Itsasoari lotutako hiztegia erabiltzen du Atlantikaldia jaialdiak urtero bere burua aurkezteko, ezin zen bestela izan izen horrekin: marea biziak, iparrorratzak, artxipelagoak, bitakorak eta zeharkaldiak. Horiek guztiak izan dira inoiz jaialdiak aukeratutako leloak. Aurtengoa Uhinak lelopean egingo dute, gaurtik igandera arte.
 «Itsasoren mugimendutik abiatzen badira ere, uhinek askoz gehiago adierazten dute: soinua, mugimendua, transmisioa eta oihartzuna. Uhin batek abiapuntu bat izan dezake, baina bidean hedatu, beste batzuekin elkartu eta urruneko lekuetara iristen da. Atlantikaldia ere halakoa da: Errenterian sortzen diren eta kanpotik datozen uhinak elkartu, gurutzatu eta berriak sortzen diren topagunea», azaldu dute musika eta kultur jaialdi horren antolatzaileek.
Ohikoa denez, lau gune nagusitan eta herriko beste hainbat txokotan izango dute lekua zenbait hizkuntzak eta ikuspegi artistiko askotako artistek. Agirre Lehendakaria plazan egongo da agertoki nagusia: Itsasargia. Hurbileko emanaldiak hartzeko eszenatokia: Herriko Plaza. Arte urbanoari eskainitakoa, Panier orubean: Kalekaia. Jarduera parte-hartzaileetarako eta gastronomiarako gune gisa, Foru plazakoa: Herrixka. Jatorri, estilo eta sentsibilitate anitzetako proposamenak izango dira, musikaren inguruan ardaztuak gehienak; baina kontzertuetatik harago, kaleko jarduerak, bisita gidatuak, tailerrak, gastronomia eta topaketak ere bai.
Musikarien topaketak
Itsas Elkarrizketak esaten diete Atlantikaldian: jaialdiari nortasuna eta zentzua ematen dioten elkarrizketa bereziak izaten dira. Proposamen eta jatorri ezberdinak dituzten artistak elkartzen dituzte Itsasargiko oholtza nagusian, jaialdirako propio sortutako topaketetan. Emaitza bitxiak eta aberasgarriak gertatzen dira urtero. Aurtengo adibide batzuk: La Mossa eta Besaide, Les Freres Smith eta Lide Hernando, Baiuca eta Oreka TX, Selma Uamusse eta Enekora, eta Macaco eta Sune. Guztiak elkarlanean.
Herriko beste txoko guztietan ere izango dira kontzertuak eta emanaldiak. Herriko Plazan: Nhil, Mon Dvy, Argentinatik Euskal Herrira Folkean, Del Val, Carla Delgado eta Taghufi. Herrixkan: The Soulanders, Triporters eta Txorinho. Kalekaian: Azkura, Zaunka, Sedientos de Cumbia, Mamba System, Mr. Luken, Vazkez eta Siwanaba.
Eta dena ez da musika. Herri Arte Eskolak Bretainiarekin eginiko lotura artistikoa eta kulturala eramango du Atlantikaldira. Bisita gidatuak egongo dira, arraun surfa egiteko aukera, An(h)iztunak Giza Liburutegia, eta Sukaldian kulturarteko sukaldaritza tailerra. Egitarau guztia atlantikaldia.errenteria.eus helbidean kontsulta daiteke.
Antolatzaileek jaialdiaren «izaera kolektiboa eta komunitarioa» nabarmendu dute: «Atzean dagoen komunitate osoa. Herriko eta inguruko eragileen inplikazioak ematen dio jaialdiari bere benetako izaera. Haiei esker bihurtzen da Errenteria musika, kultura eta hizkuntza artistikoen topagune».