Baserriaren aterpean saretzea

Igartubeiti baserri museoak 25 urte bete ditu, eta modu kolektiboan ospatu dute urteurrena. Garozko meta bat eraiki dute, eta zumezko sagar bat ehundu, 50 lagun ingururen artean.

Iñaki Alberdi eta Jorge Aranburu, garo meta eraikitzen. ANDONI CANELLADA / FOKU
Iñaki Alberdi eta Jorge Aranburu, garo meta eraikitzen. ANDONI CANELLADA / FOKU
ane insausti barandiaran
Ezkio
2026ko irailaren 26a
19:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Txorimaloak ohiko alkandora eta praka bakeroak ditu soinean, betiko hurritzez, ezpelez eta baratzeaz inguratuta dago, baina arratsalde mugitua datorkion susmoa hartu du. 50 bat lagun joan dira Ezkioko Igartubeiti baserri museora (Gipuzkoa): basaranak biltzen hasi dira batzuk, eta XV. mendeko baserri zaharberrituari begira jarri dira besteak. Igartubeitik 25 urte bete ditu, eta urteurreneko festa egin dute, museoaren kanpoaldean.

Kizkitza Ugarteburu Igartubeitiko koordinatzaileak egin die harrera, eta ondoan ditu museoko langile eta gaurko ekintzetan parte hartuko duten artisauak. Eskerrak eman dizkie denei etortzeagatik: «Herritarrekin eta 25 urte hauetan bidelagun izan ditugun kolaboratzaile eta lankideekin ospatu nahi dugu urteurrena. Pozgarria da honaino iritsi izana, eta espero dugu beste horrenbeste denboran jarraitzea».

«Zumezko sagar horrek adierazi nahi du sare bat eraiki dugula 25 urte hauetan, denon artean»

KIZKITZA UGARTEBURU Igartubeitiko koordinatzailea

Zuhatza prest dago baserriaren aurrean, eta Jorge Aranburu eta Iñaki Alberdi elkarlanean hasi dira garozko meta eraikitzen: lehenak sardearekin pasatzen dio garoa, eta bigarrena hura eraikiz gorantz doa, eskuarearen laguntzaz. Izan ere, galdutako lanbidea da metena, belarra kontserbatzeko erabiltzen baitziren, aziendak negu osoan janaria izan zezan. Orain, ordea, plastikozko boletan kontserbatu ohi da belarra. «Hemen bertan kristoren belar meta pila egiten ziren, baina handiak, e? Poliki-poliki joan behar da, eta behetik zabalera hartzen hasi. Ikusiko dugu nolakoa ateratzen den!», kontatu du Alberdik.  

Hain justu ere, museoaren helburuetako bat da baserrietako lanbideak eta bizimodua ezagutaraztea, Ugarteburuk gogoratu duenez: «Jendeak ikasi eta ezagutu dezan garai horretan nola bizi ziren, eta nondik gatozen. Lanbideak berreskuratzen edo horiei balioa ematen saiatu gara, gaur egunera egokituz». Horren erakusgarri da museoko interpretazio zentroa ere: ekintza ugari antolatzen dituzte urte osoan, euskal baserrien historia ezagutarazteko.

Sagarra, sinbolo

Metaren parean, sagar baten egitura dago, zumez ehuntzen hasita, baina hutsune ugari ditu oraindik. Apirilean hasi zen Itziar de la Granja artisaua Ezkio-Itsasoko eskolan zumea nondik datorren eta nola lantzen den irakasten, eta, habia teknika erabiliz, gaur ikusgai dagoen sagar erraldoia ehuntzen hasi ziren herriko haurrak. «Gaur asmoa da egitura hori eraikitzen jarraitzea denen artean, eta sagar hori Sagardo Astearen hasieran aurkeztea. Sagar horrek adierazi nahi du sare bat eraiki dugula 25 urte hauetan eta denei esker lortu dugula gure proiektuak aurrera eramatea», esan du Ugarteburuk.

Bisitariak zumezko sagarra egiten. ANDONI CANELLADA / FOKU
Bisitariak zumezko sagarra egiten. ANDONI CANELLADA / FOKU

«Begira zer goian dagoen! Erori egingo da!», esan diote bi haurrek elkarri, Alberdiri begira. Garoak gora egin ahala, meta estutuz doa, eta tarteka zanpatu egiten du, sendo gelditu dadin. «Nola jaitsiko den badakizue?», hasi dira bisitariak galdetzen, urduri. Ohartzerako, baina, Alberdik txorimaloa agurtu du metaren gailurretik, eta, metari estalkia eta lau egur zati zintzilikatu ondoren, metalezko eskailerara egin du salto, bertatik jaisteko. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA