Balentria sumendi artean

Hawaiiko Hezurren kanala igaro berri du Iskander Sagarminagak, Zazpi Itsasoen Erronkako laugarrena. Eider Eibarrekin batera, Kokoak proiektua du abian, igeriketa eta marrazketa uztartuz. Hileon bosgarrena lortu nahi dute: Gibraltarko kanala.

Iskander Sagarminaga eta Eider Eibar, Hawaiitik bueltan, joan den astean, Galdakaon. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Iskander Sagarminaga eta Eider Eibar, Hawaiitik bueltan, joan den astean, Galdakaon. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Mikel Garcia Martikorena.
2026ko ekainaren 17a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Sumendiengatik eta baso tropikalengatik da ezaguna Hawaii (AEB); baita artxipelago hartako urek surfarekin duten lotura estuagatik ere. Baina surfa ez da Ozeano Barearen erdian dauden irla horietan praktikatzen den itsas kirol bakarra.

Geografikoki zuzena ez bada ere, Iskander Sagarminagak eta Eider Eibarrek ekuatorea igaro dute bertan. Zazpi Itsasoen Erronka Marraztua ari dira egiten, eta maiatzaren 6an laugarren etapa gauzatu zuten: Sagarminagak igerian zeharkatu zuen Ka’iwi kanala (Hezurren kanala, hawaiieraz), O'ahutik Molokaira. Horiek horrela, balentria hori egin duen historiako zortzigarren igerilaria da galdakoztarra.

18 ordu eta 53 minutu behar izan zituen 45 kilometroak egiteko. «Oso basatia izan da. Ozeano Barean gertatzen den edozerk du eragina uharteetan —ekaitzek, esaterako—, eta, gainera, ura irlen artean konprimitzen da, eta abiadura hartzen du», azaldu du Sagarminagak. Hori nahikoa ez eta, ohikoa den bidea alde batera utzi eta ibilbidea kontrako noranzkoan egitea erabaki zuen igerilariak; «are gogorragoa» izan zen erronka.

Iskander igerian, Hawaiin. EIDER EIBARREK UTZITA
Sagarminaga, igerian, Hawaiin. EIDER EIBARREK UTZITA

«Korrontea hasieran eta amaieran izan nuen, eta momentu batzuetan orduko zazpi kilometroko abiadura hartu zuen. Gozatu ez dudan lehen aldia izan da. Momentu oro borrokan ibili naiz, buruaren aurkako borrokan», adierazi du Sagarminagak. Igerilariak azaldu duenez, erronka berak egindako noranzkoan egiten hasten direnen artean hamarretik batek soilik amaitzen du.

Baina erronkaren zati bat besterik ez dira Sagarminagaren besakadak. Igerilariaren parean joaten da beti Eibar, koadernoa eta margoak eskuan dituela. Zazpi Itsasoena ez da kirol erronka bat soilik: marrazketa ere badu atzean. Izan ere, Kokoak proiektuko erronka bat da.

«Gozatu ez dudan lehen aldia izan da. Momentu oro borrokan ibili naiz, buruaren aurkako borrokan»

ISKANDER SAGARMINAGA Igerilaria

Eibarrek eta Sagarminagak duela zortzi urte abiatu zuten Kokoak.eus proiektua. Hasieran, marrazkilari batek egiten duen prozesua haurrei erakustea zen helburua. «Nire akatsak, segurtasun falta, zirriborroak... Marraztearen atzean zer zegoen erakutsi nahi genuen», esan du Eibarrek. Eta, denborarekin, Kokoa izeneko izakiak agertzen hasi ziren —horren guztiaren inguruko jakin-mina zuten izakiak dira kokoak—. Gaur egun, Sagarminagaren igeriketa proiektua eta marrazketa sorkuntza uztartzen dituzte; bidaietan topatzen dutena marrazten du Eibarrek. Horren harira, bidaia bakoitzean kokoa berriak sortzen dituzte.

«Irudimena lantzearen eta marraztearen apologia argi bat dago proiektuaren atzean», esan du Eibarrek, Kokoa proiektuaren helburu nagusia zein den argituz. Are, umeei begirako proiektu bat dela azpimarratu du: «Hartu-eman bat dago haurrekin. Zuzeneko saioak egiten ditugu ikastetxeetan, gure abenturak eta kokoen bilaketa azaltzeko. Gero, haurrek proiektuarekin jarraitzen dute, eta topatutako kokoak bidaltzen dizkigute».

Kokoak.eus webgunea etengabe elikatzen dute Sagarminagak eta Eibarrek, beren abenturen bideoak eta marrazkiak argitaratuta. Besteak beste, tokian tokiko janaria, kultura eta hizkuntza erakusten dituzte bideoetan. «Euskara-hawaiiera hiztegitxo bat lantzen ari gara, esaterako», gaineratu du Sagarminagak. Eta horren guztiaren erdigunean kokoak daude; izan ere, Eibarren marrazkietatik ateratako izaki horiek dira munduko beste kulturak ezagutzeko «aitzakia». «Kokoek harreman zuzena dute dauden lekuko kulturarekin. Munduko beste kulturen inguruko kontuak era jostagarri eta erraz batean ikasteko tresna bat dira kokoak», azaldu du Eibarrek.

«Munduko beste kulturen inguruko kontuak era jostagarri eta erraz batean ikasteko tresna bat dira kokoak»

EIDER EIBAR Marrazkilaria

Momentuz, arrakasta izaten ari dira: Sagarminagaren azken igerialdiak 100.000 ikustaldi izan zituen. Izan ere, igerialdiaren eta kokoen inguruko materiala argitaratzeaz gain, zeharkaldia bera zuzenean eman zuten webgunean.

Arrakasta, gainera, ez da soilik Euskal Herrira mugatzen. Eibarren marrazkiek ez daukate mugarik, eta sorlekuetan ere miresten dituzte: «Koa gerlari batek Hawaiin egin nituen marrazkiak eskatu zizkidan irletako haurrei eman ahal izateko, ikastetxeetan solasaldiak ematen baititu».

Afrikara salto

Hawaiikoa gainditu ostean, zazpi zeharkaldietatik lau marraztu ditu bikoteak: Ka’iwi kanala, Ipar kanala, Mantxako kanala eta Katalino kanala. Gelditzeko astirik gabe, hurrengo etapan dute jada arreta: Gibraltarko itsasartea. Europan eta Amerikan aritu ostean, Afrikara salto egiteko garaia heldu zaiei kokoei; haien bila joango dira Eibar eta Sagarminaga. Ekainaren 28an joango dira Tarifara (Espainia), eta hilaren 29an edo 30ean saiatuko da Sagarminaga zeharkaldia egiten.

Aurreratu dutenez, hurrengo abenturak zerikusia izango du Euskal Herritik Cadizera (Espainia) marinelek egiten zituzten bidaiekin: «Hara joaten ziren itsasoaren inguruan ikastera». Baina une hori ez da izango kokoak bilatzeko aukera bakarra. Eibarrek esan duenez, berbere eta tuareg kulturekin ere harremana izan nahiko lukete.

Igerialdiari dagokionez, Tarifa eta Point Cires (Maroko) banatzen dituen hamabost kilometroko bidea egin beharko du Sagarminagak. Aurreikuspenen arabera, «lauzpabost orduan» egin beharko luke. Hurrengo abenturak ezberdintasun bat izango du aurrekoekin alderatuta: zeharkaldia ez du bakarrik egingo, beste hiru igerilarirekin baizik.

Eider Eibarrek Hawaiin egindako marrazki bat. EIDER EIBAR
Eider Eibarrek Hawaiin egindako marrazki bat. EIDER EIBAR

Horrek ez du esan nahi Zazpi Itsasoetako Erronkaren ezaugarriak aldatuko dituenik: neoprenorik gabe, betaurrekoekin soilik eta teknologiarik gabe egin beharko du igeri. Eta Atlantikoa Ozeano Barea ez den arren, arrisku batzuk izango ditu: «Korronteak eta orkak, bereziki».

Gibraltarko zeharkaldia gutxietsi ez duen arren, eta erronkak izan ditzakeen zailtasunen jakitun, «zailenak» orain arte egindako igerialdiak izan direla esan du Sagarminagak. Izan ere, orain arteko bidea ez da erraza izan, momentu «oso latzak» bizi izan baititu; Mantxako kanalean, esaterako. Baina, galdakoztarra ez da edozein igerilari; hala aitortu izan diote, behintzat, harekin joan izan diren kapitain gehienek. «Iskanderrek curriculum ona du, eta kapitainek badakite egoera gogorretan ere gai dela igeri egiteko. Horregatik izan gara gai honaino heltzeko. Beste batzuei, itsasoaren egoera ez bada ona, ez diete baimenik ematen uretara sartzeko», argitu du Eibarrek.

Proiektuaren aurkezpena gaur

Espainia hegoaldera abiatu aurretik, Ozeano Barean egindakoa plazara ekarriko du bikoteak gaur, Galdakaoko Basoa tabernan, 20:30ean. Hawaiin pilatutako materiala aurkeztuko dute. Aurreratu dutenez, oraindik sareratu ez dituzten bi bideo argitaratuko dituzte, eta bertaratzen direnen galderak erantzuteko prest egongo dira: «Kalean goazela beti gelditzen gaitu nork edo nork, Hawaiiko abenturaren inguruan galdetzeko». Gaur patxada ederrean galdetzeko aukera izango dute hala nahi duten guztiek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA