Azala da artearen mamia

Euskarriak ematen dituen aukeren erakusgarri dira paper gaineko artearen Bilboko azokako hirurogeitik gora erakusmahaietan bildutako artelanak. Depresioa, jasangarritasuna eta errotzea jaso daitezke paperean.

Paper gaineko artearen Bilboko azoka, herenegun, Euskalduna jauregian. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Paper gaineko artearen Bilboko azoka, herenegun, Euskalduna jauregian. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
amaia igartua aristondo
Bilbo
2026ko azaroaren 28a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Depresioak testura pikortsua dauka, eta erraz aldatzen du taxuz: nahikoa da begiratzen zaion lekutik apur bat mugitzea. Artelanaren aurrean ezarritako zirkulu gorriaren gainean kokatuz gero, Ihes-puntua piezaren xaflek bat egin, eta osorik erakusten dute irudia: aurkian, neurona mordo baten eta haien arteko loturen artean, beste kolore batekin nabarmendu du artistak huts egindako konexio bat; ifrentzuan, begi formako nebulosa koloretsu bat ageri da. June Ortiz egileak perspektibarekin jokatu du gaitzak eragiten dituen bi aldarteak irudikatzeko: alde batean, iluntasuna; atzekoan, argitasuna eta poztasuna. Zurarekin ondu du obraren oinarria, eta silikonaz irudikatu ditu neuronen arteko konexioak; papera erabili du, ordea, zelulei gorputza emateko, baita ukitu latz eta irregular bat ere. Bilboko FIG Paper gaineko Grabatuen eta Artearen Nazioarteko Azokan, material hori ez baita euskarri hutsa: artelanen mamia da.

«Paperak oso erliebe eta testura interesgarriak eragiten ditu, eta gainean pintatzean berez sortzen ziren lortu nahi nituen bolumenak, argia eta zulotxoak», zehaztu du Ortizek. Azokara batu diren 60 artista eta galeria baino gehiagoren txokoetan, askotariko ñabardurak hartu ditu paperak: koadro batzuetan, agerikoak dira margoaren hezetasunak mihisean eragin dituen olatu formako tolesturak, collage teknikarekin sakonagoak dirudite pieza lauek, eta zimurrak baliabide artistiko bilakatu dira. Igandera arte ikusi ahalko dira denak, Bilboko Euskalduna jauregian.

June Ortizen Ihes-puntua artelanaren aldeetako bat. BERRIA
June Ortizen Ihes-puntua artelanaren aldeetako bat. BERRIA

Hiriko Lumbreras galeriaren erakustokia kolorez blaitu dute Usoa Fullaondoren lanek. Begoña Lumbreras galeristak esplikatu duenez, urtero artista bat aukeratu eta haren lagin bat eramaten dute azokara, eta Fullaondoren barne paisaiaren alde egin dute oraingoan. Kolorezko arkatzez taxutuak dira obra gehienak, eta patroi batzuk errepikatu egiten dira mihise batetik bestera. Figura geometriko trinkoagoak kurbez jositako irudiekin uztartzen ditu sarritan: pitxerrak ageri dira, apainorraziak ere bai, eta zati batzuek oihalezkoak dirudite paperezkoak baino gehiago, artistaren trazuek haien ehundura imitatzen baitute.

«Orain dela urte batzuk, margo zurruna baztertu, eta koloretako arkatzekin pintatzen hasi zen», kontatu du Lumbrerasek. «Irudimena aurkitu zuen, eta kontatzeko askatasuna». Udaz izenburua eman diote erakusketa txiki horri, «aire freskoa» iradokitzeko, galeristaren esanetan.

Kakorratzezko DNA

Koloreak gainezka egiten du, halaber, Joana Vasconcelos Portugalgo artistaren obretan. Errotulkiekin ondutakoetan, forma abstraktuek mihisea erabat betetzen dute, eta oinarri horren gainean detaile gehiago gainjarri ditu artistak: luma arrosa eta urdinak eta ilustrazio bukolikoak dituzten tira zatiak, besteak beste, geruza festa bat erdietsita. Serigrafietan garbiagoak dira trazuak, eta ugariagoak zuriuneak. «Normalean, eskultura egiten du, eta hau da bere paper gaineko lanen lehen erakusketa», esan du Antonio Pratesek, bere izena duen Lisboako galeriako buruak. Eta, hala ere, marrazketa ez da salbuespen bat Vasconcelosen jardunean, egunero pintatzen baitu, eta teknika hori erabiltzen baitu bere obra handiak zirriborratzeko, Pratesek ziurtatu duenez.

Joana Vasconcelosen pare bat artelan. BERRIA
Joana Vasconcelosen pare bat artelan. BERRIA

Portugalgo kulturan oinarritzen dira Vasconcelosen obrak, oro har; aldiz, euskal kulturako elementu adierazgarri bat da Març Rabalen lanen muina: frontoia. Hautagai ezin hobea Bilboko azoka batera ekartzeko, Ferran Josa Bartzelonako Pigment Galleryko arduradunak nabarmendu duenez. Collagea erabiltzen du Rabalek ere, eta libretetako orriak gainjarrita moldatzen du bere lanen hondoa; tapekin eta erregela zaharrekin lortzen ditu frontoia osatzeko txatal berde eta marroixkak.

Unai Mateo argazkilari bilbotarraren lana erakusten ari da Madrilgo Artquake Gallery. Daniel Ortiz galeristak nabarmendu du irudiek «egunerokotasunaren edertasuna aldarrikatzen» dutela, ez baitira «inpostatuak», baizik eta inprobisatuak. Etxea dute agertoki Mateoren irudiek, eta, hain justu, argazkilariaren trebeziak, enkoadraketen aukeraketak eta argiak kutsu artistikoa eransten diete elementu hutsalei: zimurrez jositako mahai zapi zuri batek ia osorik betetzen du argazkietako bat, baina izkina batean, ia oharkabean, sukaldeko trapu bat zintzilik duen aulki bat ageri da; beste irudi batean, lurrundutako leiho bat da protagonista nagusia. «Urte batzuk egin zituen Londresen bizitzen, eta argazkiek etxea erakusten dute eremu seguru gisa, Londres bezalako hiri hain handi eta zurrunbilotsu batera egokitu behar izan eta gero. Azkenik, leku batera egokitzeak ematen duen lasaitasuna islatzen dute argazkiek», xehatu du Ortizek.

Març Rabalen frontoiak. BERRIA
Març Rabalen frontoiak. BERRIA

Argentinako 1/1 Caja de Arte galeriaren erakustokian, gaitza da argazki bat bezain laua den piezaren bat topatzea: Bilbora ekarri dituzten hamabost artisten lanek askotariko bolumenekin, testurekin eta teknikekin esperimentatzen dute. «Kolorimetria da ipini diegun baldintza bakarra», egin du ñabardura Carmen Gañadas galeristak. «Erakuslekuan lau kolore gailentzen dira: beltza, zuria, zilarra eta urrea». Hortik aurrera, bakoitzaren irudimenak ezarri du bidea, papera osagai izanda, betiere. Jimena Llorentek opariak biltzeko erabiltzen den haria kakorratzarekin landu, eta DNAren parpaila egitura duen pieza bat osatu du. Llorentek pintura lantzen du batez ere, «baina orain dela urtebetetik hona, lorategi deritzen forma horiek sortzen ari da bere pintzelak garbitzeko erabiltzen dituen zapiak josiz». Animalia iletsu baten azal zatiak dirudite hondakinez egindako eskultura horiek.

Algekin ekoitzitako papera

Nieves Morianoren formatu handiko artelan batek Casablancako (Maroko) Bassma Art Galleryren txokoaren ia erdia betetzen du. Emakume talde bat erretratatu du ikatz ziriz, akuarela gris batek baino ez apaindutako hondo baten gainean. Figurak detailez josita dauden arren, ikatz ziriaren berezko lausotasun apurrak, zuri-beltzak eta emakumeen jantziek argazki zaharraren tankera ematen diote lanari. «Marrazkilari oso ona da», balioetsi du Khalid el Bekay galeristak. «Agerikoa da irudiaren freskotasuna. Marrazkia baztertua dugun honetan, Morianok berreskuratu eta indartu egin du. Ez da erraza artista bat arriskatu dadin azoka batean halako marrazki handi bat aurkeztera».

Nieves Morianoren formatu handiko marrazkia. BERRIA
Nieves Morianoren formatu handiko marrazkia. BERRIA

Bere lanak ere ekarri ditu El Bekayk Bilbora. Bi liburu dira, bat Afrikari buruzkoa, eta bestea Zetaren Bidearen ingurukoa: azken horretan paper trinkoagoa eta euskarri fin-fina uztartu ditu, ibilbide baten bilakaera adierazi gurako balu legez, eta marrazkiz eta arabiar kaligrafiaz josi ditu orriak. «Nire lana Txinan hasi eta Mendebaldean bukatzen da, Zetaren Bidea bezala».

Haren lanen ondoan daude Veronica Arellanorenak. Itsasotik jaso dituen plastikoekin ontzen du bere euskarria Arellanok, eta lurreko landareetatik edo alga inbaditzaileetatik lortutako zelulosa erabiltzen du aglutinatzaile modura. «Obraren inguruan dudan asmoaren arabera paper mota bat egiten dut: segun olioarekin pintatuko dudan, arkatzarekin, grabatu bat egingo dudan... Testura interesatzen zait, obraren azala da eta». Liburuak ez ezik, bere koadroak ere badaude azokan, eta horietako sorta batera hurbildu da paperaren ekoizpen prozesuari buruzko xehetasunak emateko. Besteak beste, formatu txikiko pieza batean ipini du arreta: andre bat da, koltxoneta batean atseden hartzen. «Algetatik ateratako aglutinatzailea gardenagoa da, eta amalgamatzeko sekulako ahalmena dauka; beraz, askoz plastiko gehiago gehitu diezaioket». Hain zuzen ere, emakumearen inguruko eremua, urari dagokiona, pintatu gabe dago, plastiko pikor mordoaren jatorrizko tonu urdin, zuri eta berdeek ematen diote-eta kolorea. Azala da-eta artearen mamia.

Veronica Arellanoren artelan bat; euskarria plastiko zatiz eta alga zelulosaz ekoitzia da. BERRIA
Veronica Arellanoren artelan bat; euskarria plastiko zatiz eta alga zelulosaz ekoitzia da. BERRIA
Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA