Gasteizko jaiak

Aurretik eztanda egin duen suziria

Zeledon jaitsi baino segundo batzuk lehenago eman diete hasiera jaiei Gasteizko gaztetxean. Adin guztietako jendea bildu da txupinazo alternatiboa ikusteko.

Gasteizko gaztetxean suziria piztu duten unea. IÑIGO URIZ / FOKU
Gasteizko gaztetxean suziria piztu duten unea. IÑIGO URIZ / FOKU
Gasteiz
2025eko abuztuaren 4a
20:55
Entzun 00:00:0000:00:00

Gaztetxeko txupinazoa izan baino ordubete lehenago, dozena bat kidek gaztetxea zabaldu dute, eta lanean jarri dira aurtengo azken prestaketetan. 17:00etan jarri dituzte martxan txandak, eta ateak itxi dituzte etortzekoa zen kaosaren aurretik. Kideak gora eta behera aritu dira eraikinari azken ukituak ematen: DJaren nahasketa mahaia prest uzten, barra prestatzen, eta suziria nondik jaurtiko erabakitzen.

Gasteizko jaiak. Gaztetxea

Urtero legez, Gasteizko gaztetxeak jaientzako eredu alternatibo baten alde egin du aurten ere. Gazteak dira egitasmo horien antolatzaileak, baina adin guztietako jendea biltzen da urtero bertako giroaz gozatzera. Aurten, lehen egunerako bi barra eta lau DJ izango dituzte gaztetxean: DJ Raibon, C Sar, Santa Klaux eta Papatrauma. 

17:45ean jaurti dute probako suziria. Orduan zabaldu dituzte gaztetxeko ateak, eta, DJ Raibonek jarritako lehen kantuekin batera, gaztetxera sartzen hasi da jendea. Gasteizko jaiak hastear zirela, txupinazoa gaztetxetik ikustera joan eta segidan hasi da jendea dantzan. Lorea Guzman izan da iritsi diren lehengoetako bat; urtero joaten da bertako giro onaz disfrutatzera. «Desberdina da; izan ere, beste gune bat eman behar diegu Gasteizko jaiei, bestelako eskaintza kulturalak», adierazi du Guzmanek. 

Minutu batzuk lehenago gora eta behera ibili diren horietariko bat izan da Markel Oleaga gaztetxeko kidea, eta adierazi du «giro ona izatea, eraso sexistarik ez egotea, errespetuz jokatzea eta mundu guztiak ongi pasatzea» izango dela aurtengo jaietarako helburua. «Plazara jaurtiko dugu suziria», esan du gazte batek, txantxetan. Urduritasuna nabari da giroan, jendea suziriaren hotsa entzuteko irrikan baitago. Txupinazoa nondik egingo ote den erabakitzeak berandutu egin du suziria jaurtitzeko ordua. Normalean, ofiziala baino bost minutu lehenago jaurtitzen dute.

Azkenean, arratsaldeko seiak iritsi dira, eta suziri ofiziala piztu baino segundo batzuk lehenago egin dute eztanda Igor Betolazak jaurti dituen bi suziriek. Horren bidez, eta «Gasteizko jai libre» batzuen alde oihukatuz, gaztetxeak hasiera eman die aurtengo jaiei: beste urteetan ez bezala, teilatutik bota dute aurten suziria.  Betolaza «konforme» gelditu da aurtengo jaien hasierarekin: «Beste urteekin alderatuta, ondo antolatu gara aurtengo txupinazorako». 

Txupinazoa jaurti ondoren, DJ Raibonek jarritako Rivers of Babylon kantuaren doinuarekin batera betetzen hasi da gaztetxea adin guztietako gazte, guraso eta umeekin. Jendea sartzearekin batera, musikaren soinua igotzen hasi da, eta jai giroan sartu dira Gasteizko gaztetxean. Hurrengo egunetan ere hainbat musika ikuskizun antolatu dituzte Gasteizko muinoan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.