«Zer egin genezake dantza taldeetara gazte gehiago erakartzeko?». Kartoi mehe handi batean idatzita dagoen esaldia irakurri du gazte batek, eta ideia jasan hasi dira. Dantzari gazteen hirugarren topaketak egiten ari dira asteburuan Seguran (Gipuzkoa) eta inguruko herrietan, eta gaur goizean mingaina ere dantzatu dute, Zerainen. Txokotan jarri dira; haietako batean, hausnartzen aritu dira. Legazpiko (Gipuzkoa) Sustraiak dantza taldeko Amaia Azpeitia gazteak zera ohartarazi du: «Gazteen artean, oro har, konpromiso gutxi dago kulturarekin, eta dantzarekin berdin».
Baina hausnarketa hori serio hartu badute ere, ez dira etsipenean jausi. Proposamen batzuk egin dituzte dantza taldeetara gazteak erakartzeko. «Trukeak egitea. Truke gehiago izatea beste talde batzuekin», esan du Ugaoko (Bizkaia) mutil batek. Gasteizko Jare taldeko batek esan du egun ez dutela trukerik egiten. Beste herri bateko dantzari batek aipatu du txikiek egiten dituztela trukeak, baina gazteek ezetz. Bestalde, dantza taldeetara mutilak erakartzeko arazoak daudela aipatu du Azpeitiak: «Iruditzen zait aurreiritziak daudela mutil dantzarien inguruan. Eta herri batzuetan, erreferenteak falta dira mutil dantzarietan». Ugaon, aldiz, ez dute halako arazorik, mutil batek aipatu duenez. Batetik bestera errealitatea aldatu egiten baita. Ikuskizunen tipologiaz ere aritu dira, eta dantzari gazteetako batek aipatu du ikusgarri batzuk «oso tradiziozkoak» direla eta bestelakoak ere behar direla jendea erakartzeko. «Herriko gazteekin dantza-parranda egitea» proposatu du beste batek.

Hausnartzen jarraitu dute, giro onean. Eta, azkenerako, proposamen hauek utzi dituzte idatziak kartoi mehean: «Kaleetan presentzia handiagoa izatea, kartelak jartzea; ate irekien egunak egitea, eta dantzari bakoitzak lagun bat erakartzea; ekintza erakargarriak egitea, kasurako inauterietan, eta ikuskizun berriak sortzea; eta ikastetxeetan publizitatea zabaltzea».
Metodologia eta prestaketa fisikoa
Hausnarketa txokoan bildu den hurrengo taldeari, galdera hau egokitu zaio: «Zer egin genezake dantza sare sozialetan gero eta hobeto ikus dadin?». Erantzunak, hauek: «Tiktokeko trend bat [boladako eduki bat] sortzea; taldeetako gazteek eskoletan hitzaldiak edo saioak ematea; saioak aire zabalean egitea, edonork parte hartu ahal izateko; argazkiak taldeen artean zabaltzea eta sare sozialetan jartzea».

Talde bat mingaina dantzatzen ari den bitartean, proposamenak egiten, beste bat musika txokoan da: Rosa Mari Iturriozekin txalapartaren ingurukoak ikasten. Metodologia kontuekin dabil beste talde bat, Mikel Diazekin. Aritz Salamanca dantzariarekin, berriz, elizaren atzeko itzalgune batean dira gazteak. Oinetakoak kendu, eta prestaketa fisikoan ari dira. Belar gainean, oinutsik. «Horrelako topaketak garrantzitsuak dira. Harremanak sortzen dira», aipatu du Salamancak. «Prestaketa txokoan, luzaketa eta beroketa batzuk egiten ari gara. Entseguetan eta emanaldietan errutina minimo batzuk ezartzea garrantzitsua da, lesiorik ez izateko. Dantza talde guztietan behar dira halako errutinak». Denak batera jauzi egiten saiatu dira.

Hausnarketako txokoan, beste bi galderari ere erantzun behar izan diete. «Zer ekintza edo ideia berritzaile proposatuko zenuke zure taldearentzat?» eta «Zer egin dezake dantza talde batek dantzari gazteek taldeak ez uzteko?». Idatzita utzi dituzte komunean jarritako ideia nagusiak —atzo iluntzeko dinamiketan ere jardun zuten gai horien inguruan—.
Arratsaldean, berriz, kalejiran ibiliko dira Seguran. Eta desafioa ere izango dute: talde guztiek beren proposamen koreografikoak aurkeztuko dituzte Urtz taldearen musika oinarri hartuta. Biharko bazkari bereziarekin amaituko dute topaketa. Laugarren topaketarako ere izango dituzte proposamenak.
BERRIA gazteen dantza topaketen hedabide babeslea da.