Entzierroa hasteko ordu erdi baino gehiago falta dela, Pamplonesa musika bandak azken eguneko dianen ibilbidea amaitu du Burgoen plazan. Gaupasa egin dutenak eta goiz esnatutakoak elkartu dira bertan, eta Tafallako Pilindrosen jota dantzatuz agurtu dituzte musikari mozorrotuak. Txaloka amaitu dute guztiek.
Santiago plazako hesietan jendea elkartzen ari dira, azken entzierroa handik ikusteko. Lasterkariak, berriz, euren erritualak prestatzen dabiltza, eta, bat-batean, oihuak eta irainak entzuten dira. Bultzaka kanporatu dute hesietatik ile berdeko estatubatuarra, jaietan hain ezagun egin dena. Lehen kantua abestu ostean, lasterkari saldoak Estafetarantz jo du. Asko dira. Besteak prest daude jada, saltoka, urduri.
Lehertu da azken suziria. Jauziak ugaritu dira. Apurka, urduritasuna handituz doa, eta behetik datozenen erritmoa bizituz. Burrunba ere ozendu da. Apatx hotsa entzuten da kale kantoian. Lurrera bortizki erori direnen artean larru beltz batzuk eta adarrak antzematen dira ziztu bizian. Jandilla ganadutegiko zezenak dira. Azken entzierroa begi kliska batean igaro da, eta adardunen usain sarkorra baino ez da geratu San Domingoko aldapan.
Bi adarkatu
Aurrekoak bezala, oso azkarra izan da Iruñeko sanferminetako azken entzierroa. Jandilla ganadutegiak 25 urtez parte hartu du sanferminetan, eta 33 adarkatu izan dira haren parte hartzeetan. Etxe horretako zezenek arriskua ekarri ohi dute, eta gaurkoan ere, antzera. Entzierroetako asko oso antzekoak izanagatik, inoiz ez dago antzematerik zer jokabide izango duten zezenek, eta Jandillarenek emozioa piztu eta arriskua sortu dute oraingoan. Bi adarkatu izan dira.
Bi minutu eta 25 segundo behar izan dituzte ibilbidea osatzeko. Ukuiluetatik atera, joaldunen babesean gora egin, eta aldapa erditik aurrera zezen beltz bat jarri da taldearen buru; segidan, beste bat jarri zaio parean. Udaletxe plazara iritsita, lasterketaren inertziaz, zezenetako batek eskuinaldeko hesirantz jo du, eta hainbat lasterkari bulkatu. Burua bortizki mugitu du; norbaiti gorputza ukitu izan balio, benetan arriskutsua izango zen.
Zezenek erori gabe hartu dute bihurgunea, baina joaldunek, bidea ezaguna dutenez gero, aurrea hartu dute, eta berriro lasterketa gidatu. Taldea sakabanatu egin da zati horretan. Horri esker eta gaurkoan jende gutxiago zegoela eta, korrikalariek aukera gehiago izan dute zezenen aurrean lasterketa egiteko. Dena den, Estafeta erdirantz ailegatuta, zezenak batu egin dira berriz, eta tarteak, beraz, desagertu.
Xabier karrika igarota, taldea ixten zuen zezen gaztainkarak estropezu egin du beste lasterkari batzuekin, eta arriskua sortu da orduan ere. Aurtengo sanferminetan ez da zezen bakar bat ere bakarrik geratu. Zarabanda izeneko zezena izan zitekeen salbuespena, baina altxatu eta aurrera egin du besteen arrastoari segika.
Aurrera egin du entzierroak, eta zezen plazara iritsita, zezen beltzetako batek albora jotzeko imintzioa egin du, baina, azkenik, ukuilura joan da, gainerako taldekideekin batera.
Hamar lasterkari ospitaleratu dituzte. Bi adarkatu daude tartean. Udaletxe plazan, zezen batek izterrean adarkatu du lasterkari bat, eta Telefonica parean beste bat; hark bularraldean du zauria. Bi adarkatuak egonkor daude.