Bermeoko Alkartasuna dantza taldeko kidea

Gaizka San Pedro Altonaga: «Azterketa batera legez joaten gara dantzariok Bilbora»

Mende erdia bete du aurten Bermeoko Alkartasuna dantza taldeak, eta ospakizunez betetako urtea izan dute. Ostegunean izango dira Bilboko Aste Nagusian dantzan, eta, Plaza Barriko lanen ondorioz, Gas plazan izango da saioa.

Gaizka San Pedro dantzaria. BERMEOKO ALKARTASUNA DANTZA TALDEAK UTZITAKOA
Gaizka San Pedro dantzaria. BERMEOKO ALKARTASUNA DANTZA TALDEAK UTZITAKOA
Inigo Astiz
Bilbo
2026ko abuztuaren 25a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Mende erdia bete du aurten Bermeoko (Bizkaia) Alkartasuna dantza taldeak. Lehen-lehen urratsetatik hasita izan da haren parte Gaizka San Pedro Altonaga (Bermeo, Bizkaia, 1960), eta, onartu duenez, urte berezia da aurtengoa. Bizkaiko Dantzari Eguna antolatu zuten maiatzean, taldearen ibilbidea omentzeko emanaldi berezia antolatu zuten uztailaren 11n, eta, horrez gainera, Bermeoko Nazioarteko Folklore jaialdia ere antolatu dute herriko festetan. Ostegunean egingo dute emanaldia, Bilboko Aste Nagusian. Urtero izaten dira bertan, ostegunetan, eta «plaza berezia» izan ohi dela aitortu du San Pedrok. Eta kokapenak bereziago egingo du aurtengoa. Plaza Barriko lanen ondorioz Gas plazan egingo baitira festetako dantzaldiak.

Ospakizun urtea antolatzeko lanek utzi dizuete tarterik ospakizunerako?

Orain artean bost urtetik bost urtera egin ditugu gure ospakizunak eta ekitaldi bereziak, eta aurtengoan, 50 urte beteta, berezia izan da. Dena eman dugu. Uztaileko ekitaldia oso polita izan zen, eta hunkigarria ere bai, ze omenaldi asko bere izan ziren, eta hori izan da urte guztiko ekitaldirik inportanteena guretzat. Horrez gainera, urrian ospakizun asteburu berezia egingo dugu kalerik kale irtenda, bazkariarekin eta erromeriarekin. Orain arte dena izan delako lana, lana, lana eta lana, baina hor bai, hori jaia izango da. Merezita daukagu.

«Aurten dena da euforia, jendea prest baitago denerako, eta pozik; beldurra da ea datorren urtean zer gertatuko den»

Osasunez nola ikusten duzu taldea gaur egun?

Aurten dena da euforia, jendea prest baitago denerako, eta pozik. Taldea ondo dago oraintxe. Beldurra da ea datorren urtean zer gertatuko den.

Bestondoaren beldur zarete, beraz.

Hori da. Ea jendea lasaitu egingo ote den apur bat… Beste talde batzuekaz bere komentatu izan dugu hori: «Bai, 50 politxo, baina kontuz 51gaz». Edonola bere, guk urteroko programa bat ezinbestean egin beharrekoa, eta horregaz segituko dugu.

Eta urteroko programa horretan zer leku du Bilboko Aste Nagusiko dantzaldiak?

Urteak daramatzagu Bilbora joaten, eta guretzat da azterketa bat legez. Bilbo plaza inportantea da, talde asko pasatu dira bertatik, talde askotako jendea egoten da ikusten, eta beldur apur bat izaten diogu horregatik guztiagatik Bilbokoari. Eta aurten, 50 urte bete ditugunez gero, zer edo zer berezitxoagoa egingo dugu.

Zer eskainiko duzue?

Arabako hainbat herritako dantzak biltzen dituen pot-pourri batekin hasiko gara, gero aterako ditugu Luzaideko dantzak eta Axuri beltza, eta, azkenetan, guk Kostako dantzak deitzen dugun bloke bat egingo dugu. Hor Lekeitioko kaxarranka egiten dugu, Pasaiako Bateleraren zortzikoa, eta sardinerak. Gero erromeria txiki bat egiten dugu, jotak eta arin-arinak dantzatuz, eta horregaz ematen diogu amaiera ekitaldiari.

Orain artean beti aritu zarete Plaza Barrian, eta Gas plazan izango dira dantzaldiak aurten. Zer iritzi duzue leku aldaketaz?

Leku zabala da. Dantzan egiteko ondo dago. Baina ez dakigu zenbat jende etorriko den. Plaza Barria, azkenean, erdi-erdian dago, eta hara jende pila joaten da. Publikoak nola erantzungo duen da zalantza. Eta arropak aldatzeko ere leku bila ibili dira Bizkaiko Dantzarien Biltzarrekoak. Plaza Barrian Nafarroako Etxea erabiltzen baitzen horrelakoetarako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA