Sara Azurza
Ekografiak

Barrearen atzean

2026ko azaroaren 10a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Millennial belaunaldikoek eta Z belaunaldiaren hasieran jaiotako askok badugu zerbait komunean: noizbait Friends telesaileko pertsonaietako bat izatearekin fantaseatu dugu, eta denok egin dugu txalo hasierako abestiaren erritmora. So no one told you life was gonna be this way… Baietz?

Tamalez, duela hiru urte, Matthew Perry, gure Chandler maitea, joan egin zen, eta hutsune txiki bat utzi zigun bihotzean. Orain, Netflixek haren oroimenezko dokumental eder bezain gogorra ekarri digu: The One About Matthew Perry.

Mary Robertsonek zuzendutako hiru ataleko dokumentalak aktorearen bizitza eta ibilbidea berreskuratzen ditu, senide eta lagunen testigantzen bidez. Ez ditu ezkutatzen Perryk urte luzez mendekotasunekin izandako arazoak, ezta horiek eragindako sufrimendua ere. Aktoreak berak 2022an argitaratutako memorietan kontatu zuen bere bizitzako alderdirik ilunena, bere umore bereziari uko egin gabe.

Baina dokumentalak ongi erakusten du Perryren bizitza ez zela bere mendekotasunetara bakarrik mugatzen. Azken urteetan, haren inguruko albisteek sufrimenduan jarri zuten arreta, eta ia ahaztu zitzaigun zenbat barre eragin zigun. Dokumentalak, ordea, gertukoen oroitzapenen bidez, ezagutzen genuen Chandlerren atzean zegoen Matthew erakusten digu.

Eta horrek badu zerbait hunkigarria. Izan ere, pantailako pertsonaiekin harreman bereziak sortzen ditugu. Ez ditugu benetan ezagutzen, baina gure bizitzaren parte bihurtzen dira. Chandlerrek urte luzez egin zigun konpainia, eta haren ironia, segurtasunik eza eta txantxa amaigabeak gure oroitzapenetan geratu dira.

Dokumentala ez da beti erraza ikusteko, eta badu omenaldiaren berezko samurtasuna. Batzuetan, nostalgiak kritikotasunari lekua kentzen diola ere esan liteke, baina eskertzekoa da Perryren bizitza tragedia hutsera ez mugatzea. Haren talentua, umorea eta ingurukoengan utzitako arrastoa gogorarazten dizkigu. Horixe da, nire ustez, dokumentalaren lorpenik handiena. Matthew Perry gogoratzean tristura ez izatea sentitzen dugun gauza bakarra.

Chandlerrek barre eginarazi zigun, eta Perryren istorioak gogorarazten digu barre gehien eragiten dutenek ere min handia eraman dezaketela barruan. Oraingoan, biak agurtzeko aukera dugu. Baina, zorionez, haien arrastoa ez da agurrarekin desagertuko.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA