduaren garestitzea eta gentrifikazio arazoak».
«Palestinako herriaren genozidio betean», are, BCCk «Israelgo hainbat enpresarekin milioika euroren harreman zitala» duela ere salatu dute: «Cardumen Capital inbertsio-funtsarekin duen hitzarmenak eta Kinoko, The Kitchen Foodtech Hub eta Anina Culinary Art enpresekin duen lankidetzak erakusten dute hori».
ATXIKIMENDUAK
Actions for Future.
Altza XXI herri ekimena.
BizilagunEkin (Donostiako desazkunde turistikoaren aldeko plataforma).
Donostia Palestina.
Eguzki talde ekologista.
Ekologistak Martxan.
Groseko Hondarpe auzo elkartea.
Haritzalde.
Herria kultur elkartea.
IU-PC.
IZBE auzo elkartea.
LAB.
Manteo Bizirik elkartea.
Ondare-SS.
Parkea Bizirik.
Parte Zaharrean Bizi.
EAEko Podemos.
Saretxe (Groseko etxebizitza sindikatua).
Satorralaia.
SOS Manteo.
Kaleratzeak Stop.
Steilas.
Uliako auzo elkartea.