Aukeratu nahi dituzun buletinak. Beti aurkituko duzu zerbait interesgarria irakurtzeko eta informatuta egoteko.
Jarraitu:
Bizigiro
Azalaren azpiko mamia
Mantalak eta BERRIAk Mamia sariak banatu dituzte aurreneko aldiz. Basque Culinary Centerren egindako ekitaldian, emakumezkoek euskal gastronomiari egindako ekarpena aitortu, eta hainbaten jarduna saritu dute.
Mamitzen dira hitzak, eta ekintzak. Azal denak ez dira azalekoak, baina ez dute denek mami bera izaten. Euskal gastronomiarena bada azal eder eta distiratsu bat, mamirik gabe zantarra eta itzalia litzatekeena. Eta mamiari egin diote gorazarre Mamia jardunaldietan. Azaleratze ariketa bat da Mantalak eta BERRIAk egin dutena. Azalaren azpiko mamia atera dute mahaira: funtsa, muina, barruan dagoena. Beste modu batera esanda: emakumezkoek gastronomia horri guztiari egindako ekarpena, haien lana, jakintza eta begiramena. Beste modu batera emanda: Mamia sariak.
Bost sari, unibertso handi eta aberats baten lagin bikain gisa. Nagore Etxebarriaurtenek jaso du lurraldearekiko konpromisoa saritzen duena, familiako Garcia de Olano upategian egindako lanarengatik. Marije Insaustik jaso du ibilbide oparoari emandakoa, Iztueta baserriko esnekien arduradun eta arima izateagatik. Maider Larrañagak jaso du komunikazioari emandako saria, Arteaga landetxean ardoa komunikatzen egindako lanarengatik. Taldean jaso dute Hika jatetxeko aretoko langileek, baserria, sukaldea, aretoa eta mahaikideak ehuntzeko egiten duten ahaleginarengatik. Beatriz Pascualek jaso du azkena, Almazen Salinas jatetxean lurraldearekin lotutako egiten duen sukaldaritzarengatik. Eta emakumez inguratuta jaso dituzte sariak, haien txaloz eta goresmenez babestuta. Horixe baitzen Mamia jardunaldiaren helburua: emakumeen ahotsak jartzea euskal gastronomiaren erdigunean.
Sari banaketara joandako gonbidatuak. ANDONI CANELLADA / FOKU
Eta argazkietan ateratzen ez diren horiek agertu dira argazkietan. Harrera, diosala, mokadu eta musika artean. Emakumezkoek emakumeei eskainitako askarian. Ainara Abasolok Irrika Gluten Freerako egindakoak izan dira gozoak eta ogia: «Irrikaz ekarri ditut». Maite Retolazarena Oiharte sagardotegian ontzen duen sagardoa: «Markesaren sagardoa ekarri dut, ahoan sartu eta kosk egitekoa». Paula Ostolazarena Gañeta txakolindegiko txakolina: «Mimoz zaindutako mahastiak dira gureak». Ziortza Lopezena Soloitza gaztandegiko gazta: «Gazta freskoa eta urdina ekarri ditut. Behien esnearekin eginak dira». Lidia Olaizolarena Kaia Kaipeko atuna. «Niri erakutsi zidaten moduan egin dut, eta gustatuko litzaidake ondorengoek ere ikastea». Produktuak, eta atzeko istorioak.
Ikusten ez den mamia
Sara Cozar aritu da aurkezle lanetan, eta Joxemari Aizega BCCko zuzendariak egin die harrera gonbidatuei. Mantalaren sorrerari buruz aritu da, gastronomiari eman beharreko ikuspegi ezberdinez, eta nola bihurtu den ildo nagusi bat emakumeen lana ikusaraztea: «Badagoelako hor mami bat, esentzia bat normalean ikusten ez dena, baina gauzak gertarazten dituena».
Amagoia Mujika BERRIAko zuzendariak kazetaritza eta sukaldaritza izan ditu hizpide: «Fruiturik gozoenak ez du beti azal ederra, baina azal ederrenak ondu gabeko mamia gorde dezake. Biek dute garrantzia, mahaian bezala baita kazetaritzan ere. Kazetaritzan hizkuntzak hartzen ditu hamaika forma. Hitzak elkartuz, elkarrekin mugimenduan egosten dira, mimoz eta tentuz. Sukaldaritzan ere elikagai gazi-gozoenak nahasten dituzue, egosten. Mimoz eta tentuz». Emakumeek azalberritzen eta eguneratzen dituzten tradizioei buruz aritu da Mujika, eta BERRIAn guztiek leku bat dutela esan: «Gure jardunaren parte garrantzitsua da ezkutuan dagoena agerian uztea, horri bere balioa ematea, aldarrikatzea. Eta pil-pilean jarri nahi zaituztegu, gizarteari erakutsi nola kozinatzen duzuen lurrarekiko errespetutik, amen eta amonen jakintzatik, eta zientziatik, berrikuntzatik». Eta segitu du kazetaritza eta sukaldaritza alderatuz: «Biek jaten eta edaten dute sorkuntzatik, biek elikatzen gaituzte, mundu honetan egoteko toki bat eman. Eguneroko ogia dira, ogi mamitsua. Eta gastronomiaren esparru guztietan emakumeek egiten duzuena eskertzeko eta aitortzeko bidea egin nahi dute hitzok, azalez, mamiz eta bihotzez».
Isabel Jaurena BERRIAko kazetari eta feminismo saileko burua Euskal Herrian barnako sukalde, baratze eta baserrietako «itzaletan» egotera behartu zituzten emakumeez gogoratu da: «Atzenduen artean atzenduenak, ikusezinen artean ikusezinenak. Sinetsarazi zieten beren lana eremu pribatuan mantendu behar zela, eta gizonei zegokiela espazio publikoa, baita aitortza oro ere». Baina hori guztia sinetsi ez zutenekin ere oroitu da: «Eta eskerrak. Gure amatxi, amona eta amama haietako anitzek gizonen neurrira eraikitako sistema irauli nahi zuten. Bazekiten bidea ez zela erraza izanen, baina aitzinerat egin zuten». Hori dela eta, Jaurenak eskatu zuen itzaletan egotera behartu zituzten emakume haiek hasitako bidea ez dadila eten: «Sistema iraultzen segitzeko eskatzen dizuet».
Imanol Zubelzu Mantalako arduraduna eta Ainara Lasa BERRIAko marketin arduraduna aritu dira sariak banatzen, Amaia Barredo Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen eta Nekazaritza sailburuarekin batera. Eta familia argazkia atera dute amaieran. Eta argazkian agertzen ez diren horiek agertu dira argazkian.
Â
NAGORE ETXEBARRIARTEUN
Arabako Errioxako Garcia de Olano upategiko administrazioaz eta esportazioez arduratzen da Nagore Etxebarriarteun. Familiako upategia da Garcia de Olano, eta Guardiako eta Paganosko lurretan ondutako ardoak mundu osoko merkatu berrietara iritsi dira haren jardunari esker —1990ean, 30.000 botila ekoizten zituzten urtean; gaur egun, 200.000—. ABRA Arabako Errioxako Upategien Elkarteko kide eta ahots esanguratsua ere bada Etxebarriarteun. «Lurraldearekiko konpromisoagatik» eman diote saria: «Arabako Errioxako ardogintzan lidergoa, profesionalizazioa eta proiekzioa uztartzeko egindako ibilbideagatik».
Â
MARIJE INSAUSTI
Lazkaoko Iztueta baserriari (Gipuzkoa) estuki lotutako ibilbidea da Marije Insaustirena: han jaio zen, eta han egin du bere bidea. Iztueta esnekien arduradun eta arima da, eta euren proiektua laburbiltzen duen esaldi famatu hari lotua egon da: «1925etik, esnetan bizi gara». Belaunaldiz belaunaldi jakintza horri eutsi diolako eman diote saria: «Tradizioa berrikuntzarekin uztartzen jakin du: artisautzako produktuak zainduz, produktu berriak sortuz eta bisita gidatuen bidez baserria herritarrengana gerturatuz». Emakumeek baserrian izandako funtsezko lekua gogorarazteagatik ere saritu dute: «Zutabe eta euskarri, isilean, baina ezinbesteko».
Â
MAIDER LARRAÑAGA
Arrasateko (Gipuzkoa) Arteaga landetxe eta jatetxeko sommelierra eta ostalaria da Maider Larrañaga. Ardoaren komunikazioan eta gizarteratzean egindako lanarengatik saritu dute, ardoaren inguruko guztian egiten baitu lan; ez baita ardoa zerbitzatzera bakarrik dedikatzen: «Kontatu egiten du, gerturatu egiten du, eta botila baten atzean dauden pertsonak, paisaiak eta erabakiak mahaikidearengana eramaten ditu». Ardoa «publiko zabalagoarengana» hurbiltzen duelako egin diote aitortza: «Mundu hori gertukoago eta errazago egiten lagundu du, jakintzaz, pasioz eta naturaltasunez».
Â
HIKAKO ARETOKO KIDEAK
Aretoko lana ere bada saritzekoa jatetxe batean. Villabona-Amasako Otelarre auzoan (Gipuzkoa) bada talde bat ehuntze lan horretan bikain aritzen dena, Hika upategiko jatetxean. Baserria, sukaldea, aretoa eta mahaikideak proiektu beraren parte direla sentiarazten dute, eta horregatik saritu dituzte Ana, Mila, Arantxa, Elba, Naroa eta Montse. «Haien lana ez da zerbitzu hutsa. Baserrian hasten den istorioa mahaikidearengana eramaten dute. Produktuaren jatorria, atzean dagoen lana, etxearen filosofia eta sukaldaritzaren zentzua gerturatzen dituzte». Langileak proiektuaren parte bihurtzeko Hikak egindako lana ere goratu dute.
Â
BEATRIZ PASCUAL
Gesaltza Añanan (Araba) bada biltegi zaharberritu bat jatetxe eder bihurtua: Almazen Salinas. Beatriz Pascual da hango arima, landa eremuan ere sukaldaritza bikaina egin daitekeela erakusten duena egunero. Eta horregatik saritu dute: «Proiektu propio baten bidez gastronomia lurraldearekin lotzen duelako». Horixe baita sariaren gaia: lurraldeari lotutako sukaldaritza, alegia. «Haren lanak erakusten du euskal gastronomia ez dela hirigune handietan bakarrik gertatzen. Herri txikietan, paisaian, tokiko produktuekin, eguneroko harremanen bidez ere egiten da». Arabako lurraldeari «beste begirada bat» eman diola nabarmendu dute.